Boluarteri atariko ikerketa bat ireki dio fiskaltzak, genozidioa egotzita

Urak harro daude Perun. Dina Boluarte herrialdeko presidentea kargutik kendu eta Pedro Castillo estatuburu ohia espetxetik atera dezatela eskatzeko protesta ugari egiten ari dira Latinoamerikako estatu horretan. Istilu larriak gertatzen ari dira Poliziaren eta manifestarien artean; joan den astelehenean, esaterako, hemezortzi lagun hil ziren herrialdearen hegoaldean, tartean polizia bat. Abenduaren 11tik, gutxienez 47 pertsona zendu dira liskarretan. Bada, gertakari horiekin lotuta, Peruko Fiskaltzak atariko ikerketa bat ireki die Boluarteri, hiru ministrori eta bi ministro ohiri. Herritarren aurka genozidioa, hilketak eta lesio larriak egitea egozten die fiskaltzak sei horiei.
Patricia Benavides fiskal nagusiak herenegun gauean baieztatu zuenez, Ministerio Publikoak ez du onartuko «heriotza horiek zigorrik gabe geratzea». Halaber, goratu egin zuen atariko ikerketa hori «gertatzen ari den guztiaren erantzule diren goi funtzionarioen» aurka abiatu izana. Benavidesen esanetan, ikerketa egiten ari dira «2022ko abendutik 2023ko urtarrilera bitarte Apuric, La Libertad, Puno, Junin, Arequipa eta Ayacucho eskualdeetan ustez egindako genozidioagatik, hilketengatik eta eragindako lesio larriengatik».
Boluarte ez ezik, Alberto Otarola lehen ministroa, Victor Rojas Barne ministroa eta Jorge Chavez Defensa ministroa ere sartu ditu fiskaltzak atariko ikerketako zerrenda horretan; baita Pedro Angulo lehen ministro ohia eta Cesar Cervantes Barne ministro ohia ere. Fiskaltzak presidentearen aurkako beste atariko ikerketa bat zeukan abiatuta lehendik, abenduko liskarretan izandako hildakoengatik, Castilloren kargugabetzearen ondoren Boluartek kargua hartu eta egun gutxira.
Genozidio delituagatik, estatuburuak eta gainerako ministroek eta ministro ohiek gehienez hogei urteko espetxe zigorrari aurre egin beharko liokete, «talde bateko kideak hiltzeagatik, lesio larriak eragiteagatik edota taldea bera suntsitzeagatik».
«Erraztasunak» fiskaltzari
Ikerketa horrekin lotuta, Otarolak herenegun Kongresuan egindako agerraldian ziurtatu zuenez, gobernuko agintariek «erraztasun guztiak» emango dizkiote fiskaltzari, manifestazioetan izandako heriotzak iker ditzan. Latinoamerikako herrialdea krisi politiko eta sozial larri batek astindu duen honetan, Otarolak «lasaitasunerako, bakerako eta ordenarako» deia egin zien perutarrei, eta iragarri zuen «dolu nazionala» ezarri zuela atzoko. Halaber, jakinarazi zuen hiru egunerako etxeratze agindua ezarri dutela Puno eskualdean, 20:00etatik 04:00etara.
Castillo presidente ohiak atxiloaldian dirau oraindik. Peruko Botere Judizialeko epaile nagusiak abenduaren 16an onartu zuen fiskaltzaren eskaera, atxiloaldia beste 18 hilabetez luzatzea. «Ihes egiteko arriskua» dagoela deritzo fiskaltzak. Castillo abenduaren 7an atxilotu zuten, Kongresuaren desegitea iragarri eta gutxira hura kargutik kendu ondoren.
Peruren auzoko herrialdeek —Argentinak, Boliviak, Txilek, Kolonbiak eta Mexikok, besteak beste— «kezka sakona» adierazi izan dute agintari ohiaren atxiloketagatik eta horren ondorioz izan diren gertakariengatik; esaterako, Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak atzo «sarraskitzat» jo zuen Poliziak indarra erabili izana herritarren aurka. Horiek horrela, Petrok eskatu zuen «kautela neurriak» ezar ditzatela herrialdean, iritzita «ezinbestekoak» direla giza eskubideak errespetatzeko.
Kolonbiako estatuburuaren gisan, AI Amnesty Internationalek ere Peruko Gobernuari atzo eskatu zion «berehala» utz dezatela bertan behera Boluarteren aurka protesta egiten ari diren zibilen aurkako «indarraren gehiegizko erabilera». GKE gobernuz kanpoko erakundearen arabera, «errepresioaren» amaierako «lehen urratsa» izango da Peruk egun duen krisi politiko eta sozialetik ateratzeko. AIko Ameriketako zuzendari Erica Guevarasek atzo ohar batean adierazi zuenez, Limak aintzakotzat hartu behar ditu Poliziaren eta manifestarien arteko liskarretan izandako heriotzak, baita istiluek eragindako larritasun egoera ere. Horregatik guztiagatik, gehiegikeriak «agintzen edo onartzen» dituztenak ikertzeko deia egin zion fiskaltzari.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.