Al-Assad indartuta atera daiteke NBEren onespenik gabeko bozetatik

Abdullah ministrorde ohia eta Merei oposizioko kidea izango ditu aurkari. Inguruko herrialdeekin harremanak berreskuratzeari ekin dio Siriak. SOC koalizioak «iruzurtzat» jo ditu hauteskundeak

Al-Assaden hautagaitzaren aldeko kartel bat, hauteskunde kanpainan, Damaskon. YOUSSEF BADAWI / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Siriako herritarrak hauteslekuetara joatera deituak daude gaur. Gerra hasi zenetik bigarren aldiz egingo dituzte presidentetzarako bozak, eta, 2014an gertatu bezala, jarduneko presidente eta Baath alderdiko buru Baxar al-Assad da garaipena lortzeko faborito argia. Gatazka armatuaren urte txarrenak atzean utzita, herrialdeak bizi duen krisi ekonomiko larria eta Damaskok nazioartearen aurrean duen zilegitasun falta dira bozak baldintzatuko dituzten faktore nagusiak. Anna Massad kazetariak Damaskotik aztertu du egoera BERRIArekin, eta, haren esanetan, «herritarrek aberriarekiko duten atxikimendua eta atzerriko esku hartzeei aurre egiteko asmoa» adieraztea da bozen helburu nagusia: «Siriak erakutsi nahi du bide orri propio bat duela».

Al-Assadek botoen %88 eskuratuta irabazi zituen 2014ko presidentetzarako hauteskundeak, hautagai batek baino gehiagok aurkezteko aukera izan zuten lehen bozak. Orain, dena aldeko du berriz irabazteko, baina «testuinguru oso ezberdin batean», Massaden esanetan. Duela zazpi urte, gerraren «garairik zailenean» zegoen Siria; urte hartan, 76.268 lagun hil zituzten, Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera. Egun, berriz, Damaskok kontrolatzen du herrialdearen %80 inguru, eta egoera ekonomikoa bihurtu da arazo. Hamar urteko gerrak utzitako hondamendiari siriarrei «sufriarazten» ari den lehorte handi bat gehitu zaio; hark ondorio gogorrak utzi baititu Siriaren baliabide ekonomiko nagusian, gariaren eta garagarraren esportazioan.

Kalteak, ordea, ez dira hor amaitzen. Massaden arabera, Mendebaldeko gobernuek Siriari ezarritako zigor ekonomikoak dira arazo nagusia herrialdea berreraikitzeko prozesuan: «Konponbide politiko bat ematen ari direla diote, baina inork ez die halakorik eskatu. Siriako herriari min egiten ari dira». Horrek guztiak, besteak beste, COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko ia baliabiderik gabe utzi du Damasko.

Gauzak hala, kazetariak argi du Siriak aurrera begira jarri beharra duela: «Hainbeste urte gogorren ostean, egonkortasun eta bake garai bat hasteko beharra du Siriak. Berreraikitzea ez da kalte materialei dagokienez soilik egin behar; pertsonekiko ere egin behar da». Horretarako gaurko bozek garrantzi berezia izan dezaketela nabarmendu du, batez ere Mendebaldeko gobernuak «esnatzeko» balio badute, horiek egoera «beste modu batera» ikusteko: «Siriak ez du subiranotasuna galduko».

Are gehiago, Damaskoren eta inguruko herrialdeen arteko harremanetan aldaketak iritsiko direla uste du, eta Siriak orain arte Ekialde Hurbilean izaniko garrantzia berreskuratzeari ekingo diola. Horretarako, besteak beste, Arabiar Emirerri Batuekin harremanak hobetzeari ekin diola azaldu du Massadek, eta herrialdea Arabiar Ligara itzultzeko aukera gertuago dagoela.

Esperantza

Testuinguru horren jakitun, Al-Assadek, 2000tik presidente denak, «batasun irudi bat» eman nahi izan du kanpainan. «Finean, erakutsi nahi izan du esperantza galtzen duen herriak ezin duela aurrera egin», azaldu du Massadek. Hori hark azken urteetan izaniko jarrerarekin lotuta dagoela uste du kazetariak: «Sendotasuna erakutsi du, eta herritarren babesa jaso du trukean». Izan ere, nabarmendu du Siriako herritarrek jarduneko presidenteaz duten irudia kanpotik ikusten denaren «oso ezberdina» dela. Hala, bere aldeko du, besteak beste, 2011ko matxinadaren ostean eta gerrak iraun bitartean herrialdean geratu izana.

Gatazka garaia herrialdean pasatu dute beste bi hautagaiek ere, 2012ko Konstituzioaren arabera presidentetzara aurkezteko ezinbesteko betebeharra baita aurreko hamar urteetan Sirian bizitzea.Hala, Al-Assadek Batasun Arabiar Sozialista alderdiko Abdullah Sallum Abdullah eta Oposizioko Fronte Demokratikoko Mahmud Ahmed Merei izango ditu aurrez aurre. Lehena Parlamentuko Gaietarako ministrorde izan da Al-Assaden beraren azken gobernuan. Bigarrena, berriz, «estatuarekiko oposizio bakezalearen ikurretako bat» da, Massaden esanetan. Hirurek, gainera, bat egiten dute egungo gako garrantzitsuenetako batean. «Siriaren subiranotasuna errespetatzeko, terrorismoari aurre egiteko eta kanpoko esku sartzeei amaiera emateko beharra adierazi dute», azaldu du kazetariak.

Ikuspegi ezberdinetatik egin dute, baina. Al-Assad eta Abdullah egungo sistemaren defendatzaile dira, eta Mereik, berriz, Efe albiste agentziari eginiko adierazpenetan, herrialde barruko eta atzerriko oposizioaren ordezkaritzat jo du bere burua, eta azaldu gobernuaren eta oposizioaren arteko zubi lana egitea duela helburu; besteak beste, Errusiaren babesa izango lukeen bilera erronda bati hasiera emanda.

Ez dirudi, ordea, horrek etorkizunik izan dezakeenik. Izan ere, atzerrian dauden oposizioko hainbat indar biltzen dituen SOC Siriako Oposizioko Koalizioak adierazi du bozak «iruzur bat» direla, eta ez dutela «balio legal, politiko eta legitimorik». Erakundeko presidente Naser al-Haririk azaldu duenez, hauteskundeek ez dute bat egiten NBE Nazio Batuen Erakundeak Genevan bultzatutako elkarrizketekin. Horiek konstituzio berri bat osatu eta «hauteskunde askeak» egitea dute helburu, baina azken urtean ez da aurrerapausorik eman.

Bide beretik, Erresuma Batuak, Frantziak, AEBek eta NBEk berak nabarmendu dute ez dituztela ontzat joko gaurko bozen emaitzak. Alemaniak eta Turkiak, berriz, botoa ematea galarazi zieten ostegunean herrialde haietan bizi diren siriarrei. «Modu horretan, bozei legitimotasuna kendu nahi izan diete», azaldu du Massadek, gehitzeko hura ez dela «sorpresa bat» izan herritarrentzat: «Turkiak, batez ere, rol zikina jokatu du azken hamar urteetan».

Atzerritik bozkatu ezingo dutenei ipar-mendebaldeko Idlib probintzian eta ipar-ekialdeko eremuetan bizi direnak gehituko zaizkie. Izan ere, liskarrek ez dute etenik lurralde horietan. Idlib Turkiaren babespeko talde jihadistek kontrolatzen dute. Ipar-ekialdea, berriz, milizia kurduen esku dago, eta haiek uko egin diote bozetan parte hartzeari. Gauzak hala, bozkatzera deituta dauden hemezortzi milioi biztanleetatik askok ezingo dute parte hartu. Nola ahala, ordea, parte hartuko du desplazatuen eta errefuxiatuen zati batek, hainbat kanpalekutan gune bereziak prestatu baititu gobernuak. «Arazoak arazo, erabakia herriarena izango da. Haren babesik gabe ezingo da herrialdea aurrera atera», gehitu du Massadek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.