Jerusalem ekialdeko indarkeria handitu egin da, eta Gazaraino hedatu da

Israelgo Poliziak Al-Aqsa meskitan eta inguruan pilatutako ehunka lagun zauritu ditu. Tel Avivek Gaza bonbardatu du, eta hogei lagun hil ditu, Hamasi erantzunez

Israelgo Polizia palestinar bat atxilotzen, Jerusalemgo Meskiten Zabalgunearen inguruan. ABIR SULTAN / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Bereziki odoltsua izan zen atzoko eguna Palestinan. Azken egunetako tentsio pilatuak gainezka egin zuen berriz ere, baina indarkeriak koska bat gora egin zuen, Jerusalem ekialdean hasita, Israelgo Polizia Al-Aqsa meskitaren barrura sartu eta han errezorako elkartutakoen kontra egin baitzuen. Gomazko pilotak, negar gasa eta soinu bonbak jaurti zituen, eta ehunka zauritu eragin. Palestinako Ilargi Gorriaren arabera, gutxienez 215 lagun zauritu zituzten, eta 153 ospitaleratu zituzten. Gainera, horietatik lau egoera larrian daudela jakinarazi zuen osasun zerbitzu horretako bozeramaile batek.

Kaleko liskarrek aireko erasoei eman zieten bide. Goizaldeko gertakariei Gazako Zerrendatik suziriak jaurtiz erantzun zien Hamas erakunde islamikoak, ordu gutxi geroago. Zazpi suziri identifikatu zituztela jakinarazi zuen Israelgo armadak. Erantzun hori argudiotzat erabili zuen ondoren Tel Avivek Gaza bonbardatzeko. Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi zuen gutxienez hogei lagun hil zituztela Israelek jaurtitako lehergaiek, tartean hiru haur.

Ramadanarekin batera hasi ziren lehen istiluak Jerusalemgo Hiri Zaharraren inguruan, apirilaren 14an. Al-Aqsa meskitaren inguruan elkartu dira musulmanak egunotan. Leku sakratua da haientzat Al-Aqsa, eta, otoitz egin ondoren, meskitaren atarian elkartu ohi dira. Israelgo Poliziak galarazi egin izan die, ordea, pandemiaren aurkako neurriak argudiotzat hartuta, eta horrek sumindu egin ditu palestinarrak.

Zenbait egunetan tentsioa zertxobait apaldua izan ostean, asteburuan gainezka egin zuen berriz ere. Ostiraletik larunbaterako gauean 200 lagun zauritu zituen Poliziak Meskiten Zabalgunean, Al-Aqsa meskitaren inguruan, eta atzo goizean ere han izan ziren istiluak. Al-Jazeera hedabidearen arabera, Polizia meskitaren barruan zeudenak kanporatzen ahalegindu zen, baina ez zuen lortu, han zeudenek aurre egin baitzieten. Liskarrak izan ziren eraikinaren barrualdean eta kanpoaldean, eta Jerusalemgo Hiri Zaharreko beste zenbait lekutara ere hedatu ziren; batez ere, Xeikh Jarrah auzora.

Data seinalatua zen atzokoa israeldarrentzat. Jerusalem Eguna ospatzen dute maiatzaren 10ean, eta 1967an hiriaren ekialdeko partea okupatu izana goratzen dute. Tentsio handiko eguna izaten da urtero, eta, atzo, ohi baino beroago hasi eta amaitu ere hala egingo zela espero zen. Izan ere, talde ultraortodoxoek martxa batera deitu zuten arratsalderako. Jerusalemgo Hiri Zaharrerako pasabide nagusia den Damaskoko Atera joateko asmoa zuen martxak, baina Poliziak ibilbidea aldarazi zien deitzaileei, liskarrak eragozteko.

Giroa gori Xeikh Jarrahn

Protestarako arrazoiak ugaritzen ari zaizkie palestinarrei. Izan ere, Xeikh Jarrah auzo arabiarrean etxegabetuak izateko arriskuan daude azken 70 urteetan han bizi izan diren 40 lagun. Israelgo auzitegi batek emana du etxe horiek desjabetzeko agindua, argudiatuta eremu hori juduena zela 1948 aurretik; hots, israeldarrek eremua okupatu eta milaka palestinar bertatik egotzi aurretik.

Erabakia ez gauzatzeko eskatu zion joan den astean NBE Nazio Batuen Erakundeak Israeli, «gerra krimentzat» har daitezkeela argudiatuta. Nazioarteko instituzioaren presioa ez ezik, herritarrena ere gainera etorri zaio Israeli, eta erabakiaren aurkako protesta handiak izan dira. Horrek behin-behinean etxegabetzeak atzeratzera behartu du Israel.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.