Athletic

Aldaketari bide eman diote

Aitor Elizegik irabazi ditu Athleticeko hauteskundeak. Hura izango da talde zuri-gorriaren historiako 34. presidentea. Bazkideak eta Lezama kokatu nahi ditu klubaren geroaren erdigunean

Aitor Elizegi botoa ematen, atzo goizean, Ibaiganen. Hura izango da Athleticek presidente datozen lau urteetan. ARITZ LOILA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Ibaiganek maizter berria dauka: Aitor Elizegi (Bilbo, 1966). Athleticeko bazkideek aldaketaren alde egin dute, eta 9.264 lagunek Elizegiren hautagaitzaren alde egin zuten atzoko hauteskundeetan —9.179 boto jaso ditu Alberto Uribe-Etxeberriak—. Denera, 19.060 bazkide joan ziren botoa ematera: deituta zeudenen %46. Aurkeztu edo ez aurkeztu ibili eta gero, ezustea eman du. Izan ere, Alberto Uribe-Etxeberriaren hautagaitza jotzen zen faboritotzat, segidaren hautagaitza. Orain, Elizegik sukaldari ibilbidean erabili dituen osagai eta errezetak aplikatu nahi ditu klub zuri-gorria gidatzeko. Athleticeko historiako 34. presidentea izango da.

Egun osoan, etengabea izan zen bazkideen joan-etorria. Mazarredo kalean ilara luzeak osatu ziren tarte batzuetan. Giro onean egin zen bozketa. Elizegik 30 urte baino gehiago daramatza bazkide gisa, eta, batez ere, sukaldaritza munduan egindako lanagatik da ezaguna. Ez da euskal hiztuna.

Bilbao Dendak-eko presidentea da, eta Gaminiz Bascook, Slow Cook Txocook, KIuring Club, Bascook eta Basquery jatetxeko burua izan da. Orain, sukaldea alde batera utzi, eta Ibaiganeko bulegoa izango du lantoki. Dena den, gutxienez 2019ra bitarte, Bilbao Dendakeko presidente segituko du. «Ez dut nahi jendeak pentsatzea gauza bat bestearekin aldatzen dudanik. Izan ere, ezin da Bilborik izan Athletic gabe, baina ezta dendarik eta merkataritzarik gabe ere».

2007an, Juan Carlos Erkorekaren hautagaitzako kide izan zen. Baina, azkenean, Fernando Garcia Macua gailendu zen hauteskunde haietan. Aurkezteko zalantzak izan zituen oraingo honetan, eta, baiezkoa eman eta gero, atzera egin zuen, baina hurrengo egunean urratsa egin zuen. Prest ikusten du bere buruari gaurtik aurrera izango duen erronkari heltzeko: prest dago orain presidente izateko erronkari heltzeko: «Garai aproposa da: fresko eta sasoiko ikusten dut neure burua, eta lantalde ezin hobeak inguratuta».

Hain zuzen ere, Elizegi kritiko agertu zen Urrutiaren zuzendaritzak ezarritako hauteskunde datarekin: «Are gehiago, taldearen kirol egoera kontuan hartuta. Gainera, bi hautagaiak ez gara berdintasunean lehiatu, guk diru bermea jarri behar izan dugulako». Alde horretatik, argitasuna agindu du Elizegik, eta gaur bertan jakinaraziko du hurrengo hauteskundeen data, baina aurreratua du 2022ko uztailean izango direla.

Gaizka Garitanok aulkian segitzaren alde azaldu da, eta, Uribe-Etxeberriak ez bezala, Elizegik hauteskunde kanpainan jakinarazi zituen bere lantaldean kirol esparruko ardura izango dutenen izenak. Hemendik aurrera, Rafa Alkortak eta Andoni Aiertzak jokalari ohiek gidatuko dute esparru hori, eta Manolo Garcia Meco prestatzaile fisiko ohia izango dute kanpo aholkulari gisa. Bi lan esparru nagusitan ariko dira: harrobiko taldeei jarraipena eginez, batetik, eta Lezamatik kanpoko jokalariak ikuskatuz, bestetik. Aiertzak argi utzi zuen hauteskunde kanpainan zein izango duten erronka: «Lezama futbolariak prestatzeko Europako lantegirik onena izatea nahi dugu». Emakumeen taldeak, gainera, kirol zuzendari bat izango du: «Eskarmentu handikoa, bai hemen eta bai atzerrian». Hor, ordea, ez zuen izenik eman, eta ikusi beharko da datozen egunetan argitzen den.

Urtarrilaren 1ean irekiko da berriro ere fitxaketak egin ahal izateko merkatua, eta Fernando Llorenteren, Ibai Gomezen edo Ander Herraren itzuleraren inguruan behin baino gehiagotan galdetu zitzaion hauteskunde kanpainan Elizegiri. Gaurtik aurrera presidente denak argi dauka: «Ateak zabal-zabalik dituzte, eta gu prest gaude hitz egiteko Atheticera itzuli nahi duela argi eta garbi esaten duen edozein jokalarirekin».

Animazio gunea

Uribe-Etxebarriaren antzera, egoki ikusten du jokalariek etete klausularik ez edukitzea. «Abiapuntu ona da». Dena den, ez du egoki ikusi Urrutiaren zuzendaritzak azken unean hartu izana neurri hori: «Ez dugu ulertzen halako kontratu bat hiru jokalarik soilik edukitzea ere. Gure ustez, jokalari guztien artean zabaldu behar da».

Kirol arlotik harago, arlo soziala indartzeko asmoa du Elizegik. Hori izan da haren hautagaitzaren zutarri nagusia, eta, aurreratu zuenez, agintaldiaren muinetako bat izango da. «Bazkideak kokatuko ditugu horren erdigunean». Hala, asmo argi bat du: 3.000 zalez osatutako animazio gune bat sortzea: «San Mames zaharrean zegoen giroa berreskuratu nahi dugu, eta animazio gune hori Europan erreferente izatea». Gune horretan gazteak kokatzea nahi du, eta, hori dela eta, erraztasunak eman nahi dizkie kuota ordaintzeko.

Horrekin batera, Bikain bazkidea izeneko figura sortuko du, eta, bazkide urteak kontuan hartuta, abantaila batzuk izango dira. Klubaren inguruko erabakietan bazkideek pisu handiagoa izango dute. Horretarako, aurretik estatutuak aldatu beharko dituzte.

Ekonomikoki Athleticek inbertsio eta finantzaketa gaitasun handiagoa izateko lan egingo du, eta nazioartean haren ikurra indartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.