Gerra Ukrainan

Afrikak eskatu du kentzeko zerealen esportazioei eragiten dieten zigorrak

Afrikako Batasuneko presidenteak esan du Putin prest dagoela Ukrainako esportazioen gaineko blokeoa kentzeko. Afrikak zerealen %40 Errusiatik eta Ukrainatik inportatzen zituen guda hasi aurretik

Afrikako Batasuneko eta Senegalgo presidente Macky Sall eta Errusiako presidente Vladimir Putin, atzoko agerraldian, Sotxin, Errusian. MIKHAIL KLIMENTYEV / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
AB Afrikako Batasuneko eta Senegalgo presidente Macky Sall Errusiako presidente Vladimir Putinekin batzartu zen atzo, Sotxin, Errusian, elikagai krisiaz eta bien arteko merkataritza harremanaz hitz egiteko. Sallek adierazi zuen Afrika Ukrainako gatazkaren «biktima» dela, eta, aldi berean, galdegin zuen zerealen eta ongarrien esportazioei eragiten dieten zigorrak kentzea. Horrekin lotuta, gainera, esan zuen Putin prest dagoela esportazioen gaineko blokeoa kentzeko.

Ukrainaren inbasioa hasi aurretik, Afrikak zerealen %40Ukrainatik eta Errusiatik inportatzen zituen. Gaur-gaurkoz, ordea, Ukrainako portuetan blokeatuta daude hogei milioi tona zereal baino gehiago, ez aurrera ez atzera, otsail amaieratik. Mendebaldeak Errusiari ezarritako zigorren eraginez, Afrikak ez du bi herrialde horietako zerealak inportatzeko sarbiderik. «Horrek eraginak ditu Afrikako elikadura segurtasunean», ohartarazi zuen Sallek.

Txadek, esaterako, elikagai larrialdia deklaratu zuen herenegun, egoerak «etengabe okerrera» egin duelako. Modu berean, laguntza humanitarioa emateko eskatu zion nazioarteari. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, iaz 5,5 milioi txadarrek —biztanleriaren herenak— premiazko laguntza humanitarioa behar zuten. Eta Ukrainako gerrak egoera gaiztotu baino ez du egin.

Senegalgo agintariak gogorarazi zuen iragan asteartean EB Europako Batasuneko buruzagiekin hitz egin zuela, eta Afrikako herrialdeen premiarik larrienak zehaztu zizkiela. Halaber, erantsi zuen ABk EBko kideekin lan egingo duela «krisia konpontzeko».

Sallek, bestalde, argi utzi nahi izan zion Errusiako presidenteari Afrikako kontinentea «oso plurala» dela; kontinenteko herrialde guztiek oraindik ez baitute gaitzetsi Errusiaren jarrera NBEren Batzar Orokorrean, «presio politikoa gorabehera». Halere, ABk Errusiarekin «lankidetzan aritzeko itxaropen handia» du.

Putinek, berriz, merkataritza harremanaz hitz egin zuen bereziki. Gogorarazi zuenez, Errusia «beti egon da Afrikaren alde, eta beti babestu du Afrika kolonialismoaren aurkako borrokan».

Merkataritza harremanak

Putinek oroitu zuen Kremlinek «garrantzi handia» ematen diela Afrikako herrialdeekiko «harremanei»; hain zuzen, Errusiaren eta Afrikaren arteko merkataritza trukea handitzen ari baita. Aurtengo lehen hilabeteetan, esaterako, merkataritza %34 baino gehiago hazi da. «Afrikak asmo handiak ditu, eta, hori kontuan hartuta, gure arteko harremanak are gehiago sendotzeko prest gaude», biribildu zuen Errusiako presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.