EBZk datorren urtera arte atzeratu du interes tasak zerotik igotzeko aukera

Motelaldia uste baino gehiago irauten ari dela onartu du Draghik. Hazkunde iragarpena %1,7tik %1,1era txikitu du. Bankuei likidezia handiagoa emango die

Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentea, atzo, Frankfurten. ARMANDO BABANI / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Marka bat hautsita utziko dio Mario Draghik Europako Banku Zentraleko presidente izateari, hurrengo udazkenean: bost urteko agintaldian ez ditu behin ere interes tasak igoko. Oraintsu arte,lehen igoerarekin agur esango zuela espero zen, udan baitziren gora egitekoak interes tasak, lehen aldiz 2016ko martxoan %0ra jaitsi zirenetik. Baina euroguneko ekonomiaren pattalaldiak hainbat hilabetez atzeratu du balizko igoera hori. EBZk orain uste du asko jota 2020 hasieran aldatuko dituela, betiere ordurako argitzen badira euroguneko ekonomia estaltzen duten lainoak.

EBZren iragarpenak ustekabean hartu ditu analistak, merkatuak, baina baita banku zentralaren berri ematen duten kazetariak ere. Neurriak zerbait ezkutatzen ote zuten galdetu zioten Draghiri, baina ezetz erantzun zien. Mugimendu «erreaktibo» bat izan beharrean, «proaktiboa» izan dela. Hots, interes tasak %0an jarraituko dutela gauzek okerrera egin ez dezaten. Draghik 2011ko azaroan hartu zuen EBZren gidaritza, eta interes tasak %1,5etik %1,25era jaitsita estreinatu zuen agintaldia.

Interes tasak gutxienez beste sei hilabetez zeron jarraitzeko erabakia «datuek eragindakoa» zela azaldu zuen Draghi. Datu horiek diote moteltzen ari dela barne produktu gordinaren hazkundea, eta, EBZk uste zuenaren aurka, ahultasun hori ez dela une bateko kontua izan. Arrazoien artean, ohiko susmagarriak: brexit-a eta zenbait herrialdek hartutako neurri protekzionistek nazioarteko merkataritza geldotu dutela.

«Atertzen ez duen ziurgabetasunak» inbertsioak geratzen ditu, eta traba egiten dio, berriz, euroguneko ekonomia bultzatzen duten beste indarrei: hala nola langabeziak jaisten jarraitzen duela, «motelago bada ere»; soldatak oro har hazten ari direla; kontsumoa «maila onean» dagoela; finantzaketa lortzea gero eta errazagoa dela, eta EBZren diru politika «lagungarria» dela.

Iragarle ezkorrek esaten dutenaren aurka, atzeraldi baterako «oso aukera gutxi» ikusten du EBZk, baina onartu behar izan du hazkundea «nabarmen» txikiagoa izango dela. Orain uste du aurten BPGa %1,1 handituko dela aurten —%1,7 iragarri zuen abenduan—, eta %1,6 2020an.

Baina balizko interes tasen igoera ez da atzo EBZk «aho batez» hartutako erabaki bakarra. Batetik, berretsi egin zuen berriro inbertituko duela zorra masiboki erosteko programaren ondorioz bueltan jasoko duen dirua. Hau da, estatuek eta enpresek zorra itzultzen diotenean, diru hori zor gehiago erosteko erabiliko duela. 2015eko martxoan jarri zuen programa hori martxan EBZk, eta iazko abenduan eten zuen, ia 2,6 bilioi euro inbertitu ondoren. Diru hori dopinaren modukoa izan da finantza merkatuetan, eta dosirik gabe funtzionatzeko oraindik goiz dela uste du banku zentralak. Aurten 200.000 milioi euro inguru izango dira. Oraingoz zorra erosteko beste programa masiborik ez du buruan EBZk, baina askotan esan du beharrezkoa bada abian jar dezakeela.

Bestetik, EBZk TLTRO izeneko enkanteen hirugarren saioa egingo du. Horien bidez, bankuei baldintza onetan utziko die, ez dezaten aitzakiarik izan beren bezeroei maileguak emateko. Neurri garrantzitsua da, aurreko TLTRO saioko maileguak —744.000 milioi euro— orain itzuli behar dituztelako bankuek. Batez ere Italiako bankuek (244.000 milioi) eta Espainiakoek (170.000 milioi) baliatu zituzten aurreko enkanteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.