«Muga legez kanpo gurutzatzea» egotziko diete 24 marinel ukrainarrei

Krimeako auzitegi batean epaituko dituzte, eta gehienez sei urteko zigorra jaso dezakete; horietako hamabi behin-behineko espetxealdian daude. Errusiak berretsi du ez duela bitartekaririk behar
Igandean harrapaturiko Ukrainako 24 marineletako batzuk Krimean, atzo, auzitegi batean sartzen.
Igandean harrapaturiko Ukrainako 24 marineletako batzuk Krimean, atzo, auzitegi batean sartzen. ARTUR SHWARZ / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko azaroak 28
Mendebaldeko potentziek presio diplomatikoa areagotu duten arren, Errusiak aurrera jarraitzeko asmoa jakinarazi du: igandean Azoveko itsasoan sartzear zeudela harrapaturiko 24 marinel ukrainarrei «muga legez kanpo gurutzatzea» egotziko die, eta gehienez sei urteko zigorra jaso dezakete. Erabaki horrek, bada, are gehiago zailduko ditu Errusiaren eta Ukrainaren arteko harremanak, Krimearen anexioarekin nabarmen okertu zirenak; hain justu, Errusiako zerbitzu juridikoek jakinarazi dute marinelak Krimeako hiriburuko, Simferopoleko auzitegi batean epaituko dituztela, oraindik zehazteke dagoen data batean. Bien bitartean, honako hau da egoera: harrapaturiko marineletariko hamabi atxilotuta dauzkate, eta behin-behineko espetxealdian sartu dituzte, urtarrilaren 25era arte. Gainontzekoak gaur eta bihar igaroko dira epailearen aurretik —hiru ospitalean daude oraindik, zaurituta—, eta orduan erabakiko dute zer neurri hartu, Liudmila Lubina Krimeako Herriaren Defendatzaileak atzo jakinarazi zuenez.

Krimea berriz ere agenda politikoan sartu duen auzia igandean gertatu zen: egun horretan, Kieven itsas armadako hiru ontzi Ukrainaren eta Errusiaren arteko Azoveko itsasoan sartzen saiatu ziren, Itsaso Beltzarekin lotzen duen Kertxeko itsasartetik; orduan, Moskuren itsasontziek atzera egiteko agindu zieten Kievekoei eta, Errusiaren bertsioaren arabera, hala egin ez zutenez, ontziak atzeman behar izan zituzten, haren baimenik gabe sartu nahi zutelako Azoven. Denera, sei zauritu izan ziren Errusiako itsas armadaren tiroen ondorioz.

Krimea Errusiaren barruti federala denetik, Moskuren eta Kieven arteko borroka etenik gabekoa izan da, politikoa zein militarra, eremuaren kontrola bietako nork duen argitzeko; horren hamaikagarren ondorioa izan zen, beraz, igandekoa. Izan ere, Ukrainarentzat anexioa «legez kanpokoa» denez, Azoveko itsasoa kostaldean duten Krimea eta beste hainbat hiri bere eremuaren parte dira, eta, ondorioz, ez du Errusiaren baimenik behar han sartzeko; Moskurentzat, aldiz, itsasartea gurutzatu osteko itsasoa haren kontrolpeko eremua da. Interes talka horretan, Kertxeko itsasarteak berebiziko garrantzia du, Azovera itsaso bidez sartu eta ateratzeko bide bakarra baita —gainean Krimea Errusiarekin lotzen duen zubia du—.

Horiek horrela, bakoitzak bere bertsioa duen arren, gaur-gaurkoz Mosku da itsasartearen bi aldeen kontrola duena, eta horrek ahalbidetzen dio ontzi ukrainarrei bidea ixtea: Azoveko itsasoa Errusiako eremu bilakatuta, Errusiak lortu du bere interes komertzialak defendatzea, Kievekiko presioa areagotzea eta eremuan duen presentzia militarra handitzea. Horrek, batez ere, Petro Poroxenko Ukrainako presidenteari sortu dizkio buruhausteak: Ukraina hego-ekialdeko Mariupol, Berdinas eta Henitxesk herriak, esaterako, euren portuetan oinarritzen duten aktibitate ekonomikoa, eta, horrenbestez, ezinbestekotzat dute Azovetik Itsaso Beltzera joateko bidea irekita egotea; hori Kertxeko itsasartetik igarota egin dezakete soilik.

Beraz, egoera horren aurrean, Poroxenkok Errusiarekin muga duten eremuak salbuespen egoeran jartzea erabaki zuen herenegun, dekretu bidez, eta parlamentu nazionalak baiezkoa eman zion erabakiari; gaur sartuko da indarrean, eta 30 egun iraungo du.

EBren mezu «indartsu» eske

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa auziaz iritzia eman zuen atzo, eta adierazi zuen EB Europako Batasunak mezu «indartsua» bidali beharko liokeela Ukrainari, talka gehiagorik ez izateko.

Agintari errusiarra Parisen izan zen atzo, eta Frantziako Atzerri ministro Jean-Yves Le Drian alboan zuela berretsi zuen Moskuk ez duela bitartekaririk behar auzia konpontzeko. Agerraldi berean, Le Drianek adierazi zuen «keinu bat» espero zuela Errusiaren partetik, auzia konpontze aldera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna