Netanyahu boteretik kentzeko koalizio gobernu bat osatzear dira Israelen

Lapid oposizioburuak bihar arteko epea du proposamen bat aurkezteko. Jarduneko lehen ministroak «traiziotzat» jo du bere bazkide ohien jarrera

Yesh Atid alderdiko buru Yair Lapid, atzo eginiko agerraldian. DEBBIE HILL / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Hamabi urte jarraian —denera, hamabost— daramatza Israelgo lehen ministro karguan Benjamin Netanyahuk, baina baliteke hori amaitzear egotea. Gobernu berri bat eratzeko haren saiakerak huts egitean, Reuven Rivlin presidenteak oposizioko buru Yair Lapidi eman zion mandatu hura, eta hark ustekabeko mintzalagun bat topatu du: Yaminako buru eta Defentsa ministro ohi Naftali Bennett. Netanyahuk «traizio» egitea leporatu dio azken horri.

Eskuin muturreko alderdia Netanyahuren gobernuen zutabeetako bat izan da azken urteetan, oinarri erlijioso eta kontserbadoreak dituzten indarren koalizioaren pean. Orain, baina, Bennettek adierazi du prest dagoela Lapiden Yesh Atid alderdiarekin akordio bat erdiesteko, «batasun gobernu bat» osatzeko asmoz: «Une erabakigarri honetan, ardurak gure gain hartu behar ditugu. Nire esku dagoen guztia egingo dut nire lagun Yair Lapidekin batasun nazionaleko gobernu bat osatzeko». Hori, edo «bosgarren hauteskunde batzuk»: ez du aukera gehiago ikusten Bennettek. Alderdi hark zazpi eserleku ditu parlamentuan, eta balantza alde batera edo bestera mugi dezake.

Azken bi urteetan lau aldiz egin dituzte parlamenturako bozak Israelen, politikariek gobernu bat osatzeko izan duten gaitasun falta zela medio. Martxoko hauteskundeen ostean, Rivlinek Netanyahuren esku utzi zuen beste behin adostasun bat lortzeko lanen ardura. Aurrerapauso falta dela-eta, baina, Lapidi eskatu zion gauza bera, maiatzaren 5ean. Hark bihar arte du presidenteari proposamen bat aurkezteko.

Yesh Atideko buruak ez du lan erraza, baina pauso berri honek asko gerturatu du gobernura iristeko helburura, eta, ondorioz, Netanyahu, aldendu. Jarduneko lehen ministroak eskuineko hautesleen aurkako erabaki bat hartzeaz akusatu du Bennett, eta argudiatu «gobernu ezkertiar bat arriskutsua» izan daitekeela «Israelen segurtasunarentzat eta etorkizunarentzat». «Mendeko iruzurra da», salatu du. Hala, Bennetti eskaintza berri bat egin dio: Netanyahu berarekin eta Itxaropen Berria alderdiko buru Gideon Saarrekin lehen ministro kargua partekatzea, txandakatuz.

Israelgo hedabideen arabera, formula hori aztertzen ari dira Bennett eta Lapid ere. Lehenarentzat izango litzateke lehen ministro postua lehen bi urteetan, eta bestearentzat ondorengo bietan. Halere, ikusteko dago ea gai izango ote diren adostasun bat erdiesteko, eta oposizioko gainerako alderdiek onartuko duten halakorik. Izan ere, Lapidek berak adierazi du «eragozpen asko» daudela gobernua osatzeko, batzen dituen puntu bakarra Netanyahurekiko aurkakotasuna baita.

Bennett eta haren alderdia okupatutako lurralde palestinarrak kolonizatzearen aldekoak dira, eta politika ekonomiko neoliberalak defendatzen dituzte; Meretz eta Alderdi Laborista indar ezkertiarren postulatuetatik urrun, beraz. Gainera, oposizioko koalizioak Zerrenda Batua eta Zerrenda Arabiar Batua alderdi arabiarren botoak ere beharko lituzke gehiengo osora iristeko —61 boto—. Zerrenda Arabiar Batua proposamena aztertzeko prest agertu da, baina Zerrenda Batuko diputatu Aida Tuma-Sliman argi mintzatu da: «Ez dugu Bennettek gidatutako gobernu bat babestuko».

Lapidek ziurtatuak ditu, berriz, Avigdor Liebermanen Yisrael Beiteinu alderdiaren botoak, aurreko astean lortutako akordioa tarteko, eta Itxaropen Berriarekin ere hasi ditu elkarrizketak. Saarrek Netanyahu boteretik kentzeko asmoa adierazi du, baina gogorarazi lanak egiteko daudela: «Oraindik ez dago garbi gobernu bat osatuko ote den, baina ahal dugun guztia egiten ari gara». Bide beretik, Urdina eta Zuria alderdiko buru eta Defentsa ministro Benny Gantzek azaldu du Benneten hautagaitza babestuko lukeela.

Biharko adostasunik lortzen ez badute, Knessetak izango du gobernua osatzeko ahalmena. Edozein parlamentarik izango luke lehen ministro kargura aurkezteko aukera, 21 eguneko epean nahikoa babes lortuz gero.

Gaza, presoei lotuta

Israelen gobernu berri bat eratzeko negoziazioak ez dira egunotako elkarrizketa sorta bakarrak. Tel Aviven eta Hamasen ordezkaritzak Kairon daude su-etenaren luzapenaz eta Gazaren berreraikuntzaz hitz egiteko, hango gobernuaren bitartekaritzaren bidez. Israelgo eta Egiptoko Atzerri ministroek, Gabi Ashkenazik eta Sameh Xukryk, eginiko lehen bileran, Tel Aviven exijentziak adierazi ditu lehenak: «Beste ezeren gainetik, Hamasek atxilotuta dituen gure herritarren eta [2014an hildako bi] soldaduen itzulerarekin konprometituta gaude».

Hori da Tel Avivek ezinbestekotzat jo duen puntuetako bat, Gazara iristen diren baliabideen kudeaketa Hamasen esku ez geratzearekin batera. Ashkenazik gehitu du bi baldintza horiek betetzen ez diren bitartean ez dutela baimenduko eremura laguntza ez-humanitarioa sartzea.

Hamas atxilotuen askatasunaren inguruan hitz egiteko prest agertu da, baina ez hura Gazako egoerarekin lotzen bada, erakundeko lider Khalil al-Hayyak Egiptoko inteligentzia zerbitzuetako buru Abbas Kameli jakinarazi dionez: «Gatibuak trukatzearen espedientea gai independente bat da, eta ez dugu onartuko Gazaren berreraikitzearekin lotzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.