Unamos alderdiko buruzagiak atxilotu ditu Nikaraguako Poliziak

Oposizioko hamabi lider atzeman dituzte, tartean presidentetzarako lau hautagai. Atzerriko indarren eta militarren esku hartzea eskatzea egotzi diete

Nikaraguako Polizia, Cristiana Chamorroren etxean eginiko operazioan, aurreko astean. JORGE TORRES / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Nikaraguako Poliziak Unamos alderdiko sei kide atxilotu ditu asteburuan. Daniel Ortega presidentearen gobernuari aurre egiteko militarren eta atzerriko indarren esku hartzea eskatzea leporatzen diete. Atxiloketa horiekin, hamabi dira atzemandako oposizioko kideak, tartean presidentetzarako bozetarako lau hautagai.

Nikaraguaren «independentzia, subiranotasuna eta autodeterminazioa kaltetzen duten ekintzak egitea» leporatzen die Poliziak Dora Maria Tellez eta Hugo Torres gerrillari sandinista ohiei, Suyen Barahona Unamoseko presidenteari, eta Ana Margarita Vigil, Tamara Davila eta Victor Hugo Tinoco alderdikideei. Zehazki, «atzerriko potentzien finantzaketari esker» antolatu izana egotzi diete, eta diru iturri horiek «terrorismo ekintzak egiteko» eta «herrialdearen eta administrazioaren aurkako finantza operazioak egiteko» erabili izana. Horretarako, Nikaraguako Biltzar Nazionalak joan den abenduan onartutako Herriaren Defentsarako Legea baliatu du gobernuak. Hura 70 parlamentariren aldeko botoekin onartu zuten —92 eserlekuetatik 71 ditu Ortegaren FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinistak—.

Unamosek gogor kritikatu du erabakia. «Ekintzak ortegismoak oposizio demokratikoaren aurka hasitako errepresioaren parte dira», azaldu du, eta gaineratuepaileen agindurik gabe sartu direla poliziak etxeetara. Tinocoren kasuan, berriz, «Poliziako kide ez ziren pertsonek bahitu zuten», haren alabak azaldu duenez.

Alderdia MRS Mugimendu Berritzaile Sandinistaren jarraipena da; hura 1995ean sortu zuten agintean den FSLNko disidenteek. Gauzak hala, Anastasio Somoza Debayle diktadorearen aurkako gudan aritutako hainbat gerrillari ere haren parte dira; hala nola Tellez eta Torres, Ortega presidentearekin batera, 1978ko abuztuaren 22an Nikaraguako Jauregi Nazionala hartu zuten gerrillarien artean zeuden.

Tellez Osasun ministro ere izan zen lehen gobernu sandinistekin (1979-1990), artean ere Ortega presidente zela. Torres, berriz, inteligentzia militarreko buru izan zen. Azken horrek, gainera, 1974an Ortega espetxetik ateratzea ahalbidetu zuen operazioan parte hartu zuen, atxilotu aurretik adierazi zuenez. Somozaren gobernuko ministro baten etxea hartu zuten, eta barruan zeuden hainbat kargudun garrantzitsu bahitu. Orain, ia bost hamarkada geroago, «diktadura berri baten» aurrean daudela salatu zuen. «Hilzorian sentitzen den erregimen baten atzaparkada etsiak dira», gehitu zuen, atxiloketei erreferentzia eginez.

«Preso politikoak»

UNAB Urdina eta Zuria Batasun Nazionala plataformak —43 alderdi eta mugimenduk osatzen dute, tartean Unamosek— azken egunetan atxilotutako «preso politikoen» osotasun fisikoa errespetatzeko exijitu dio gobernuari. Unamoseko kideez gain, preso daude Cristiana Chamorro, Arturo Cruz, Felix Madariaga eta Juan Sebastian Chamorro presidentetzarako hautagaiak, Enpresa Pribatuen Kontseilu Goreneko buru ohi Jose Adan Aguerri, gobernazio ministro ohi Jose Pallais, UNABeko buru Violeta Granera eta Violeta Barrios de Chamorro fundazioko bi langile ohi.

Oposizioko kide gehienei Unamoseko kideei leporatutako delitu berdinak egozten dizkiete. Cristiana Chamorroren kasuan, ordea, bere ama Violeta Barrios de Chamorro presidente ohiaren (1990-1996) izena daraman fundazioa «dirua zuritzeko» erabili izana leporatu diote; Arturo Cruzi, berriz, «gizartearen eta herriaren eskubideen aurka atentatu izana».

Testuingurua kontuan izanik, UNABek «larrialdi egoera mugagabean» daudela nabarmendu du, «oposizioaren aurkako errepresio betean» daudelakoan. «Diktadura» gisa kalifikatu du Ortegaren gobernua, eta «eskubide zibil eta politikoen aurka» egiteaz akusatu du. Izan ere, Tellezen arabera, edonor izan daiteke preso sartzen hurrena: «Benetako sikarioak dira. Orria idatzita dute, eta preso berriaren izena jartzea besterik ez zaie geratzen».

Bost hilabete falta dira Nikaraguan presidentetzarako bozak egiteko; azaroaren 7an izango dituzte. Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarra, ordea, kezkatuta agertu da egoeraren aurrean, «hauteskunde aske, garden eta justu batzuk» egitea zailtzen duelako: «Askatasun publikoen aurkako erasoak geratu behar dituzte; batez ere, eskubide politikoei dagozkienak».

Gaia AEE Amerikako Estatuen Erakundeak ere aztertuko du gaur, kontseilu iraunkorrean. Dozena erdi gobernuk eginiko eskaera da, tartean AEBek. Etxe Zuriak, gainera, AEEri eskatu dio Nikaraguari «seinale argi bat» bidaltzeko: «Eskualdeak ezin du zain geratu, esperoan, ea nor izango den hurrengoa».

Azaroko bozetan, agintaldi berri bat eskuratzen saiatuko da Ortega, 2007tik boterean dena —presidente izan zen 1985etik 1990era ere—. Oraingoan, baina, ez du dena bere alde. Haren aurkako mugimenduek indar hartu dute 2018tik. Gobernuak gizarte segurantzan eginiko erreformen ondorioz, milaka herritar kalera atera ziren orduan. Protestetan, 328 lagun hil ziren gutxienez, Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarraren arabera, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak «giza eskubideak urratzeaz» akusatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.