Italiak babes humanitarioa mugatu egin die errefuxiatuei dekretu bidez

Salvinik asilo politikoa eskatzeko baldintzak gogortu ditu, eta iheslari «arriskutsuak» kanporatzeko prozedura azkartu du. 'Aquarius' ontziak porturatzeko «salbuespen» baimena eskatu dio Parisi

Aquarius ontziak joan den abuztuaren 12an erreskataturiko iheslariak. GUGLIELMO MANGIAPANE / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Italiako eskuin muturrak asteburuan egindako bilkuran egin zuen iragarpena Matteo Salvinik. Eta azkar batean bete du emandako hitza. Italiako Gobernuak atzo bertan onartu zuen errefuxiatuen babes humanitarioa mugatuko duen dekretua. Asiloa eskatzeko baldintzak gogortzea eta «arriskutsuak» diren iheslariak kanporatzeko prozesua azkartzea dakartza araudi berriak. Lega Nordeko buruzagiak berak eman ditu xehetasunak: «Aski izango da asilo eskatzaile bat arriskutsua izatea edo lehen graduko zigor bat izatea errefuxiatu gune batera eraman eta kanporatzeko tramiteak hasteko». Errefuxiatuentzako zentroen egonaldia 90 egunetik 180ra luzatzea ere aurreikusten du dekretuak, eta beste estatu kideek kanporatutako iheslariak ezingo dira herrialdean sartu. Salviniren hitzetan, herrialde «seguruago bat izateko aurrerapausoa» da dekretua: «Pertsonekin trafikatzen dutenei eta mafiosoei aurre egiteko, immigrazioaren kostuak murrizteko, gaizkileak eta errefuxiatu faltsuak berehala kanporatzeko, terroristei herritartasuna kentzeko eta segurtasun indarrei botere handiagoa emateko arautegia da».

Salvini etengabean ari da errefuxiatuen kontrako mezuak egiten, eta xenofobia bihurtu du bere politikaren ardatz. Mediterraneoan iheslariak erreskatatzen ari diren ontzien kontra daraman gerra berezian, esaterako, beste urrats bat egin du, eta iragarri du salaketa jarriko duela «legez kanpoko immigrazioa sustatzen duten ontzien kontra».

Barne ministroak behin eta berriz ukatu die gobernuz kanpoko erakundeen eskuetan dauden ontziei herrialdean lehorreratzea, eta, horren ondorioz, oraintxe bertan ontzi bakarra dago Mediterraneoan. Aquarius 2 ontziari, bada, etenda zegoen zeharkaldia berriz aktibatzea leporatu dio ministroak: «Libiatik irteerak eten egin ziren, eta azken orduetan trafikatzaileak berriz ere ari dira lanean, gabarrak betez eta gobernuz kanpoko hainbat erakunderen lankidetzaz baliatuz».

«Portuak itxita»

Salvini bera ari dira, ordea, ikertzen; hain zuzen, ehun eritrear zeramatzan ontzi bati bost egunez porturatzeko baimena ukatzeagatik. Pertsonak bahitzea leporatu diote, eta litekeena da epaileen aurrean deklaratu behar izatea.

Horrek, baina, ez du apaldu.Ministroak ohartarazi du «portuek itxita» jarraituko dutela Aquarius 2 ontziarentzat ere. SOS Mediterranee eta Mugarik Gabeko Medikuen ontzia nazioarteko uretan dago joan den ostegunetik, eta 58 iheslari daramatza; tartean, hamazazpi emakume. Ontziaren egoera, baina, korapilatsua da. Panamako bandera zeraman ontziak, baina herrialde horrek ostiralean iragarri zuen erregistroa bertan behera uzteko prozesua abiaraziko zuela. Italiak emandako azalpenak izan dira argudioa. Panamako Itsas Agintaritzak jakinarazi du herrialdeko agintariek ohartarazi zietela ontziko kapitainak iheslariei ukatu egin diela euren jaioterrira itzultzea.

SOS Meditarrenee eta Mugarik Gabeko Medikuek estatu kideei eskatu diete akusazio horiek gezurtatzeko, «oinarririk» ez dutela argudiatuz. Erakundeek salatu dute Italiako Gobernuaren «maniobren» helburua «itsasoan zaurgarriak diren pertsonak hiltzea eta heriotza horiek lekukorik ez izatea» dela. Frantziari, berriz, lehorreratzen uzteko eskatu diote. Frederic Penard Sos Mediterraneeko operazio buruak adierazi du «salbuespen» egoera baterako «salbuenespen» amarratzea litzatekeela. Aquarius 2 Marsellarako bidean da, eta lau egun beharko ditu hara iristeko.

Mediterraneoko zeharkaldian hiltzen da errefuxiatu gehien. Migrazioen Nazioarteko Erakundearen arabera, iaz 171.635 lagunek lortu zuten itsasoa zeharkatzea, eta beste 3.116 hil ziren itota. Aurten 22.000 lagun iritsi dira Europara; hildakoak 1.200 baino gehiago dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.