Iranek iragarri du ez dituela beteko akordio nuklearrean adostutako hainbat neurri

Trumpek itunetik ateratzeko duela urtebete hartutako aldebakarreko erabakiari erantzun dio Rohanik. Teheranek hitza ez betetzea egotzi die beste sinatzaileei

Hassan Rohani Irango presidentea, asteartean, zentral nuklear batera egindako bisitaren harira emandako hitzaldian, Teheranen. EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Teherani pazientzia amaitu zaio. Hassan Rohani Irango presidenteak jakinarazi du uko egingo diola itun nuklearrean adostutako hainbat konpromiso betetzeari. Berez nazioarentzat zen presidentearen telebistako hitzaldia, baina mundu osoari bidali dio mezua, bereziki Donald Trumpi. Rohanirena Ameriketako Estatu Batuei emandako erantzuna da; izan ere, atzoko egunez duela urtebete akordio nuklearretik ateratzeko aldebakarreko erabaki polemikoa hartu zuen Trumpek.

JCPOA Ekintza Bateraturako Plan Integrala «fikzio» bat zela adierazi zuen orduan Trumpek: «Ekialde Hurbilean arma lasterketa bat izango da akordioari eutsiz gero». Pauso horrek mundu mailako lurrikara politikoa sortu bazuen ere, zuhurtasuna eta neurritasuna izan zen erantzuna. Iranek hitzarmenean jarraitzeko asmoa agertu zuen, baina orain, ulertuta beste sinatzaileak ez direla akordioaren beren partea betetzen ari, konpromiso nuklearrak 60 egunez murriztuko ditu. Neurria negoziazioa behartzeko estrategiatzat jo dute adituek.

Irango programa nuklearra mugatzen duen ituna 2015ekoa da; Barack Obamaren garaikoa. Iranek eta AEBek ez ezik, beste bost herrialdek ere sinatu zuten akordioa: Errusiak, Txinak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Alemaniak. AEBen aldebakarreko erabakiarekin oso kritiko agertu ziren beste bost potentziak, eta, ildo horretan, konpromisoari eustea erabaki zuten.

Rohanik, baina, hitza ez betetzea leporatu die potentziei, haren ustez ez direlako betetzen ari euren konpromisoak, eta, hortaz, bi urrats iragarri ditu, uranio aberastuaren eta ur astunaren kopuru mugei dagokionez. Iran uranio aberastua saltzen aritu da bi herrialderi, ekoizpenak 300 kilogramoko maila gainditzen zuenean. Neurri hori bertan behera utzi eta ur astuna saltzeari ere uko egingo diotela zehaztu du presidenteak.

Diplomaziaren bidea

Rohaniren jarrera, baina, ez da hertsia, mehatxuak mehatxu neurriaren azken helburua itunari berari eustea dela zehaztu baitu: «Iranek ez du gerraren bidea aukeratu, diplomaziarena baizik. Akordioak indarrean jarraitzen du. Konpromisoen murriztea iragarri dugu, ez gure irteera [...]. Akordioak ebakuntza bat behar du salbatzeko, eta ez suntsitzeko». Irango presidenteak elkarrizketarako prest dagoela berretsi du: «Gaur, hizkuntza berri batekin hasi dugu negoziazioa; atzo, diplomatikoa eta lagunkoia zen, eta orain, juridikoa».

Hitzetatik haratago, baina, baldintzak ere ezarri ditu. Itunaren sinatzaileei eskatu die indargabetu ditzatela petrolio esportazioei eta banku transakzioei ezarritako zigorrak, hori bermatuz gero lehengora itzuliko dela ziurtatuz.Hala ez bada, bi urrats iragarri ditu. Batetik, ez du mugatuko uranio aberastuaren ekoizpena itunean jasotako konpromisora; %3,67ra, alegia —erabilera zibilerako aski da uranioa %5 aberastea eta arma nuklear bat sortzeko, ordea, %90 aberastu behar da—. Bestetik, Arakeko ur astun erreaktorea egin egingo du, plutonioa ekoizteko.

Ekonomia, ahulduta

AEBen eta Iranen arteko arrakala are gehiago sakondu du auzi nuklearrak, eta lau hamarkadako tentsio diplomatikoa tenkatuta dago erabat. AEBen zigor ekonomikoek ataka zailean utzi dute herrialdea. JCPOA itunak programa nuklearra mugatzen du, nazioarteko isun ekonomikoak etetearen truke. AEBen aldebakarreko erabakiaren ostean isunak apaltzeko neurriak iragarri zituzten hainbat herrialdek, besteak beste, ordainketetarako kanal bereizi bat, baina ez dira nahikoa izan, eta petrolioa saltzeko mugak eragin zuzena izan du ekonomian. Inflazioa %40ra igo da, rialak bere balioiaren bi heren galdu ditu, ekonomiaren hazkundea apaldu da, eta pobrezia, berriz, hedatu.

Washingtonek, abuztuan eta azaroan, zorroztu egin zituen zigor ekonomikoak, neurri sorta zurrunagoak ezarriz, nahiz eta nazioarteko ikuskatzaileen txostenek beretsi duten aiatolen herrialdea ez zela uranioa aberasten ari. Azken bi asteetan beste bi urrats egin ditu Trumpek. Irango petrolioa erosteko zortzi herrialderi ezarritako salbuespena eten du, eta aste honetan bertan hegazkin ontzi bat eta bonbaketariak ezarri ditu Ormuzen.

Auzi nuklearrak sortu duen talkak batekin edo bestearekin lerratzera behartu ditu itunaren sinatzaileak. Rohaniren iritziz «urrats onak» egin dituzte, baina uste du pauso horiek hitzetan gelditu direla: «AEBen bahitu ekonomikoak dira».

Errusia eta Txina Iranekin lerratu dira. Moskuk «egoera onartezina sortzea» eta «jarrera arduragabea izatea» leporatu dio Washingtoni. Txinak, berriz, aldebakarreko isunak kritikatu ditu, argudiatuta akordioa «zorrotz» betetzen ari zela.

Etxe Zuriak, hala ere, ez du amore emateko asmorik. Trumpek zigor gehiago iragarri zituen bart: burdingintza eta meatzaritza industriei zuzendutakoak dira zigor ekonomikoak.

Washingtonek Ekialde Hurbilean duen aliatu nagusiak ere hitza hartu du, akordioaren sinatzailea ez bada ere. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa argi mintzatu zaie aiatolei: «Ez dugu utziko Iranek arma nuklearrak izatea. Hilko gintuzketenen kontra borrokatzen jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.