ITP Aero Castingeko langileek ez dute txalekoa erantziko

Besarkada estu, barre, poz malko eta une hunkigarriz beteriko goiza izan zen atzokoa ITP Aero Castingek Barakaldon (Bizkaia) duen plantaren kanpoaldean. Enpresak kaleratu nahi zituen 87 langileek elkar ikusten zuten lehen aldia zen EAEko Auzitegi Nagusiak enpresaren erregulazio espedientea indargabetu zuenetik. Euforia zen nagusi txaleko laranja zeramaten lankideen artean, baina ez dute galdu zuhurtzia.
Enpresak jakinarazi du ebazpenari helegitea jarriko diola Espainiako Auzitegi Gorenean, eta berriz onartu behar izan dituen langileak ez direla plantetan sartuko. Gizarte Segurantzan inskribatu ditu, eta soldata ordainduko die, baina ez dute lanik egingo. Egoera ikusita, langile batzordeak bilera eskaera bana egingo die zuzendaritzari eta Jaurlaritzari. Aurrenekoei, «epaia osorik» betetzea eskatzeko; eta bigarrenei, betetzera behartu ditzaten: «ITP Aero taldearen salmenta eta bertan parte hartzeko asmoa bultzatzen ari zareten honetan, ez al diezue eskatuko erantzukizunik?».
Goizeko txandan zeuden ITPko hainbat langile kanpora atera ziren lankideak agurtzera: «Irabazi dugu!», «borrokak merezi izan du» eta «laster zaudete barruan» bezalako agurrak izan ziren nagusi. Poza, baina, haserre bilakatu zen enpresari zuzendu zitzaizkionean. Angel Rodriguez langile batzordeko presidenteak egin zituen bozeramaile lanak: «Zuzendaritzak kaleratzeak egiteko bide orri bat zuen, eta prest zegoen horretarako eskura zituen mekanismo guztiak erabiltzeko». Mekanismo horiek ere izendatu zituen: datuen erabilera interesatua, Ertzaintza erabiltzea, langileen arteko liskarra... «Kaleratzeak nahi dituzte, eta ez zaie axola gizartearen gaitzespen orokorra, ezta EAEko instantzia judizial gorenaren epaia ere».
Zuzendaritzak aurkako hiru ebazpen jaso dituela gogoratu zuen: enplegu erregulaziokoa eta udako aldi baterako erregulazioko biak —helegitea barne—. Batzordeak uste du bere tesiak berretsi dituztela epaileek, eta hiru eskaera zehatz egin zizkioten Carlos Alzola ITPko zuzendari nagusiari. Aurrenekoa epaiak betetzea da, eta «iragarritako helegitean atzera egitea». Batzordeak bere esku dituen baliabide guztiak erabiliko ditu hori lortzeko: «Gure lankideak lanpostuan ez sartzeko erabakia mendeku ekintza da. Hausnarturiko erabaki bat kalteturiko familietan zauriak egiten jarraitzeko».
Zigor Aizpeolea LAB sindikatuko delegatuaren aurkako prozesu penala indargabetzea ere eskatu zuen, eta «lanpostuak defendatzeko protesten» inguruan ireki daitezkeen auzibide guztiak. Aizpeoleak ekainaren 24an joan behar du deklaratzera, greba garaian langileak lanera zeramatzan autobus bati ustez kalteak egiteagatik.
Azken eskaera Iratxe Las Hayas zuzendariaren eta Barakaldoko eta Sestaoko lantegietako buruen «berehalako dimisioa» da. Enpleguaren etorkizunagatik eta ITP Aero Castingsen bideragarritasuna bermatzeko eskatu zuten. Batzordearen ustez, ebazpenek eta langile guztiei eragindako kalteak «bermerik gabe» utzi dute zuzendaritza.
Kritika Jaurlaritzari
Langileen iritziko, dena den, «tamalgarriena» Jaurlaritzaren jarrera izan da. «Entzungor egin dio lanpostuen defentsari eta Segurtasun Saila aktibatzera mugatu da». Alde horretatik, galdera egin diote Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuari: «Epaitegiak kaleratzeak indargabetu dituen honetan, zer gehiago behar duzu ITPn lanpostu guztiak mantentzearen aldeko jarrera izateko?». Azaldu zuenez, 2016-2020 epean enpresak 6,8 milioi euroko diru-laguntza publikoa jaso zituen, eta egun Jaurlaritza Ianean ari da euskal enpresa batek ITP Aero erosi dezan. Azkenik, eskerrak eman zizkieten borrokan lagundu dieten elkarteei, alderdi politikoei eta, bereziki, beste enpresa batzuetako batzordeei.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.