Saudien findegien aurkako erasoak petrolioaren prezioa astindu du

AEBek Irani egotzi diote erasoaren ardura, huthiek beren gain hartu duten arren. Munduko petrolio ekoizpenaren %5 kendu dute merkatutik, baina baretzen ari da prezioak izan zuen berehalako igoera

Abdulaziz bin Salman Saudi Arabiako Energia ministroa Abqaiqeko findegia bisitatzera joan zen igandean, erasoaren biharamunean. SPA / EFE.
Andoni Imaz - Iker Aranburu
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Saudi Arabiako petrolio findegirik handienari eraso zioten larunbatean, eta astea abiatzearekin batera nabaritu da hark merkatuan duen eragina. Saudi Aramco estatuaren petrolio enpresen munduko ekoizlerik handiena da, eta produkzioa erdira jaitsi du erasoaren ondotik. Berehala garestitu da. Yemengo huthi matxinoek beren gain hartu zuten erasoa larunbatean bertan, baina AEB Ameriketako Estatu Batuek aukera baliatu dute eskualde horretako etsaiari egozteko: informazio zerbitzuek Iran jo dute erantzuletzat. Akusazioa «zeharo funsgabea» da Teheranentzat.

Erasoa egin orduko, Yahia Sarle huthien bozeramaileak Al-Masiarh telebista kateari adierazi zion hamar drone bidali zituztela findegietara. AEBetako Gobernuko zenbait funtzionariok, ordea, beste bertsio bat zabaldu dute hedabideetan: «Iran izan zen. Huthiek egin ez duten zerbait hartu dute beren gain». ABC News albiste kateari kontatu ziotenaren arabera, Iranek dozena bat gurutzaldi misil eta tripulatu gabeko hogei hegazkin baino gehiago jaurti zituen haren lurretatik.

AEBek satelite bidez egindako argazkiak argitaratu dituzte, eta haietan puntuak markatu. Findegien aurkako erasoak iparraldetik edo ipar-ekialdetik eginak izan zirela adierazi dute. Horiek bat egingo lukete «Persiar golkotik, Irandik edo Iraketik» egindako erasoekin, baina ez Yemendik egindakoekin, The New York Times egunkariaren hitzetan.

Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak Adel Abdul Mahdi Irakeko lehen ministroarekin hitz egin zuen atzo, eta hark adierazi zion ez dela erasorik egin Iraken lurretatik. Rick Perry AEBetako Energia idazkariak esan zuen Iranek «nahita egindako erasoa» izan dela, munduko ekonomian eragiteko helburuarekin. Donald Trump presidenteak erreserba estrategikoari baimena eman zion petrolioa erabiltzeko, beharrezkoa bada. «Ez dugu Ekialde Hurbileko petroliorik ez gasik behar, baina gure aliatuei lagundu behar diegu», esan zuen.

Teheranek ukatu egin du Washingtonen akusazioa. Abas Musavi Atzerri ministroak adierazi du «normala» dela Saudi Arabia buru duen koalizioak Yemengo gerran egindako «krimenek» erantzuna izatea. Iran huthien aliatua da, baina Teheranek ez du tartean sartzeko asmorik. Bien bitartean, larunbateko erasoa beren gain hartu duten huthiek atzo ohartarazi zuten «edozein unetan» beste erasoren bat egiteko prest daudela, findegiak «oraindik jomugan» baitituzte.

Trump «kargatuta eta prest» dago larunbateko erasoari erantzuteko, eta, «erruduna» zein den badakiela uste duen arren, Riaden erantzunaren zain dago. Saudi Arabiako Gobernuak ez du ezer adierazi, baina hura buru duen koalizioak AEBen bertsioarekin bat egin zuen atzo. Turki al-Malki bozeramaileak esan zuen orain arteko ikerketen arabera erasoak ez zituztela Yemendik egin.

Kolpea Saudi Arabiari

Merkatua zabaldu eta berehala hamabi dolar garestitu zen Brent upela, 71 dolarreraino. Irakek Kuwait konkistatu zuenetik ez zuen petrolioak egun batean halako gorakadarik izan. Egunak aurrera egin ahala, ordea, behera egin zuen, eta, arratsaldearen amaieran, %14 inguru ari zen garestitzen, ia bederatzi dolar. Igoera handia izanagatik, petrolio upelaren prezioa joan den maiatzeko mailan dago eurotan.

Hurrengo asteetan eta hilabeteetan prezioak zer egingo duen jakiteko ikusi beharko da zenbat denbora behar duen Saudi Arabiak ekoizpena berreskuratzeko. Hasieran, aste gutxi batzuren buruan ekoizpena normalduko zela zabaldu zuen Saudi Aramco konpainia publikoak, baina epea luzatuko dela onartu behar izan zuen gero. Produkzioa etenda zuten putzu batzuk berriro ustiatzen hasi da, eta bere erreserben zati bat merkaturatzen ari da atzerriko bezeroak hornitzeko.

Kolpea gogorra izan baita: droneek eraso egin dioten Abqaiqeko prozesamendu planta munduko handiena da, eta handik ateratzen da esportaziorako petrolioaren %70; Khurais putzua, berriz, handienetan bigarrena da. Erasoak bost milioi upel kendu ditu merkatutik, Saudi Arabiaren ekoizpenaren erdia eta munduko produkzioaren %5.

Zulo hori berehala betetzeko gaitasuna ez du inork. IEA Energiaren Nazioarteko Agentziaren datuekin Bloomberg-ek egindako kalkuluen arabera, LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuek egunean 900.000 upel gehiago atera ditzakete merkatura. Azken urtean produkzioa mugatzen aritu dira kartela eta Errusia, upelaren prezioa goratu nahian. Erdizka baizik ez dute lortu helburua; izan ere, AEBak ekoizpena handitzen ari dira, fracking bidez ustiatutako putzuen bidez.

Bada petrolioaren prezioaren bilakaera iragartzeko kontuan hartu behar den beste faktore bat: erasoak erakutsi du Saudi Arabia oso kaltebera dela halakoetan, eta horrek ekar dezake arriskuari lotutako prezio igoera bat izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.