Erresuma Batuak Ipar Irlandarako Protokoloa erreformatu nahi du

Londresek dio ezin dutela «orain arte bezala jarraitu» Britainia Handiaren eta Irlanda iparraldearen arteko 'mugaren' auzian. «Geldialdi epe bat» nahi du indarrean, neurriak Bruselarekin aztertzeko

Frost Erresuma Batuaren brexit-erako ministroa, iazko abenduan, Bruselan, EBrekin ituna adostu ondoren. O. HOSLET / EFE.
ander perez zala
2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Talka erabatekoa da, eta erabakiak sakoneko ondorioak eragin ditzake bi aldeen arteko harremanean. Erresuma Batuak Ipar Irlandarako Protokoloa aldatu nahi du, eta hala jakinarazi dio EB Europako Batasunari, testua erreformatzea beharrezkoa dela argudiatuta: «Ezin dugu orain arte bezala jarraitu», adierazi zuen atzo David Frost brexit-erako negoziazioen buruzagiak. Hilabeteak dira Brusela eta Boris Johnson lehen ministroaren gobernua eztabaidan ari direla Irlandako itsasoko kontrolen inguruan, batez ere Erresuma Batuak horien graziazko epea luzatzeko erabakia bere kabuz hartu zuenetik; halere, ez dirudi auziak bientzako onargarria den konponbiderik duenik epe ertainera begira, eta, testuinguru horretan, Londresek mehatxu egin dio EBri, proposamenak onartu ezean protokoloa ez duela beteko ohartarazita.

Brexit-a indarrean sartu eta horren inguruko akordioak adostuak zeuden arren, Irlandako mugako auzia gatazka iturri da oraindik ere Erresuma Batuko Gobernuaren eta talde komunitarioaren artean. Londresek negoziaturiko itunak, eta batez ere Ipar Irlandarako Protokoloak haserre handia eragin du Irlanda iparraldeko unionisten artean, eta, hilabeteek aurrera egin ahala, baita Johnsonen lantaldean eta Britainia Handian ere.

Frostek berak negoziatu zuen ituna, baina orain dio ez dela ez «bidezkoa ezta jasangarria ere», eta, hortaz, haren edukia moldatzearen aldkoa da. Zehazki, Londresen kezka da ezin dituztela hozturiko haragi produktuak—hanburgesak eta saltxitxak, esaterako— Britainia Handitik Ipar Irlandara esportatu, nahiz etabrexit-erako akordioa sinatzean Erresuma Batuko lehen ministroak adierazi zuen ez zela arazorik izango. «Egungo egoera ez da gogo betekoa», brexit-erako negoziazioen buruzagiaren ustetan.

Hori konpontze aldera, Frostek EBrekin ados jartzea lehenetsi du, baina, hori gertatu ezean, ohartarazi du aukera guztiak kontuan hartuko dituztela; tartean, Ipar Irlandarako Protokoloko 16. artikulua erabiltzea, nahiz eta epe laburrean ez duen ikusten horretarako beharrik.

Mekanismo horrek brexit-erako itunaren parte batzuk bertan behera uzteko balio du, eta Londresek hainbatetan aipatu du hori erabiltzeko aukera, batez ere Brusela estu hartzeko. «Ondorioztatu dugu orain ez dela hori egiteko une egokia», Frosten arabera.

Hala, Londresen estrategiaren parte da EBrekin negoziaturiko «geldialdi epe bat» indarrean sartzea, eta tarte horretan aurkeztuko lizkioke Bruselari bien arteko desadostasunak bideratzeko proposamenak. Konfiantza litzateke horien oinarri: Britainia Handitik Ipar Irlandara doazen produktuak han geratuko direla ziurtatzea, eta, beraz, ez direla sartuko estatu kide batean; kasu honetan, Irlandako Errepublikan.

Hain justu, Johnson auzi horretaz aritu zen herenegun Micheal Martin Irlandako Errepublikako lehen ministroarekin, adierazi baitzion Britainia Handian «fabrikaturiko ondasun guztiak kontrolik gabe» pasatu beharko liratekeela Ipar Irlandara.

Downing Streetek, berriz, Erresuma Batuko gobernuburuaren bilkurako adierazpen baten berri eman zuen: «EBk pragmatismoa erakutsi behar du. Irtenbideak aurkitzea beharrezkoa da protokoloak sortu dituen erronka zailei aurre egiteko». Atzoko agerraldian, Johnsonek esan zuen «neurri praktikoak» daudela egungo gatazkei aurre egiteko, baina Europako Batzordeak marra gorria jarri zion berehala, eta ezetz erantzun zion protokoloa berriz negoziatzeko deiari; Maros Sefcovic presidenteordearen arabera, bada tokirik «sormenezko irtenbideak bilatzen jarraitzeko», betiere iaz adosturiko testua errespetatuta bada.

'Mugak' non behar duen

Finean, Erresuma Batua iragan urtean sinatu zuen nazioarteko akordio bat aldatzeko eskatzen ari da, ez duelako lortu trilema irlandarra deiturikoari irtenbiderik aurkitzea: Erresuma Batua EBren merkatu bakarretik eta aduana batasunetik ateratzea, Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean mugarik ez egotea, eta muga gogor bat eragoztea Irlandako uhartean.

Hiru horiek batera betetzea ezinezkoa da, eta hasiera-hasieratik ohartarazi zioten horretaz Londresi; azkenean, Johnsonek erabaki zuen Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean kontrolak jartzea, eta hori izan da hilabeteotako gatazkaren iturri, batez ere etxean izan duen presioagatik.

Ipar Irlandarako Protokoloa, besteak beste, eskualde horretako bakea bermatzeko ituna da, eremu horren eta Irlandako Errepublikaren arteko mugari orain arte bezala eusten baitio —irekita—, eta EBren merkatu bakarra «babestuta» uzten baitu. Horretarako, Londresek eta Bruselak protokoloan adostu zuten Ipar Irlandak merkatu bakarrean jarraituko zuela ondasunentzat eta EBren aduana legeak errespetatuko zituela bere portuetan.

Horrek, praktikan, berekin dakar kontrolak Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean jartzea, eta, hango unionisten iritziz, erabakiak Ostiral Santuko Akordioa urratu, eta Ipar Irlandak Erresuma Batuan duen tokia kolokan uzten du, muga bat sortu baitu.

Protesta gisara, UVF Ulsterko Boluntarioen Indarrak, UDA Ulsterren Aldeko Elkarteak eta Esku Gorria Komandoak biltzen dituen LCC Komunitate Loialisten Batzordeak Londresi jakinarazi zion bake ituna babesteari uko egin diotela «behin-behinean», era «baketsu eta demokratikoan». Itunak 23 urte bete ditu, eta, unionisten iritziz, Ipar Irlandarako Protokoloak horren «oinarrizko bermeak urratzen» ditu.

Alderdi unionistek ere auzitara eraman zuten protokoloa, baina Ipar Irlandako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen akordioa legezkoa dela. Hala, DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren buruzagi eta Erresuma Batuko Komunen Ganberako diputatu Jeffrey Donaldsonek adierazi zuen Londresen proposamenak «ongi etorriak eta adierazgarriak» direla, eta «lehen pauso garrantzitsu bat» direla auzia konpontze aldera.

Halere, Johnsoni ohartarazi zion «bermeak»beharko direla Bruselarekin izango lituzketen negoziazioak «luzatu» ez daitezen: «Arrakastatsuak ez badira, [Erresuma Batuko] gobernuak16. artikulua erabili beharko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.