Belgikan koalizio gobernua osatu dute urtebeteko blokeoaren ostean

2018ko abendutik dago herrialdea gobernurik gabe. Sophie Wilmesek segituko du lehen ministro karguan. Egiteko zehatza izango du gobernu berriak: pandemiak eragindako ondorioei heltzea

Sophie Wilmes Belgikako lehen ministroa, atzo. BENOIT DOPPAGNE/ PHILIPPE REYNAE / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Ohikoak dira Belgikan blokeo egoerak eta gobernu krisiak. Horren erakusle argia da 2018ko abendutik jarduneko gobernua duela herrialdeak, eta enegarrenez agerian utzi ditu koalizioa osatzeko zailtasunak. Hain zuzen, iragan maiatzean egin zituzten azken hauteskunde federalak, eta, ordukoetan, are gehiago handitu zen Flandriaren eta Valoniaren arteko arrakala. Oraingoan, baina, bestelako krisi batek behartu egin du herrialdea gobernu koalizioa osatzera: koronabirusa izan da horren eragile. Sophie Wilmes jarduneko gobernuburuak atzo aurkeztu zion erregeari ministro berrien zerrenda, eta horren zina egin zion estatuburuak. Gaur egingo dute eztabaida parlamentuan, eta bihar izango da, berriz, aurrera eramateko bozketa.

Zeregin zehatz bat izango du gobernu berriak: pandemiak eragindako ondorio ekonomikoei eta osasunarekin lotutakoei heltzea. Hala, Wilmesek parlamentuari hiru hilabetetarako «botere bereziak» eskatzea espero da. Eskumen horiek behin bakarrik luzatzeko aukera izango du, beste hiru hiletarako. Beraz, gehienez ere sei hilabete iraungo du larrialdiko gobernu horrek.

Atzo hartu zuten birusaren ondoriozko lehen neurri zorrotza, eta, gaurko eguerditik aurrera, konfinamendua ezarriko du; oraingoz, apirilaren 5 arte egongo da indarrean. Belgikan ere zabalduz doa gaitza: 1.200 kasutik gora atzeman dituzte jada, eta hamar dira hildakoak.

Gobernuan segituko dute jardunean ziharduten hiru alderdiek: Wilmesen MR Mugimendu Erreformista alderdi liberalak nahiz Flandriako Open VDL liberalak eta CD&V kristau-demokratak. Horiek soilik ez dute nahikoa babes parlamentuan, baina ezohiko egoera honi aurre egiteko beste hainbat alderdiren babesa bildu dute: besteak beste, PS Alderdi Sozialistarena, flandriar eta frankofono ekologistena, CDH demokristauena eta Defi liberalena. Azken asteetan birusaren aurka aritu den taldea ezin dela «ezegonkortu» ebatzi dute horiek, eta horrela, ustez aldeko ehun boto baino gehiago jasoko lituzke proposamenak; 150 diputatu dira denera.

Hutsune nabari bat izango du, halere, larrialdiko gobernu berriak. Izan ere, hori alboratu du N-VA eskuineko nazionalista flandriarrak —eurek dituzte parlamentuan ordezkari gehien:25—. Sozialistekin negoziatzen ibili zen asteburuan, baina kale egin zuten. Hain justu, helburua urtebetez COVID-19aren krisiaren ondorioei eustea zen eta, epea amaitutakoan, ikustea aliantzarekin aurrera segitu edo ez. Ordea, ez ziren gai izan desadostasunak askatzeko, eta bertan behera utzi zituzten elkarrizketak. Sozialistek Wilmes jarduneko lehen ministroa karguan mantentzea nahi zuten, eta nazionalistek, aldiz, Bart de Wever euren alderdiko liderraren alde egin zuten. Hor zegoen korapiloa, eta bere hartan geratu zen.

Ezegonkortasuna, betikoa

Munduko marka bitxi bat du Belgikak: 2010eko hauteskundeen ondoren, 541 egun egin zituen gobernua osatu ezinik. Alta, oraingo testuinguruak ere ez zuen itxura hoberik, eta errekor hori hausteko bidean zen.

2018ko abenduan hautsi zen gobernua, Charles Michel orduko lehen ministroak dimisioa eman zuenean. Hilabete hasieran, NBE Nazio Batuen Erakundearen Migrazioaren Mundu Itunak kolokan jarri zuen koalizioa. Izan ere, Michel akordioa sinatzearen aldekoa zen, baina N-VA hori egitearen aurka agertu zen. Ituna sinatzea erabaki zuen azkenean lehen ministroak, eta horrek alderdi nazionalista gobernutik ateratzea eragin zuen—hark zituen diputatu gehien Ordezkarien Ganberan—.

Jarduneko lehen ministro izaten segitu zuen Michelek, eta,hura uztailean Europar Kontseiluko presidente izendatutakoan, Wilmesek hartu zuen haren kargua. Ordudanik, gaur arte; joan den urtean egin zituzten bozak, baina horiek emaitzak polarizatzeko baino ez zuten balio izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.