7.000 kontratu zuzendu ditu lan ikuskaritzak, iaz baino %72 gehiago

Gutunak bidali ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 2.430 enpresatara, iruzurra egin dutelakoan, eta haietako erdietan lan kontratuak zuzendu dituzte. Ostalaritzan topatu dute iruzur gehien

Jesus Loza eta Maria Jesus San Jose, erdian, atzo, lan ikuskaritzaren datuak aurkezteko egin zuten agerraldian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Urtarriletik irailera arte 7.080 kontratu arautu dituzte, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iaz urte osoan baino %72 gehiago. Lan esparruan dauden kontratu irregularrak azaleratzeko saioan batera aritu dira Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza, eta elkarlan hori azpimarratu zuten Jesus Loza Espainiako ordezkariak EAEn eta Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuak, atzo.

Iaz, 1.979 kontratu erregulatu zituzten; bada, 2018ko lehen bederatzi hilabeteetan hirukoiztu egin da kopuru hori. «Ezinbestekoa da lan esparruko baldintzak hobetzea, aurreko gobernuek prekaritate handia zabaldu baitzuten», esan zuen Lozak, PPren aurreko gobernuei erreferentzia eginez. Horregatik, oraindik «lan eskerga egiteko» dagoela gaineratu zuen.

Joan den ekainean, Lan Duinaren 2018-2020 Plana jarri zuen martxan Espainiako Gobernuak, eta ordutik 1.348 kontratu irregular azaleratu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gobernuko ordezkariak azaldu zuenez. Erregulatutako gainerako 5.732 kontratuak, ordea, Gizarte Segurantzako ikuskaritzak urte osoan egindako zaintza kanpainei dagokie. Eta Lozak, beste behin, Pedro Sanchezen gobernuak egindako ahalegina nabarmendu zuen, hilabete gutxi hauetan «galdutako lan baldintzak berreskuratzeko ahalegina» egin duelako. Eta, ostera, datu berri gehiago eman zituen: plana martxan jarri denetik lan kontratu mugagabe bilakatu dira behin-behineko 1.131 kontratu Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan.

«Datu horiekin ikuskaritza lanak areagotzeko asmoa berresten dugu; kontratazioan egiten diren iruzurrei aurre egiteko baliagarria izango da», esan zuen San Josek. Urrira arte erregulatutako 7.080 kontratu horien zenbatekoa «datu ona» dela nabarmendu zuen; bide horretan sakontzen jarraitzeko asmoa dauka sailburuak. «Orain arte hartu dugun bidea egokia dela erakusten digute datu horiek guztiek». Baina oraindik lan eskerga daukatela gaineratu zuen Lozak, «PPk utzitako ondorengoari buelta emateko asko falta delako». Hilabete gutxi daramate boterean, eta, horregatik, bide horretan jarraitzeko «konpromisoa» hartu zuen.

Gutunez ohartarazten

Lan ikuskaritzak «ahalegin berezia» egiten ari dela azaldu zuen Espainiako ordezkariak, eta gogoratu zuen ikerlari gehiago kontratatzeko deialdi publikoa ere martxan dagoela. «Egun daukagun lantaldea %10 handituko da». Ikerlari talde horrek abuztuan eta irailean 2.340 gutun bidali zituen kontratu irregularrak egin ahal zituzten «enpresa susmagarrietara». Kontratazio epean egindako iruzurrengatik bidali ziren 1.466 gutun, eta gainerako 964ak behin-behineko kontratuengatik. «Lehen abisua» ematea zen gutunen helburua, eta hein batean helburua bete dela ematen du. Eskutitza jaso zuten enpresen erdietan baino gehiagotan behin-behineko kontratupeko langileak mugagabe izendatu zituzten.

Gutun horiek 4.272 langileri eragin zieten, eta gehien agertutako iruzurrak hauek izan ziren: obra kontratu batekin lau urte baino gehiago egotea, eta behin-behineko kontratuak bata bestearen atzetik 24 hilabetez lotzea 30 hilabetean. Kontratu irregular horiek egiten dituzten sektoreen artean ostalaritza nabarmendu dute gehien; arau hausteen laurdenak sektore horretakoak dira. Txikizkako merkataritzan ere aurkitu dituzte horrelako kontratazioak, eta azaleratutako kasuen %18 alor horretakoak ziren. Behin-behinekotasunari dagokionez, era horretako kontratuen %46 ostalaritzakoak izan direla azpimarratu zuen Lozak.

Sektore horietan egin dute ahalegin handia, badakitelako han gertatzen direla iruzur gehienak; baina beste lan jardunetan ere lupa jarriko dutela aurreratu zuen Espainiako ordezkariak. «Lan hori guztia egiteko denbora behar dugu, ordea, ezin baita hilabete gutxian jasotako egoera goitik behera aldatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.