Lau gunetan banatuta egingo dute Ibilaldia, eta aurrez izena emanda

Aurtengo Ibilaldia Betiko ikastolak eta Ander Deuna ikastolak antolatu dute. Maiatzaren 30ean egingo dute, Sopelan (Bizkaia)

Atzoko aurkezpen ekitaldia, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Pandemia egoerara egokitutakoa izango da aurtengo Ibilaldia: ez du ibilbiderik izango, ez janari eta edari zerbitzurik, ezta kontzertu erraldoirik ere. Horren ordez, bertaratzen direnek tailerrak eta ikuskizunak izango dituzte aukeran, lau gunetan banatuta. Beste baldintza bat ere ezarri dute: parte hartu ahal izateko, aurrez izena eman beharko da Ibilaldiaren webgunean.

Atzo eman zituzten xehetasun guztiak, Ikastolen Elkarteko ordezkariek Bilbon egin zuten agerraldian. Bizkaiko ikastolen aldeko jaia Betiko ikastolak eta Ander Deuna ikastolak antolatu dute, eta maiatzaren 30ean egingo dute, Sopelan (Bizkaia), Kalakalata! lelopean.

Lau gune izango ditu aurtengo ibilaldiak: Sua deituriko gunea Sopelako Ander Deuna ikastolan egongo da, eta zurezko jokoak eta dantza tailerra eskainiko dituzte bertan, baita Deabru beltzak ikuskizuna ere; Ura gunea Barinetxeko goiko aparkalekuan kokatuko dute, itsasoari begira eskuineko aldean, eta munduko beste herri batzuetako kultura ezagutzeko aukera egongo da bertan, baita ur jolasetan parte hartzekoa ere; Haize gunean, Barinetxeko goiko aparkalekuan, itsasoari begira ezkerreko aldean, kometa eta perkusio tailerrak izango dira, eta Zirku ikuskizuna ere eskainiko dute; eta Lurra gunean, Larrabasterrako Urgitxieta plazan eta inguruan, talo eta tai txi tailerrak eta Gora Kasete ikuskizuna eskainiko dira.

Horretaz gainera, Udaletxe plazan 25 bat postuko azoka jarriko dute. Azokara sartzeko ez da izena eman beharko; bai, ordea, gainerako guneetara joan ahal izateko. Sua deituriko gunean egingo dute hasiera ekitaldia, 9:15ean, eta Ander Deuna eta Betiko ikastolek lekukoa pasatuko diote 2022ko Ibilaldia antolatuko duen Bilboko Abusu ikastolari. Hainbat erronka eta helbururekin egingo dute Ibilaldia: ikastola eredua indartzea; ikastolako komunitatearen eta herriko elkarte eta erakundeen arteko harremanak sakontzea; ikastolen eraikinak berritzea eta egokitzea; eta jaiotzen gutxitzeari aurre egitea, proiektu pedagogikoa ezagutaraziz. Aldi berean, beste zehar lerro batzuk ere landuko dituzte: euskara eta euskal kultura bultzatzea, berdintasuna eta hezkidetza...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.