Asia-Pazifikoan Txinari aurre egiteko neurriak adostu ditu Quad aliantzak

AEBek, Indiak, Japoniak eta Australiak egozten diote Pekini Indopazifikoan 'statu quo'-a aldatu nahi izatea. Ohartarazi dute eskualdean ezin dela Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren «antzekorik» gertatu

Anthony Albanese (Australia), Joe Biden (AEB), Fumio Kishida (Japonia) eta Narendra Modi (India), atzo, Tokion egindako bileraren ondoren ZHANG XIAOYU / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Kaleratu zuten adierazpen bateratuan ez zuten Txina aipatu, baina Txinaz ari ziren. AEBek, Japoniak, Indiak eta Australiak leporatzen diote «Indopazifikoan, bereziki», statu quo-a «indarrez» aldatu nahi izatea. Horregatik, lau herrialdeek osatutako Quad aliantzak adostu ditu Asia-Pazifikoan Pekini modu geoestrategikoan aurre egiteko neurri batzuk. Planaren arabera, Pazifikoko uharteekin duten lankidetza indartuko dute, horien garapena eta jasangarritasun ekonomikoa babestuko dute, eta konpromisoa hartu dute hurrengo bost urteetan 50.000 milioi dolar —46,6 mila milioi euro— inbertitzeko, eskualdean azpiegiturak egiteko proiektuak finantzatzeko asmoz.

2007an sortu zuten aliantza, eta lau herrialdeetako gobernuburuak aurrez aurre bildu ziren, atzo, bigarren aldiz. Tokion izan zen bilera, eta, adierazpenaren berri eman ondoren, agerraldia egin zuten Joe Biden AEBetako presidenteak, eta Anthony Albanese Australiako lehen ministroak, Fumio Kishida Japoniakoak, eta Narendra Modi Indiakoak. Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren harira, Kishidak nabarmendu zuen nazioarteko ordenaren oinarriak «astindu» dituela, eta Indopazifikoan ezin dutela «antzekorik» baimendu. Bidenen esanetan, AEBen asmoa da Indopazifikoan «irekia, segurua eta indartsua» izatea. Quaden bidez Asia-Pazifikoan NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakunde «txiki bat» hauspotu nahi izatea egozten die Pekinek herrialde horiei.

Txinak atzo baieztatu zuen, hain zuzen, Wang Yi Atzerri ministroak bira bat hasiko duela bihar, ostegunarekin, eta joango dela Asia-Pazifikoko zortzi herrialdetara: Salomon Uharteetara, Kiribatira, Fijira, Samoara, Tongara, Vanuatura, Papua Ginea Berrira eta Ekialdeko Timorrera. Duela hilabete pasa segurtasun lankidetzako akordio baten berri eman zuten Txinak eta Salomon Uharteek. Itun horrek ezinegona sortu du eskualdean, eta Australiak eta Zeelanda Berriak uste dute Pekinek hori baliatu nahi duela ingurunea militarizatzen hasteko eta eskualdean posizionatzeko. Txinak, ordea, ukatu egiten du akordioak asmo hori duela.

Horren guztiaren harira, Quadeko herrialdeek sinatutako adierazpenak hauek gaitzesten ditu: «lehian dauden eremuen militarizazioa», kostazainek eta itsas miliziek ontziei ematen dieten «erabilera arriskutsua», eta itsasoko baliabideak ustiatzeko beste herrialde batzuen jarduerak «oztopatzeko ahaleginak».

Biden, Taiwanez

Lehian dagoen eremuetako bat da Taiwan, Txina hegoaldeko itsasoan. Bidenek adierazi zuen, herenegun, AEBek militarki esku hartuko dutela, baldin eta Pekinek uharte horri eraso egiten badio. Txinak Etxe Zuriko maizterraren adierazpenak gaitzetsi zituen, eta «suarekin jolastea» aurpegiratu zion. Bidenek erabaki du polemika hori ez elikatzea. Izan ere, Washingtonek, legez, Taiwani armak eman behar dizkio bere burua defenda dezan, baina azken hamarkadetan indarrean izan den «anbiguotasun estrategiko bat» mantenduz.

Bideni galdetu zioten atzo ea aldaketarik egon den AEBek Taiwanekiko duten politikan, eta ezetz erantzun zuen «Inondik inora ez da aldatu politika hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.