AEBen eta Txinaren arteko erlazioa egonkortzeko prest dira Biden eta Xi

Taiwango aferan ez dute aurrerapausorik eman, bi liderrek gobernuburu gisa izandako aurrez aurreko lehen bileran. Washingtonentzat, ez batak ez besteak ez du nahi Ukrainan arma nuklearrak erabiltzea

XI Jinping Txinako presidentea eta Joe Biden AEBetakoa, atzo, Balin (Indonesia). LI XUEREN / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Joe Biden AEBetako presidentea eta Xi Jinping Txinakoa aurrez aurre aurrenekoz batzartu ziren gobernuburu gisa atzo Balin (Indonesia), han G20koen goi bilera hasi bezperan. Afera komertzialak eta geopolitikoak medio, gaiztotuta daude bi herrialdeen arteko harremanak, azken hamarkadotan inoiz egon ez diren puntu batean. Bilera ez zen baliagarria izan bi potentzien arteko harremana onbideratzeko, baina atzerapausorik ere ez zuten eman. Izan ere, nahiz eta jarraitzen duten desadostasunak edukitzen, bi herrialdeen arteko erlazioa egonkortzeko prest agertu ziren.

Horren erakusgarri, bilera bukatu eta gero agerraldi bat egin zuen Etxeko Zuriko maizterrak, eta nabarmendu marko bat ezarri dutela bi herrialdeei eragiten dieten auziez aritzeko; hala nola finantza eta osasun egonkortasuna, eta klima larrialdia. Azken horri buruzko lankidetza etenda egon da abuztutik, Nancy Pelosi AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak Taiwanera bisita ofizial bat egin zuenetik.

Baina orduan piztutako ekaitza baretu da. Bidenek eta Xik bost aldiz hitz egin dute elkarrekin telefonoz edo telematikoki, aurrenekoak iazko urtarrilean presidente kargua hartu zuenetik. Nolanahi ere, ez da izan aurrez aurre biltzen diren lehendabiziko aldia: 2011n Pekinen, eta 2012an Washingtonen batzartu ziren Biden eta Xi, presidenteordeak baitziren Barack Obama AEBetako presidentea zenean eta Hu Jintao Txinakoa.

«Beti bezala ikusi dut», esan zuen Xiri buruz galdetu ziotenean. Zabaldutako irudietan ikusi ahal izan zenez, adeitsu elkar agurtu zuten. Txinak bileraren ondoren kaleratutako oharraren arabera, solasaldi «eraikitzailea, irekia» eduki zuten biek. Taiwango egoera egon zen bileraren erdigunean, eta, Etxe Zuriak ohar batean jaso zuenez, Bidenek esan zion AEBek uko egiten diotela uhartearen statu quo-aren «aldebakarreko aldaketari». Txinak hamarkadotan argudiatu du Taiwan bere lurraldearen parte dela, eta Xik esan izan du Txina eta Taiwan —ofizialki, Txinako Errepublika— «berriz elkartuko» dituela, eta horretarako indarkeria ere erabiliko lukeela Txinak, «beharrezkoa balitz».

Bidenek Xiri adierazi zion Taiwanen aurkako ekintza «hertsatzaile eta gero eta oldarkorragoak» bazter utzi beharko lituzkeela, argudiatuta horiek eskualde osoko «bakea eta egonkortasuna» arriskuan jartzen dituztela. Pelosi Taiwanera joan eta gero, Txinak maniobra militarrak egin zituen Taiwango kostaldearen parean, eta aste batzuk geroago Bidenek azpimarratu zuen AEBek Taiwan defendatuko zutela, Txinak uhartea inbadituz gero. Horrekin lotuta, Etxeko Zuriko maizterrak esan zien kazetariei iruditzen zaiola ez dagoela halakorik gertatzeko zantzurik. Pekinek atzo nabarmendu zuen Xik Bideni esan ziola Taiwanen estatusa «zeharkatu ezin den» marra gorri bat dela, eta eskatu zion Washingtoni «hitza» bete dezala, eta ez dezala uhartearen balizko independentzia babestu. Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariak ekainean esan zuen AEBek azken hamarkadetan posizio gisa aurkeztutako «anbiguotasun estrategikoa» mantenduko dutela, eta «Txina bakarraren» politika defendatzen dutela.

Auzi komertziala

Pekinen oharraren arabera, Ukrainaz hitz egitekoan Xik Bideni esan zion «irtenbide erraza ez duen auzi zail bat» dela, eta «potentzia handien arteko konfrontazioa» saihestu behar dela. AEBek azpimarratu zuten beren oharrean ez batak ez besteak ez dutela nahi Ukrainan arma nuklearrik erabiltzea.

Ipar Koreak misilen jaurtiketa areagotu du azken asteetan, eta jarrera «probokatzaile» hori ere izan zuten mintzagai, Washingtonen esanetan. Bidenek esan dio Xiri, zuzenean Txinari auzian egotzitako erantzukizuna aipatu gabe, nazioarteak Piongiang bultzatu beharko lukeela «era arduratsuan» jokatzera.

Txinak azpimarra jarri zuen auzi komertzialean. Urri hasieran, AEBek agindu zuten Txinari ez saltzeko AEBetako teknologiarekin fabrikatutako erdieroale jakin batzuk. Xik adierazi zion bere homologoari munduko bi ekonomia nagusien arteko gatazka batek ez diela ez bataren ez bestearen interesei onik egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.