Gerra Ukrainan

Putin: «Erabaki behartu bat izan zen Ukrainan operazio berezia abiatzea»

SESBen Garaipenaren Eguna ospatu dute Errusian, eta presidenteak esan du «Donbass askatzeko» lanean ari direla, Mendebaldeak «inbaditu» aurretik. Zelenski «ziur» da gerra eurek irabaziko dutela

Vladimir Putin Errusiako presidentea eta armadako agintariak, atzo, Garaipenaren Egunaren ospakizunean, Plaza Gorrian, Moskun. MIKHAIL METZEL / EFE.
Nagore Arin - Mikel O. Iribar
2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Egutegian gorriz markatutako eguna izan zen atzokoa Errusian: Sobietar Batasunak 1945eko maiatzaren 8an nazien aurka lortutako garaipena ospatu zuten; 77. urteurrena izan zen atzokoa. Garaipenaren Eguna izendatua dute, eta Moskuko Plaza Gorrian eginiko desfile militar erraldoi batekin hasi zuten ospakizuna. Bertan izan zen Errusiako presidente Vladimir Putin, eta Ukrainako «operazio militar bereziari» buruz luze hitz egin zuen. «Mundu gerra baten izugarrikeriak ez du berriz gertatu behar». Hitz horiek azpimarratuz hasi zuen bere hitzaldia, eta nabarmendu zuen bere soldaduak «Donbass babesteko» ari direla borrokatzen. «Erabaki behartu bat izan zen operazio militar berezia abiatzea, aproposa. Herrialde subirano, indartsu eta independente batentzat erabaki posible eta zuzen bakarra».

Errusiak Ukrainarekin izan duen jarrera justifikatu zuen:AEBak eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea «Errusiaren aldameneko lurraldeak esploratzen» hasi zirela esan zuen. «Mendebaldearen mehatxua gure herrialdean eta mugaz bestalde genuen». Horrekin lotuta, oroitu zuen Mendebaldeak «entzungor» egin ziela Errusiak iazko abenduan «segurtasun sistema berri bat» sortzeko egindako eskaerei, «Donbass eta Krimea lurraldeen inbasioak prestatzen ari zirelako», argudiatu zuenez.

Washingtoni ere mintzatu zitzaion Errusiako presidentea, eta egotzi zion arma modernoen eta azpiegitura militarren bidez «Ukrainako naziak» babestu dituela. Halaber, nabarmendu zuen AEBak bere balioak inposatzen saiatu zirela SESB erori ondoren, baina Errusia «beste herrialde bat» dela, «beste izaera bat» eta «bestelako balioak» dituena.

Hitzaldiaren amaieran, mezu hau bidali zien armadako soldaduei eta Donbassko errusiazaleei: «Aberriaren alde ausardiaz borrokan ari zarete, haren etorkizunaren alde, inork ahaztu ez ditzan Bigarren Mundu Gerrako lezioak eta munduan ez dadin lekurik egon borreroentzat, errepresiogileentzat eta nazientzat».

Odesan, erasoak etenik gabe

Putini erantzunez Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik bideo mezu batean atzo nabarmendu zuenez, «Ukrainak laster garaipenaren bi egun ospatuko ditu, eta beste herrialde batzuek, berriz, bat bera ere ez». Haren hitzetan, Putinek Plaza Gorrian esandakoak «herrialde galtzaile baten diskurtsoaren» parte dira. Geroari begira «itxaropentsu» agertu zen Zelenski: «Bidea zaila da oraindik, baina ez dugu zalantzarik gerra irabaziko dugula».

Gerra frontean, Errusiak Donbass eskualdea «askatzeko» lanean jarraitzen duen bitartean, Ukrainako agintariek atzo salatu zuten Errusiako soldaduek Krimeatik «zenbait misil» jaurti zituztela Odesa hiriaren (hegoaldea) aurka. Mosku gogor erasotzen ari zaio azken asteotan kostaldeko hiri horri; izan ere, Kremlinek Ukrainari Itsaso Beltzerako sarbidea blokeatzea du xede, eta, horretarako, besteak beste, Odesa eta Mikolaiv oblastak ezinbestean okupatu behar ditu.

Mariupol hiriko (Donetsk oblasta) Azovstal altzairutegian, berriz, Errusiako soldaduek erasora jo zutela jakinarazi zuen atzo hiriko udalak, Nazio Batuen Erakundearen konboi bat erretiratu ostean. Zelenskik ziurtatu zuen «ia ezinezkoa» dela industrialdean bertan gotortuta dauden Ukrainako soldaduak eta Azov batailoiko paramilitarrak —eskuin muturreko talde armatu bat da— ebakuatzea.

Frantziako presidente karguaz bigarrenez jabetu berri den Emmanuel Macronek atzo Europako Parlamentuan esan zuen «hamarkada batzuk» igaro beharko direla Ukraina EB Europako Batasuneko kide izateko. Horiek horrela, «Europako komunitate politiko» bat eratzea proposatu zuen, EBra modu azkarrean atxiki ezin diren Ukrainaren gisako herrialdeak sartzeko. Hori bai, Macronek gogorarazi zuen Kiev Europako familiako «kide» dela, bere «adoreagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.