Herritarren iritziak du giltza

AEBetako Ordezkarien Ganberak ofizialki hasi du Trump kargugabetu ala ez erabakitzeko prozesua. Senatuan gehiengoa dute errepublikanoek, eta ez da espero presidentearen aurka joko dutenik

Volodimir Zelenskik eta Donald Trumpek NBEren Batzar Orokorrean topo egin zuten atzo, New Yorken. UKRAINAKO GOBERNUKO PRENTSA ZERBITZUA / EFE.
mikel rodriguez
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
AEBetako Alderdi Demokratak atzo hasi zuen ofizialki Donald Trump presidentea kargugabetzeari buruz erabakitzeko prozesua, ingelesezko impeachment izenez ezaguna dena. Kongresuko bi ganberen gehiengoak eman behar dio oniritzia kargugabetzeari, baina ez da espero hori gertatuko denik, errepublikanoek gehiengoa baitute Senatuan. Hauteskundeetarako urtebete baino gehiago falta dela, garrantzitsuena izanen da prozesuaren ondoren AEBetako herritarren artean zein iritzi gailenduko den: demokratek ongi jokatu dutela, eta errepublikanoek, ordea, gaizki, Trump babestuta; edo presidentea boteretik kentzeko maniobra baten biktima izan dela.

ZERK ERAGIN DU?
Eskaera «deseroso bat»

Duela bi aste piztu zen impeachment-a hastea eragin duen eskandalua. AEBetako inteligentzia zerbitzuen informatzaile anonimo bat kexatu egin zen Trumpek atzerriko agintari bati «eskaera desegoki bat» egin ziolako. Gobernuak ez zion Kongresuari jakinarazi, eta demokraten ustez Trumpek konstituzioa eta lege federala urratu ditu. Presidentea ezin dutenez auzipetu, impeachment-a da hura kargutik kentzeko bide bakarra.

Atzerriko agintari hori Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea da, eta Trumpek eskatu zion ikerketa bat hasteko Joe Biden Alderdi Demokrataren presidentegai izateko lehiakide eta AEBetako presidenteorde ohiari eta haren seme Hunterri buruz, Ukrainan egin zituzten jardueren inguruan. Trumpek berak onartu du hori. Ukatu duena da xantaia egin zionik Zelenskiri AEBetako Kongresuak Kievi agindutako 365 milioi eurotako laguntza militarrarekin. Presidenteak blokeatuta zuen laguntza hori, eta hil honen 11n desblokeatu zuen.

TRANSKRIPZIOAK
«Ikertu ahalko bazenu...»

Eskandalua eragin duen elkarrizketa uztailaren 25ean izan zuten Trumpek eta Zelenskik, telefonoz. Trumpek erran zuen «garden» jokatuko duela, eta transkripzioa «osorik, guztiz desklasifikatuta eta moldatu gabe» argitaratuko zuela. Atzo egin zuen hori, baina ez agindutako moduan, elkarrizketari buruz hartutako oharrak baitira erakutsi dituenak.

«Solas anitz egiten da Bidenen semeaz [Hunterrez], [Joe] Bidenek auzipetzea geldiarazi zuela, eta jende anitzek jakin nahi du horri buruz, beraz, [AEBetako] fiskal nagusiarekin egin dezakezun edozer ederki legoke», erran zion Trumpek Zelenskiri, atzo argitaratu zuten bortz orritako transkripzioan ageri denez. «Biden harrotuta ibili zen auzipetzea geldiarazi zuelako, beraz, hori ikertu ahalko bazenu...». Zelenskik erantzun zion Ukrainan izendatuko zuten hurrengo fiskala «%100ean» presidentearen konfiantzakoa izanen zela. «Hark aztertuko du egoera, bereziki auzi honetan aipatu duzun konpainiarena».

Elkarrizketaren bi protagonistak New Yorken elkartu ziren atzo, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorra dela-eta Zelenskik AEBetara bidaiatu duelako. «Herrialde independente bat dugu, eta fiskal nagusi independente bat dugu», adierazi zuen Ukrainako presidenteak bileraren ondoren. «Ezin dut inor presionatu».

BIDENDARRAK ETA UKRAINA
Interes gatazka

Bidendarrek Ukrainan egin zutenaren inguruko interesa ulertzeko, Euromaidan erran zitzaion matxinadaren garaira jo behar da. 2014ko otsailean Viktor Janukovitx Ukrainako presidenteak herrialdetik alde egin zuen, errebolta batek gain hartuta. Errusiarekin sinatu zuen akordio batek eragin zuen matxinada. Joe Biden AEBetako presidenteordea zen orduan, eta 2014ko apirilaren 22an Kievera bidaiatu zuen matxinadaren ondoren ezarritako gobernuari babesa emateko.

Hurrengo egunetan jakin zenez, aitaren bisita baino lau egun lehenago Hunter Biden Ukrainako Burisma gas enpresa pribatuaren lege auzietarako arduradun izendatu zuten. Horrek hautsak harrotu zituen orduan. «Hunter Biden herritar pribatu bat eta abokatu bat da», adierazi zuen orduan Kendra Barkoffek, Joe Bidenen bozeramaileak. «Presidenteordeak ez du konpainiarik babesten, eta ez du zerikusirik konpainia horrekin».

Auzia ez zen bere horretan gelditu, ordea. Biden presidenteordea Kievera itzuli zen 2016ko martxoan, eta Ukrainako Parlamentuari ultimatum bat eman zion: Vitali Xokin fiskala kargutik kendu ezean, AEBek ez zioten emanen Ukrainari aginduta zeukaten 900 milioi eurotako laguntza. Ustelkeria kasuak estaltzea leporatu zion Xokini. Fiskalak ikertzeko zituen kasuen artean, Burisma enpresa zegoen.

Hunter Bidenek joan den apirilean utzi zion Burismarentzat lan egiteari, kontratua bukatu zitzaionean. Hain zuzen, Zelenskik hilabete horretan irabazi zituen hauteskundeak, eta haren promesa nagusia izan da ustelkeria bukatzea. Fiskaltzak berreskuratzeko asmoa zuen ikerketen artean Burismarena aipatu zuen, eta horrek bat egin zuen AEBetan Bidenek egin zuen jakinarazpenarekin, 2020ko hauteskundeetan Alderdi Demokrataren presidentegai izaten ahaleginduko zela.

PROZESUAREN GARAPENA
Hauteskundeei begira

Impeachment prozesu batek hilabeteak iraun ditzake. Hiru egin dira orain arte: motzenak 94 egun iraun zuen, eta, luzeenak, 184. Ordezkarien Ganberak bozkatzen du lehenik —235 ordezkari dituzte demokratek, eta 198 errepublikanoek—, eta Senatuak ondoren —53 errepublikanoek, 45 demokratek, eta bi independente—. Senatuan impeachment-a onartzeko gutxienez 67 ordezkariren babesa behar da, hortaz, hogei errepublikanok Trumpen aurka bozkatu beharko lukete. Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako buruak prozesua hasi du Trumpen aurkako bertze salaketa zaharrago batzuk ikertzen ari diren batzordeei aginduta «impeachment eskaeraren barrenean» lan egin dezatela.

2020ko azaroaren 3an eginen dituzte presidentetzarako hauteskundeak. Alderdi Demokratak uztailean aukeratuko du hautagaia, eta Alderdi Errepublikanoak, berriz, abuztuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.