Gorenak baliogabetu egin du abusuz kontratatutako ordezkoak kaleratzea

Epaiak bidea ireki dezake milaka langile publikoren kaleratzeak berrikusteko. Langileek badute kalte-ordainerako eskubidea, baina kasuan-kasuan aztertuta

Osakidetzako bi langile Urdulizko ospitaleko larrialde zerbitzuan, joan den urtean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ivan Santamaria.
2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpokotzat jo du ordezko funtzionarioak kaleratzea, haien kontratazioan «abusuak» gertatu badira. Epaileen ustez, langile horiek lanpostuari eusteko eta kobratu ez dituzten ordainak jasotzeko eskubidea dute, «administrazioak indarrean dagoen araudia betetzen ez duen arte».

Gorenak bi epai jakinarazi zituen atzo, biak Euskal Herrian abiatu ziren salaketei lotuta. Gasteizko Udal langile bati eta Osakidetzako beste bati dagozkie. Gasteizko Udalaren kasuan, salatzaileak hamalau urte zeramatzan ordezko funtzionario gisa, administrazioak hura kaleratzea erabaki zuenean. Bestean, osasun zerbitzuetako langileak ia bi hamarkada igaro zituen era ezberdinetako kontratuak kateatzen, azken hirurak 2004an, 2009an eta 2010ean sinatutakoak. Osakidetzak «zernahitara» erabili zuela salatu zuen, «egiten zituen jarduerekin zerikusirik ez zuen izendapen orokor batekin».

Goreneko laugarren sailak aztertu behar zuen behargin horien egoerari buruz EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atera zuen epaia. Ebazpen horretan bi langileei aitortzen zitzaien langile mugagabe ez finkoak zirela, lan zuzenbidean erabiltzen den formula baliatuta. Goreneko epaileek ontzat jo dute partzialki Gasteizko Udalak eta Osakidetzak aurkeztu zituzten kasazio helegiteak, eta bertan behera utzi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren irizpide orokor hori.

Gorenak argudiatu du ordezko bi funtzionarioak ezin direla langile mugagabe ez finkotzat hartu, administrazioan ez baitago horrelako formularik. Administrazio publikoan dauden ordezkoei zein aldi baterako langileei dagokie interpretazioa.

Hala ere, epaiak onartu egin du bi kasuetako kontratazioetan «abusuak» egon zirela, eta Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ordezkoei buruz argitaratu duen azken jurisprudentzian oinarrituta, epaileek baliorik gabe utzi dituzte bi langileen kaleratzea eragin zuten erabaki administratiboak. Hots, lan harremanak jarraitu beharko lukeela uste du Auzitegi Gorenak, lanpostutik bota zituztenean zeuzkaten «eskubide profesional eta ekonomiko guztiekin».

Salatzaileen eskubide horiek indarrean egongo dira, harik eta administrazioek indarrean dagoen araudia bete arte. Horren arabera, ordezko baten kargugabetzea bakarrik gerta daiteke funtzionario batek haren lanpostua betetzen badu, edo izendapena behartu zuen programa edo eginbeharra amaitzen bada.

Epaitutako kasuetan, ebazpenak frogatutzat jo du bi langileek betebehar «egonkorrak eta iraunkorrak» izan zituztela. Hala izanik, legeak administrazioariexijitzen dio aztertzeko lanpostu horiek lanpostu zerrendan sartzea komeni den edo ez. Erantzuna ezezkoa balitz, ohartarazi du lanpostu hori ezin dela berriro bete behin-behineko egoeran dauden langileekin.

Kalte-ordaina, baldintzekin

Europatik ordezko langileen kaleratzeei buruz atera diren epaien arrastoari jarraitu dio Gorenak kalte-ordainei dagokienez, baina ñabardura batzuk sartu dizkio interpretazioari. Oro har, epaileek uste dute kontratuak abusu erabilera baten ondorioz kateatu dituzten kaltetuek badutela ordain baterako eskubidea, baina ondorioztatu dute kasuan-kasuan erabaki beharko dela ordain hori zein izan behar den. Hau da, ez dituzte kaleratze horiek parekatu lan zuzenbideko langile finkoek edo aldi baterakoek ordainak eskuratzeko dituzten baldintzekin (hogei eta hamabi egun lan egindako urte bakoitzeko, hurrenez hurren).

Horren ordez, kontratuen abusuzko izaera salatzen duen prozedura berdinean zenbateko kalteak egon diren zehaztea dagokio kaleratutako langileari, bi epaien arabera. Gasteizko Udaleko eta Osakidetzako bi langileei ez zaie onartu kalte-ordainik, Gorenak ondorioztatu baitu euren kargugabetzea baliorik gabe utzita eta harrezkero zegozkien ordainetarako eskubidea onartuta «osorik konpontzen» duela egindako kaltea.

2.000 langile publiko inguru ari dira borrokatzen kalte-ordain bat, Europako justiziak ateratako jurisprudentzia betez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.