Irabazien belak hauspotuta

Euskaltelen negozioa ia %11 hazi da 2018an, eta ia 63 milioi euro irabazi ditu. Tubacex irabazietara bueltatu da, eta «hedapen handia» espero du aurten. Burdineria sektorean %3,1 igo da ekoizpena

Euskalteleko presidente Alberto Garcia Erauzkin, erdian, 2017ko akziodunen batzarrean, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE.
Xabier Martin - Jon Fernandez
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Euskal konpainia gehienek haizea alde daukate, eta hori berretsi dute atzo argitaratutako hainbat emaitzak. Hazkundearen eta irabazien belak hauspotuta iritsi dira 2019ra, Europan eta Euskal Herrian hazkundea moteltzea espero den urtera. 2017. urtean baino irabazi handiagoak lortu dituzte batzuek, eta galerak atzean uztea beste batzuek:

EUSKALTEL

Irabaziak, ia %27 gehiago

Derioko (Bizkaia) konpainiaren negozioa %10,7 hazi zen joan den urtean, 674 milioi euroren salmentak izateraino. Euskaltelek nabarmendu du EBITDA marjina portzentajeko 42 puntu igo dela azken urtean, eta emaitzak izan duen hazkundea loturik dagoela konpainiak bere produktuak sorta moduan saltzeko hartu duen erabakiarekin. Euskaltelen bezero bakoitzak, batez beste, 3,6 produktu kontratatu ditu 2018an. Horiek horrela, 62,8 milioi euroren mozkinak lortu ditu, %26,6 gehiago.

Hala, zuzendaritzak akzio bakoitzeko 0,31 euroko dibidendua proposatu du, CNMVri jakinarazitako emaitza horiek kontuan hartuta. Edonola ere, akziodunen batzarrak onartu beharko du dibidendu horren banaketa. Bestalde, konpainiaren zorra 74,4 milioi euro txikiagoa da, azken urtean egindako ahalegina tarteko.

Euskaltelek hedapen prozesu sendo bat abiarazi du, eta 2019an hainbat lurraldetara iritsiko da: esate baterako, Kantabriara, Leonera, Errioxara eta Kataluniara, eta, gainera, zabaltzen jarraituko du Nafarroan. Iaz sartu zen Euskaltel Nafarroan: Iruñerrian eta beste herri nagusi batzuetan hasi zuen hedapena, eta etorkizun hurbilerako jarritako helburuen artean dauka lurralde horretako merkatuaren %20 eskuratzea 2022rako.

Bestetik, Euskaltelen lema eskuz aldatzeko aukerak indarra hartu du urte hasieraz geroztik.Erresuma Batuko Zegona funtsak berretsi egin du Euskaltelen akzioak erosiko dituela merkatuan, akziodun handiena bihurtzeko, eta horrek zuzendaritza aldaketa eragin lezake.

Badago arriskua, beraz, Euskaltelen erabakigunea Euskal Herritik aldentzeko. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak ez du baztertu Euskaltelen akzioak erostea konpainiaren euskal jatorria sendotzeko, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapeneko sailburuak BERRIAri esan zionez joan den otsailaren 2an.

TUBACEX

Irabaziak, eta hedapena

2017an ia 20 milioi euroren galerak izan zituen Laudioko konpainia tutugileak (Araba), petrolioaren sektorean izandako krisiak eraginda. Baina iaz egoerari buelta ematea lortu zuen, 17,4 milioi euroren mozkinak lortu baitzituen, 2017ko emaitzak %168,2 hobetuz.

Hala eta guztiz ere, Tubacexek oraindik zor handia dauka pilatuta, 254,5 milioi euro, azken urtean milioi bat gehiago pilatu ondoren. Enpresak azaldu du eskaerak egin ahala ekoizten duela, eta zorra estuki loturik dagoela zirkulatzailearekin. Altxortegi hori 222 milioi eurorena da, 2017an baino 29,2 milioi gehiago.

Kutxa horren bolumen gehiena «dagoeneko salduta» dagoela azaldu zuen atzo Jesus Esmoris kontseilari ordezkariak, eta zati hori zorraren %86 dela. Esmorisek uste du konpainia «indarturik» atera dela «sektoreko krisi luzeenetik», eta konbentzituta dago Tubacexek badituela egiturak datozen urteetarako aurreikusitako hazkundea bere alde jartzeko.

Esmorisek konpainiaren helburuetako bat zehaztu du, gainera: munduko lehen hornitzaile bihurtzea aleazio handiko hodietan. 2020. eta 2021. urteetarako «hedapen handia» iragarri du, eta inbertsioak ere egingo dituela hori horrela gerta dadin.

ITP AERO

69 milioi euroren irabaziak, 2017an baino %9,2 gutxiago

Zamudioko aeronautika konpainiak 880 milioi euro fakturatu zituen iaz, 2017an baino %6 gehiago, baina zergak ordaindu eta gero, 69 milioi euroren irabazi garbiak izan ditu, aurreko urtean baino %9 gutxiago. Egoitza nagusia Bizkaian izan arren, Rolls Royce britainiarra da jabea, 2016an Getxoko Senerri konpainia osoa erosi zionetik.

Carlos Azola ITP Aeroren zuzendariaren esanetan, aurten konpainiaren salmentek bi digituko hazkundea izango dute. Irailean planta berri bat jarriko du martxan Derion, eta 14,2 milioi euroko inbertsioa egingo du bertan.

Halaber, Alvarezek esan du «goizegi» dela jakiteko zer eragin izango duen konpainian Airbusek erabaki izanak ez duela A380 modeloko hegazkin gehiago egingo —ITPk turbinak egiten ditu horientzako—, «baina gai izan beharko genuke ezer berezirik egin gabe moldatzeko».

ESKUIN

Barne merkatuaren bultzadaz, gora

Emaitza onak eman dituzte Burdineriako eta Industria Hornikuntzako Eskuin klusterreko bazkideek ere. Iaz, 369 milioi eurora iritsi zen klusterreko bazkideen ekoizpena: 2017an baino %3,1 gehiago.

Gorakada horri barne merkatuak eman zion bultzadarik handiena, salmentak %4,78 igota; esportazioek ere gora egin zuten iaz, baina indar txikiagoarekin, %1,3 hazi baitziren. Ekonomiaren desazelerazio arrastoak sumatzen hasi arren, Eskuineko presidente Cesar Sainzek azaldu du 2019rako «itxaropena» daukala: «Espero dugu ekoizpenean eta esportazioan azken bost urteetan bezala hazten jarraitu ahal izango dugula».

VISCOFAN

123,7 milioiren irabaziak

Viscofan talde nafarrak %1,4 handitu zituen irabaziak joan den urtean, 123,7 milioi euroraino. Negozio zifra garbia ere %1 handitu zuen taldeak iaz, 786 milioi euroraino. Zorra 41,1 milioi eurotik 79,6 milioira handitu du urtebetean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.