Koalizioarentzako azterketa

Hauteskundeak dituzte bihar Alemaniako Bavaria landerrean. Inkesten arabera, CSU Merkelen bazkideak berriz irabazi arren, galera historikoa jasan, eta gobernua osatzeko arazoak izan litzake
Markus Soeder Bavariako ministro-presidentea eta Horst Seehofer CSUko burua, kanpainan.
Markus Soeder Bavariako ministro-presidentea eta Horst Seehofer CSUko burua, kanpainan. LUKAS BARTH-TUTTAS / EFE

Mikel Rodriguez -

2018ko urriak 13
Hauteskunde eguna dute bihar Alemania hegoaldeko Bavaria landerrean. Alemaniako —eta Europako— ekonomia nagusietako bat da Bavaria, lander populatuenetan bigarrena da, eta azaleran, berriz, handiena. Horrez gain, eragin erabakigarria du Alemania osoko politikan, Bavarian guztiz hegemonikoa den alderdia, CSU Batasun Sozial Kristaua, Angela Merkel kantzilerraren CDU Batasun Kristau-Demokrataren bazkidea baita. II. Mundu Gerra bukatu zen urtean sortu zuten CSU (1945), eta behin bakarrik galdu ditu hauteskundeak: 1950ekoak, botoen %27,4rekin. Inkesten arabera, bihar berriz irabaziko du, baina 68 urtean jasan duen galerarik handienarekin. Gainera, AFD Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturreko alderdia lehenbiziko aldiz sartuko litzateke parlamentuan, eta Bavarian gobernua eratzea anitz zailduko luke horrek. Landerrak ezaugarritzat izan duen monotonia politikoa buka liteke bihar, eta uhinak Berlineraino ailega litezke.

CSUk 1954tik 2008ra arte gehiengo osoarekin irabazi zuen beti, eta 2013an gehiengo osoa berreskuratu zuen. Inkesten arabera, %33-35 artean geldituko da oraingoan. Iazko hauteskunde orokorretan ere erakutsi zituen akidura zantzuak, 2013an Bavarian botoen %49 lortu ondoren, iazko irailean %38ra jaitsi baitzen. CSUk, Bavariak berak bezala, identitate berezia du, eta, horregatik, emaitza txarrak edukiko balitu Juergen Falter politologoak uste du ez liratekeela interpretatu behar Merkeli emandako zigor gisa. «Gehienbat egotzi dakizkioke Horst Seehofer CSUko liderraren politikei eta erretorikari, eta bi alderdi senideen artean sustatu duen barne borrokari migrazioaren kudeaketa dela eta».

Hala ere, Johannes Gutenberg-Mainz Unibertsitateko irakasleak BERRIAri erran dionez, litekeena da Berlinen ondorioak izatea CSUren balizko emaitza txarrak. «Gerta liteke CSU aztoratzea, eta horren ondorioz bazkide are konplikatuagoa bihurtzea. Eta hori bai, hori arazo bat izanen da Angela Merkelentzat».

Migrazioaren eztabaida

CSUk Alemaniako Parlamentuko 709 ordezkarietatik 46 dauzka, eta hiru ministro ditu Alemaniako Gobernuan. Haren eragina EB Europako Batasunera ere ailegatzen da, bertzeak bertze, Manfred Weber CSUko buruzagiordea baita Europako Alderdi Popularraren presidentea, eta heldu den urtean Europako Batzordeko presidente izateko hautagai izanen da. Pertsona erabakigarria Seehofer CSUko presidentea da, Alemaniako Barne ministro izendatu zutenetik bere alderdia migrazio politikaren eztabaidaren erdian jarri baitu, Alemanian ez ezik, baita Europan ere. Merkeli presio egin dio migratzaileei Alemanian sartzea eragozteko neurri gogorragoak har ditzan, eta bere kabuz aliantzak egiten saiatu da migratzaileen aurkako diskurtsorik gogorrena duten EBko herrialdeetako gobernuekin.

«Bavariako hauteskundeen emaitzetan eragin dezakeen gai nagusietako bat da migrazioaren arazoa. Ia migratzaile guztiak Bavariatik sartzen dira Alemaniara», azaldu du Falterrek. Politika horrek, ordea, arazoak ekarri dizkio Seehoferri alderdi barrenean. «Alde batetik, CSUren jarraitzaile aurrerakoienak izutu ditu migratzaileekin erabili duen erretorikak eta erakutsi duen jarrera negatiboak. Bertze aldetik, CSUren jarraitzaile kontserbadoreenak uxatu ditu Merkelekin izan duen gatazkatik emaitza eskasa lortu duelako». Alemaniako Gobernuko alderdiek —CDUk, CSUk eta SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak— joan den astean itxi zuten immigrazio lege berrirako akordioa. Bertzeak bertze, EBtik kanpoko langile ez-kualifikatuen immigrazioa debekatzea hitzartu zuten, asilo politikoa lortzeko irizpideak betetzen ez dituzten kasuetan.

Seehoferrek ez du alderdiaren kontrol erabatekoa. Iaz hauteskunde orokorretan CSUk galera handia jasan ondoren, Bavariako Gobernuaren buruzagitza utzi behar izan zuen. Markus Soder Finantza ministro ohia da ordutik Bavariako ministro-presidentea, eta, bihar, karguan jarraitzeko hautagai izanen da. Seehoferren eta Soderren arteko harremana ez dago garairik onenean. Soderrek kanpainan eztenkada bat eman dio alderdiko buruari, erran baitu inkesten aurreikuspen txarrak «Berlindik heldu den zeharkako haizearen ondorio» direla. Seehoferrek bere burua defendatu du, erranez «azken sei hilabeteetan» ez duela parte hartu Bavariako politikan.

Inkesten arabera, bi indarrek eginen dute arrantza CSUren ur nahasietan. Alde batetik, Berdeek, bigarren indarra bihurtzeko aukera baitute, SPD gaindituta. Bertze aldetik, AfDk botoen %10 gainditu ditzake, eta hamabortzgarren landerrean lortuko luke ordezkaritza —hamasei dira—. Falter politologoaren arabera, bertzeetan gertatu bezala, inork ez luke koaliziorik eginen AFDrekin, eta 1950eko hamarkadatik lehen aldiz ziurtasunik gabeko egoera batean geldi liteke Bavaria. «CSUk bere burua behartuta ikus lezake Berdeekin koalizio bat egiteko, baina hori hagitz zaila izanen da, bi alderdiek ezinikusi handia baitiote elkarri».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna