Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Ihesaldian nagusi

Marc Solerrek irabazi du Espainiako Vueltako bosgarren etapa. Aurreko taldetik ihes egin eta gero, bakarrik helmugaratu da Bilbon. Rudy Molard da lider orain

Ihesaldian nagusi.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Aste Nagusiko festetan murgilduta dago Bilbo larunbatetik, baina, atzo, txirrindularitza festa izan zen Bilbo inguruko errepide bazterretan. Indar erakustaldia egin zuen Marc Solerrek (UAE) han irabazita, eta bigarren etapa garaipena du Espainiako Vueltan. Eguneko ihesaldian sartzen azkena izan zen kataluniarra. Baina Gangurengo bigarren igoeran utzi zituen atzean iheskideak, eta ez zuten harrapatzerik izan. Rudy Molard (FDJ) da lider orain.

Tropelak abiadura bizian egin zuen eguneko lehen zatia; 51 kilometro orduko abiaduran aritu ziren lehenengo orduan. Eguneko ihesaldian sartzeko saiakera asko izan ziren. Talde askok bazekiten atzo zela ihesaldian egonda etapa irabazteko lehenengo aukera, baina tropelak ez zuen modurik eman ihes egiteko 70 kilometro pasatu ziren arte.

Azkenerako, hamazazpi lagunek lortu zuten tropeletik ihes egitea, eta horien artean izan ziren Ibai Azurmendi (Euskaltel) eta Roger Adria (Ken Pharma). Soler geroago iritsi zen ihesean zegoen taldearengana. Tropela bi minutura zegoela egin zuen ihes hartatik, eta kataluniarrak aurrera iristea lortu zuen. Hiru minuturen aldeari eutsi zioten hasieran, baina, eguneko hirugarren mendatera iristean, tropelean erritmoa ezartzen ari ziren Jumbo-Vismako txirrindulariek erritmoa mantsotu zuten. Hori horrela, lau minuturen aldearekin hasi zuen aurreko taldeak Gangurengo lehenengo igoera (4,6 kilometro luze eta %8ko pendiza).

FDJk jarri zuen erritmoa aurreko taldean, bi txirrindulari baitzituen han. Lawson Craddock (BikeExchange) izan zen ihesean zebilen taldean zuhaitza astintzen lehena. Aldea zabaldu zuen erritmo aldaketa batekin, eta bakar bat ere ez zen haren gurpilean joan. Segundo gutxiren aldea zabaldu zuen, baina, Gangurengo azken aldapan, Victor Langelotti (Burgos-BH) iritsi zen harengana. Jaitsieran, beste hamar txirrindulari iritsi ziren bikotearen ondora, eta elkarrekin egin zuten Gangurenera bigarren aldiz iristeko bidea. Adria han izan zen, baina Azurmendi atzean gelditu zen, eta tropelak harrapatu egin zuen.

Jack Stewartek (FDJ) saiakera egin zuen Gangurenera bigarrenez iritsi aurretik. Britaniarrak gogor jo zuen erasoa, eta 40 segundoren aldearekin iritsi zen. Solerrek erritmo aldaketa bortitza egin zuen Stewarten ondora iritsi nahian, eta mendatea amaitzeko kilometro bakarra gelditzen zenean harrapatu zuen britaniarra. Horrekin nahikoa ez, eta atzean utzi zuen FDJko txirrindularia, eta bakarrik hasi zuen jaitsiera, hura harrapatu nahian zebilen taldetxoari hamabi segundoren aldea ateratzen ziola.

Barruan zeukan guztia utzi zuen Solerrek helmugara iritsi nahian, eta, atzekoak bost segundora hurbildu ziren arren, elkarri begira gelditu ziren azken kilometroetan. Inork ez zuen besteentzat lan egin nahi, eta elkarri erasoak jotzen aritu ziren. Taldetxoak oso gertu izan zuen Soler, baina, harrapatuko zutela zirudienean, elkarri begira gelditu ziren berriro, eta kataluniarra iritsi zen lehenengo Bilboko helmugara.

Seme jaioberria eta bikotekidea izan zituen gogoan helmugaratzean. Haren hitzetan, «urte guztia» zeraman garaipen baten atzetik. «Azken 300 metroetara iritsi arte, ez dut gozatu», nabarmendu zuen helmugan. Tentsio handia izan zen ihesaldian azken kilometroetan, eta azken metroetan erabaki zen garailea nor izango zen.

Tropelak bost minutu galduta hasi zuen Gangurengo bigarren igoera. Jumbo-Vismak ezarri zuen igoerako erritmoa, eta txirrindulari gutxi gelditu ziren erritmo horri jarraitu ezinda. Inork ez zuen erasorik jo, eta indarrak gorde zituzten gaurko etaparako.

Gaur, Pico Jano lehenengoz

Bilbotik bertatik abiatuko da gaurko etapa, eta Kantabriarako (Espainia) bidea hartuko du Vueltak. Lehenengoz amaituko da Espainiako Vueltako etapa bat Pico Janon (12,6, %6,6), eta faboritoen mugimenduak espero dira han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.