Iranek eten egingo ditu EBrekin dituen harreman diplomatikoak

Bruselak beste urtebetez luzatu ditu Teherango agintari militar eta politikoen aurkako zigor ekonomikoak. Tel Avivek fiskaltzari eskatu dio igandeko erasoaren inguruko filtrazioak ikertzeko

Irango Atzerri ministro Mohammad Javad Zarif. ERRUSIAKO ATZERRI MINISTERIOA / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
EB Europako Batasuneko Atzerri Gaietarako bozeramaile Peter Stanok herenegun adierazi zuen erakundeak Irango Natanz zentral nuklearraren aurkako erasoa «gaitzesten» duela, baina baita Batasunak ez duela neurririk hartuko gertatutakoa argitu arte ere. Hori bakarrik ez, EBk beste urtebetez luzatuko ditu Teherani ezarritako zigor ekonomikoak. Horri erantzunez, Irango Atzerri Ministerioak «bertan behera utziko ditu EBrekin dituen elkarrizketa guztiak, giza eskubideen ingurukoak barne, baita horietatik eratorritako lankidetza mota guztiak ere, bereziki terrorismoaren, legez kanpoko drogen eta errefuxiatuen ingurukoak».

Herrialdeko Atzerri Ministerioko bozeramaile Saeed Khatibzadehren esanetan, zigorrek ez dute «sinesgarritasunik», eta «arrazoi politikoengatik» ezarri dira. Izan ere, haren arabera, Batasuna «isilik» dago AEBek ezarritako «legez kanpoko zigor ankerrek» Irango herritarren giza eskubideetan izan duten eraginaren aurrean. Hala, EBren aurkako neurriak hartzea aztertzen ari da.

Errusiak ere bat egin du kritikekin, eta Sergei Lavrov Atzerri ministroak «onartezintzat» eta «krimentzat» jo ditu zigorrak. Hala, horiek bertan behera utzi eta «elkarrizketaren bidera» itzultzeko eskatu du.

Bruselak, baina, giza eskubideak urratu izana leporatzen dio errepublika islamiarrari, 2019ko azaroan eginiko manifestazioetan parte hartu zuten herritarren aurka erabilitako «indarkeriagatik». Erregaien prezioa igo izanak protestak eragin zituen herrialde osoan, eta 230 lagun hil ziren, Teheranen arabera; 300 inguru, Amnesty Internationalen esanetan.

Halere, EBk Irango herritarrei ezarritako zigorrak ez dira kontu berria. 2011n hasi ziren, eta, ordutik, gora egin du kaltetuen zerrendak. Hala, egun herrialdeko 89 laguni eta lau erakunderi eragiten diete; iaztik, zortzi herritar eta hiru instituzio gehitu dituzte zerrenda beltzera. Horien artean daude Poliziako eta Guardia Iraultzaileko —herrialdeko talde militarrik garrantzitsuena— hainbat buruzagi: besteak beste, Hossein Salami komandanteburua, Hossein Axtari Polizia burua eta Mohammad Pakpour lurreko indar armatuen komandantea. Erakundeei dagokienez, berriz, Evin, Faxufuye eta Payai Xahr espetxeak gehitu dituzte.

Debekatu egin zaie EBren lurretan sartzeko bisak eskatzea, eta aktiboak ibilgetu zaizkie. Horrez gain, Batasuneko estatu kideetako enpresek ezingo dituzte herrialde hartara esportatu «errepresiorako erabil daitezkeen ekipamenduak» eta «telekomunikazioak zelatatzeko tresnak».

Albistea 2015eko akordio nuklearra berritzeko negoziazio mahaira itzultzeko lehen elkarrizketen ostean iritsi da. EBren EEAS kanpo ekintzarako zerbitzua ari da horiek koordinatzen, eta han ordezkatuta daude Errusia, Txina, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemania. Haien helburua Iranek eta AEBek akordio bat adosteko pausoak ematea da, azken horrek mahaira itzultzea erabaki ostean. Washington 2018an irten zen, Donald Trump presidente ohia agintean zela, baina egungo presidente Joe Bidenek negoziazioei berriz ekiteko asmoa adierazi du. Izan ere, hura presidenteorde zela, Barack Obama presidentearen kabineteak adierazi zuen Iranekiko harremana haren kanpo politikako «lehentasun nagusietako bat» zela.

Horiek aurrera egiteko, baina, beharrezkoa da AEBek Irango Gobernuaren aurka ezarritako zigor ekonomikoak ezabatzea, Teheranen arabera. Zentzu horretan, Mohammad Javad Zarif Atzerri ministroa Washingtoni zuzendu zaio, esanez beharrezkoa dela hark uko egitea «terrorismo ekonomikoa» negoziazio tresna gisa erabiltzeari. Zigor horiek bertan behera uztea da, gainera, Teheranek «neurri zuzentzaileak» baztertzeko modu bakarra, Atzerri ministroak esan duenez, eurek eginiko akordio nuklearra hautsi izanari erreferentzia eginez. Halakorik gertatu ezean, neurri horiek «jauzi esanguratsu bat emango dute, azken sabotaje terroristaren ostean».

Igandeko erasoari dagokionez, Etxe Zuriko bozeramaile Jen Psakik adierazi du eurek ez dutela zerikusirik izan, eta gehitu «bide diplomatikoan» zentratuta daudela: «Ez zaigu jakinarazi elkarrizketetara agertzeko planen inguruko aldaketarik». Horiek, beraz, datorren astean jarraitu beharko lukete.

«Gerra krimena»

Zigor ekonomikoak ez dira akordioaren etorkizuna zalantzan jartzen duten bakarrak. Igandean Natanz zentralaren aurka eginiko erasoa «gerra krimen» gisa kalifikatu du Zarifek, eta gaineratu ez dela «zigorgabe» geratuko: «Nahita instalazio nuklear bati eraso egitea, material erradioaktiboa isurtzeko arrisku handiarekin, terrorismo nuklearra da».

Irango Gobernuak uste du Israel dagoela erasoaren atzean. Izan ere, Teheranek argudiatu du Tel Avivek agindu zituela zentral hark 2010ean eta iazko uztailean jasaniko erasoak ere. NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresi bidalitako mezu batean, bozeramaileak gaineratu du Israelek akordio nuklearraren berriztapena eragozteko mehatxua egin zuela, eta orain «harro» ageri dela bide horretan neurriak hartu izanaz. Halere, gehitu du sabotajearen atzean nor dagoen argitzeko «ikerketa lan sakon bat» egiten ari direla, eta ordura arte Iranek ez duela emango «egiletzaren inguruko azken epairik».

Israelgo Gobernuak, susmagarri nagusiak, Avitxai Mandelblit fiskal nagusiari eskatu dio herrialdeko hedabideek Tel Aviven usteko egiletzaren inguruan argitaratutako filtrazioak ikertzeko. Horiek publiko egin dute balitekeela Mossad inteligentzia zerbitzua egotea erasoaren atzean. «Ezin ditugu halako keinuak eta Mendebaldeko iturrien istorioak onartu», azaldu du Benny Gantz jarduneko Defentsa ministroak. Hala, gobernuak ez du erasoaren egiletza onartu, baina Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroak berretsi du Israelek ez duela onartuko «Iranek arma nuklearrak izatea».

Natanz zentralak 100.000 metro karratu ditu, eta Irango programa nuklearreko gunerik garrantzitsuena da. AEBetako inteligentzia zerbitzuak aipatuta, The New York Times egunkariak argitaratu du Teheranek bederatzi hilabete inguru beharko dituela erasoak eragindako kalteak konpontzeko. Izan ere, kolpea uranioa aberasteko zentrifugatzaile berriak martxan jarri ostean iritsi da, eta horiei eragin die nagusiki.

Halere, Abbas Aragtxi Atzerri ministrordeak adierazi du Irango Gobernuak IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari jakinarazi diola erasoaren ostean uranioa %60 aberasten hasi direla. Orain arte, zentrifugatzaileek lehengaia %20 aberasten zuten—lehergai atomiko bat egiteko %90 behar da—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.