Afganistanen 2.798 zibil hil dituzte aurten, gerra hasi zenetik kopururik handiena

Legebiltzarreko hauteskundeen atarian, handitu egin dira erasoak. Urtarriletik irailera 5.252 lagun zauritu dituzte. Asteon 17 urte bete dira inbasioa hasi zela
Kandaharko zibil batzuk euren etxea miatzen, atentatu baten ostean.
Kandaharko zibil batzuk euren etxea miatzen, atentatu baten ostean. MUHAMMAD SADIQ / EFE

Kristina Berasain Tristan -

2018ko urriak 11
Afganistango gerra hasi zela hamazazpi urte betetzen diren aste berean argitara emandako datuek erakusten dute herrialdearen egoera inoiz baino ezegonkorragoa eta latzagoa dela. Unama Nazio Batuen Erakundeko Afganistanerako Misioak jakinarazi du azken bederatzi hilabeteotan, urtarriletik irailera, 2.798 zibil hil dituztela, iaz epe berean baino %5 gehiago. 2001eko urriaren 7an hasi zen inbasioa, eta, gaur-gaurkoz, okupazioaren ondorioak itzelak dira. Dorre Bikien erasoaldiari erantzuteko estrategia guztiek egin dute huts zibilen egoerari erreparatuz gero. Urtea amaitu ez bada ere, jada 8.050 dira biktimak. Zauritutako zibilen kopurua apur bat murriztu da iazko lehen bederatzi hilabeteekin alderatuta: aurten 5.252 izan dira, iaz baino %3 gutxiago. Hazara etnia xiitako zibilen kontrako erasoak gehitu dira bereziki. Hazarajat eskualdean bizi dira hazarak, eta persieraz mintzatzen dira.

Estatu Islamikoa dago atentatuen %52ren atzean, eta talibanak dira, berriz, erasoen %40en erantzule. Muturreko sunitek berreskuratu egin dituzte okupazioaren ostean galdutako hainbat eskualde, eta erabat gogortuta daude hainbat hiriburutan. AEBetako Kongresuak iaz zabaldutako txostenaren arabera, talibanek lurraldearen %11 kontrolatzen dute, baina azken hilabeteetan eremu asko hartu dituzte bere gain. Abuztuan Ghaznin sartu ziren, Kabul hegoaldean dagoen hiriburu estrategikoan, ibilbide inportante batean baitago, eta maiatzean, berriz, Farah eskualdean —Iranen mugan dago—.

Helmand eta Kandahar erabat kontrolpean dituzte talibanek. Eta Nangarhar eta Faryab eskualdeetan aurrera egiten ari dira, erasoak etengabeak baitira horietan.

Talibanen boikota

Legebiltzarreko bozen atarian, handitu egin dira erasoak. Helmand eskualdean herenegun izandako atentatua izan da azkenekoa. Ekintzaile suizida batek, soinean zeraman lehergailua zartarazi, eta zortzi pertsona hil zituen, tartean bozetarako hautagai bat, Saleh Muhammad Achakzai. Lashkargah hirian izan zen erasoa, Helmanden. Talibanek bozak boikotatzeko deia egin eta biharamunean izan zen erasoa. Zabihula Mujahid talibanen bozeramaileak bozak eragozteko ekintzak egitera deitu ditu mujahidinak. Bezperan, 14 polizia eta 25 taliban hil ziren Maidan Wardaken. Sajedabab barrutian erasoaldi zabal bat egin zuten talibanek, eta borroka gogorrak izan zituzten segurtasun indarrekin. Jawzjanen, berriz, iparraldean, segurtasun indarretako hamabi kide eta 30 taliban hil ziren, muturreko suniten erasoaldiaren ostean izandako borroketan, Qush Typan.

Heldu den urriaren 20an dira egitekoak hirutan atzeratu diren hauteskundeak. Berez, 5.100 hautesleku zabalduko dituzte, eskoletan eta meskitetan horietako asko, eta, segurtasuna bermatze aldera, 54.000 soldadu eta polizia ezarriko dituzte horietan.

Bozak egingo zirela iragarri zenetik, nabarmen handitu dira atentatuak. Talibanen arabera, okupazio indarren mesedetan egin nahi dituzte hauteskundeak, eta tropak behingoz erretiratzeko eskatu dute. Afganistango Barne Ministerioarentzat, aldiz, demokraziaren izenean egingo dira bozak, eta prozesuarekin aurrera egiteko asmoa erakutsi du.

2010ean egin ziren azkenekoz legebiltzarrerako bozak. Presidentetzarakoak, berriz, heldu den apirilean egin beharko lirateke, eta erronka itzela izango da horiek egitea eta horien ostean gobernua eratzea. 2014ko bozen ostean, bi hautagai nagusiek batasuneko koalizioa eratu behar izan zuten, bigarren itzulitik hiru hilabetera. Ashraf Ghani presidentea eta Abdullah Abdullah gobernuko burua. Estatu Batuekin adostutako ituna izan zen, eta horri esker mantendu dituzte militarrak herrialdean: Washingtonek 14.000 soldadu ditu gaur egun Afganistanen.

Trumpen estrategia

Donald Trumpen agintaldian handitu egin da herrialdean dauden militarren kopurua, hori izan baita presidenteak duela urtebete iragarritako planaren neurrietako bat. Presidenteak hitzemandakoaren aurka egin, eta soldaduak bidali zituen, baina haren estrategiak porrot egin du, helburua bakea lortzea zela aintzat hartuta. Talibanekin negoziazioak bultzatzea izan da haren beste egitasmoa, baina hori ere hutsala izan da. Hamazazpi urteko gerran, talibanek behin soilik iragarri zuten aldebakarreko menia, aurtengo ekainean, baina hiru egunez baino ez zen egon indarrean. Qatarren uztailean bi aldeek egindako bilerek, zazpi urtean agindako aurrenekoek, ez zuten emaitzarik eman.

Talibanek Trumpi erantzun zioten Afganistan «amerikarren kanposantu» izango zela. Eta negoziatzeko proposamen guztiak baztertu dituzte. Egunotan, Zalmay Kahlilzad ordezkaria herrialdean da bake elkarrizketak sustatze aldera, baina, oraingoz, presidentearekin baino ez da elkartu.

2001eko azaroaren 12an bota zituzten boteretik talibanak, baina ordutik, urtez urte, gora egin du erresistentzian ari diren gerrillarien kopuruak. Duela hamar bat urte 15.000 zirela uste zen, eta gaur-gaurkoz 60.000 direla uste da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna