Gerra Ukrainan

Tropak Kherson hiri estrategikotik ateratzeko agindu du Errusiak

Moskuk Dnieper ibaiaren ekialdeko ertzera lekualdatu asmo du armada. Ukrainako Gobernuak zuhurtziaz hartu du erabakia. NATOrentzat, berri «pozgarria» da; Putini egotzi dio aliantza gutxiestea

Errusiako armadako soldadu bat, atzo, Sebastopolen, Krimeako penintsulan, bi senide agurtzen. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Errusiako armadak Ukrainako Kherson hirian dituen tropak Dnieper ibaiaren ekialdeko ertzera erretiratzeko agindu zuen atzo Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak. Hori jakinarazi zuen TASS Errusiako berri agentziak. Horrek esan nahi du Kherson hiri estrategikoaren kontrola galtzear dela Kremlin. «Khersonek ezin du hornitua izan eta guztiz funtzionatu. Errusiak bere esku zegoen guztia egin du Khersongo herritarren ebakuazioa ziurtatzeko», adierazi zuen Errusiako armadaren Ukrainarako buruzagi Sergei Surovikinek, telebista batean egindako adierazpenetan. Aintzat hartu behar da Kherson dela, hain zuzen ere, Moskuk urri hasieran anexionatu zituen Ukrainako eskualdeetako bat, Zaporizhia, Donetsk eta Luhanskekin batera.

«Dnieper ibaiaren ekialdeko aldean defendatzeko erabakia ez da erraza. Modu horretan, gure militarren biziak salbatuko ditugu», nabarmendu zuen Surovikinek. Errusiak milaka zibil atera ditu Khersondik azkeneko hiru asteetan, Dnieperren mendebaldeko ertzetik ekialdekora: 115.000 pertsona, Moskuren arabera. Inbasioa hasi eta gutxira okupatu zuen Kremlinek hango hiriburua, izen berekoa. Ukrainak probintzia hori ere berreskuratzeko kontraerasoa hasi zuen iraileko aurreneko egunetan, eta bi aldeen arteko borrokak laztu egin dira han.

Nolanahi ere, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren aholkulari Mikhailo Podoliaken ustez, azkarregi da esateko Errusiako tropak Khersondik erretiratu direla. «Ukrainako bandera Khersonen ikusten ez dugun bitartean, ez du zentzurik erretiratzeaz hitz egiteak», adierazi zion Reuters berri agentziari. Eta Twitterreko bere kontuan idatzi zuen ez dagoela zantzurik pentsatzeko Errusiak borroka egin gabe alde egingo duela.

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herriek emandako laguntza militarrari esker ari da Ukraina kontraerasoan, eta, hain zuzen, Mendebaldeko aliantza militarreko zuzendari nagusi Jens Stoltenbergek adierazi zuen «pozgarria» dela ikustea Ukrainako armada gai dela lurralde gehiago «askatzeko». Halere, zuhurtziaz jokatu nahi izan zuen, eta gehitu zuen ikusi behar dela, «noski», ea zer gertatzen den «eremuan bertan». Londresen egin zituen adierazpenok, Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroarekin bildu eta gero, eta mezu bat bidali nahi izan zion Vladimir Putin Errusiako presidenteari. «Putinek bi huts egin zituen inbasioa hastean. Batetik, ukrainarrak gutxiestea; eta, bestetik, NATOko aliatuek Ukrainari laguntzeko duten gaitasuna gutxiestea».

Toki estrategikoa

Kherson eskualdea toki estrategikoa da, eta Errusiak partzialki okupatuta dauka. Batetik, handik igaro behar delako Krimeako penintsulara —Errusiak 2014an anexionatu zuen— lurretik heltzeko. Bestetik, Kherson kontrolpean edukitzea ezinbestekoa delako, baldin eta Errusiaren inbasioaren xedea bada Ukraina ekialdea eta hegoaldea hartzea eta Donbass eta Transnistria artean lurreko korridore bat egitea —Itsaso Beltzerako sarrerarik gabe utziko luke Ukraina—. Azkenik, Kherson hiritik igarotzen delako Dnieper ibaia—Ukraina bitan zatitzen du— Itsaso Beltzean itsasoratu aurretik.

Kiril Stremusov Errusiak Khersonen jarritako agintari militarrak herenegun iragarri zuen espero zuela datozen egunetan «gertakariak amaitzea». Esan zuen Ukrainako indarrek soldadu gehiago dituztela han Errusiakoek baino, baina erasoei aurre egiten ari zirela. Stremusov hil egin zen atzo, auto istripu batean, TASS agentziak baieztatu zuenez.

Ukraina gero eta lur eremu gehiago berreskuratzen ari da Khersonen, eta, hori eragozteko ahaleginean, Errusiako indarrek zubiak txikitu dituzte Dnieper ibaiaren mendebaldeko ertzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.