Tajanik ez du «ezer berririk sumatu» 'brexit'-erako Mayren proposamenetan

Europako Parlamentuko presidenteak baieztatu du trantsizio epea luzatzeaz aritu direla Erresuma Batuko lehen ministroarekin: «Irtenbidea izan daiteke»
Sanchez Espainiako presidentea, Merkel Alemaniako kantzilera, Juncker Europako Batzordeko presidentea eta Macron Frantziakoa, atzo, Bruselan.
Sanchez Espainiako presidentea, Merkel Alemaniako kantzilera, Juncker Europako Batzordeko presidentea eta Macron Frantziakoa, atzo, Bruselan. O. HOSLET/ EFE

Ander Perez Zala -

2018ko urriak 18
Erresuma Batuaren eta EB Europako Batasunaren arteko negoziazioak ez aurrera ez atzera geratu ziren joan den igandean. Horregatik, atzo abiatu zen Europar Kontseiluaren goi bilera une egokia izan zitekeen blokeoa hautsi eta brexit-ari buruzko negoziazioak berriz ere bideratzeko. Helburu horrekin iritsi zen Bruselara Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, eta EBko estatuburuak eta gobernuburuak ere mugimendu horren aldekoak ziren, kontuan harturik Mayren esku utzi zituztela aurrerapausoak, atzo proposamen berriak aurkeztuko zituelakoan. Baina, Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak jakinarazi zuenez, ez dirudi aurrerapausorik izan zenik atzoko afarian: «Ez dut ezer berririk sumatu Mayren hitzaldiaren edukian», adierazi zuen Erresuma Batuko lehen ministroa entzun ostean.

Aukera baliagarri bat galdu dutela jakin arren, Tajani espero baino baikorrago agertu zen publikoki. Izan ere, nabarmendu zuen irailean Salzburgon (Austria) izandako goi bileran baino «tonu lasaiagoa» izan zutela atzo, eta, gauza guztien gainetik, Mayk «akordio bat adostu nahi duenaren tonua» erakutsi zuela EBko gainontzeko lider gorenen aurrean. Horregatik, Europako Parlamentuko presidentea «baikor» agertu zen, «oraindik denbora» dagoelako.

Goi bilera abiatu baino lehen, Michel Barnier EBko negoziatzaileak aukera berri bati ireki zion atea: 21 hilabete iraungo duen trantsizio epea luzatzea —Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek eskari hori egin zuen astelehenean—. Goizean egindako adierazpenetan, proposatu zuen urtebetez luzatzea epe hori, 2021eko abendura arte, eta EBko lider gorenek begi onez ikusi zuten. Nabarmentzekoa izan zen, batez ere, Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroaren babesa, negoziazioetan konpontzeke dagoen auzi garrantzitsuena baita Irlandako mugaren auzia. Londresen aldetik, atzo gauean ez zen ideia horren inguruko erantzunik izan, baina badirudi Mayk proposamen berria kontuan hartuko duela. Europako Parlamentuko presidenteak berak ere begi onez ikusten du epea luzatzea, baina hark, ganberaren izenean, adierazi zuen nahiago dutela hiru urtera luzatu; hala ere, Barnierrek proposaturiko epearekin «guztiz ados» agertu zen, eta baieztatu zuen gaiaz eztabaida izan zutela Erresuma Batuko lehen ministroarekin. «Irtenbidea izan daiteke», gaineratu zuen.

Etxean May babesten duen Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokrata Unionistak, berriz, eszeptizismo handiz hartu zuen trantsizio epea luzatzearen ideia. Izan ere, Diane Dodds eurodiputatuak Twitter bidez adierazitakoaren arabera, proposamenak «ez ditu alderdiaren kezkak uxatzen», backstop delakoa ez duelako «aldatzen». Londresek eta Bruselak, biek ala biek eragotzi nahi dute muga gogorra Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren artean, baina oraindik ez dira ados jarri kontrolak eragozteko sisteman; Erresuma Batuak, EBtik aterata, aduana batasuna eta merkatu bakarra ere utziko ditu, eta, horren ondorioz, mugako kontrolak itzul litezke barne mugara, negoziazioetan halakorik ez gertatzeko akordio bat egin ezean. Gaur-gaurkoz, hori saihesteko Mayren proposamenek ez dute errespetatzen merkatu bakarra, Tajanik gogorarazi zuenez. «Lau askatasunak [ondasunak, kapitalak, zerbitzuak eta pertsonak nahierara mugitzea] ezin dira zatitu, ezin dira banandu».

Barnierrek proposaturiko epeari baiezkoa emanez gero, Erresuma Batuak beste urtebetez jarraituko luke EBko aduana batasunean eta merkatu bakarrean. May ados agertu arren, litekeena da Barnierri eskatzea backstop-ari buruz duen jarrera leuntzea, epeari buruzko baiezkoak harrera ona izan dezan Erresuma Batuan. Trantsizio epea luzatuta, bi aldeek denbora gehiago izango lukete etorkizuneko harremana zehazteko eta, beraz, Irlandako barne mugari buruzko auzia konpontzeko.

Akordio ezerako prestatzen

Bien bitartean, bi aldeek akordio bat adosteko nahia eta beharra hamaika aldiz errepikatu duten arren, publikoki hasiak dira adostasunik gabeko testuinguruaz mintzatzen, eta, Mayri presio egiteko bada ere, Europako bi potentzia nagusiak, Alemaniak eta Frantziak, urrats eta adierazpen esanguratsuak egin zituzten atzo.

Batetik, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak lehenengoz aitortu zuen akordiorik gabeko brexit-erako prestatzen hasiak direla; bestetik, Frantziako Senatuan lege proiektu bat aurkeztu zuten, testuinguru horretarako egin beharko liratekeen lege aldaketak prestatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna