NBEk Zisjordaniako anexioa baztertzeko eskatu dio Israeli

AEBek babestu egin dute Israelek Zisjordaniako lurrak bereganatzeko aukera. Subiranotasuna hedatzeko erabakia «israeldarrei» dagokiela adierazi du Pompeok

Israelek Palestinako lurretan eraikitako Tomar kokagunea, Zisjordaniako Jeriko hiritik gertu. ALAA BADARNEH/EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Israelek bere lurraldea handitzeko iragarri zuen plana goitik behera gaitzetsi zuen atzo Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak. Benjamin Netanyahuren gobernuak maiatzean adierazi zuen Israelen subiranotasuna ezarriko zuela Zisjordaniako hainbat eremutan: kolonoen kokaguneetan, Jordan ibaiaren haranean eta Itsaso Hilaren iparraldean. Hala egitea «nazioarteko legediaren urratzerik larriena» litzatekeela ohartarazi zuen Guterresek, kalte egingo liokeela bi estatutan oinarritutako irtenbideari eta hondatu egingo lukeela Israelen eta Palestinaren artean berriz ere elkarrizketak abiatzeko itxaropena. «Israelgo Gobernuari eskatzen diot bertan behera utz dezala anexio plana».

Idazkari nagusiak negoziazio mahaian esertzera deitu zituen Israel eta Palestina, eta bitartekari gisa jarduteko eskatu zion Ekialde Hurbilerako Laukoteari—AEBek, Errusiak, Europako Batasunak eta NBEk berak osatzen dute—. Baldintzarik gabeko elkarrizketak hastearen alde mintzatu zen. Tel-Aviven asmoa da Zisjordaniako anexio plana uztailaren 1etik aurrera ezartzea. Hori dela eta, Guterresek nabarmendu zuen «garai erabakigarria» dela nazioarteko komunitatearentzat.

Guterresen antzera mintzatu zen Nikolai Mladenov Ekialde Hurbilerako NBEren ordezkaria. «Kezka sakona» adierazi zuen, Israelen «mehatxua» dela eta. «Mugimendu horrek puntu kritiko batera eraman du gatazka luze hau. Anexioak aldaketa atzeraezinak izango lituzke Israelen eta Palestinaren arteko harremanetan».

Mladenovek ziurtatu zuen Israelek Zisjordania bereganatuko balu ezerezean geldituko litzatekeela nazioarteak estatu palestinar «bideragarri» baten alde egin duen «mende laurdeneko ahalegina».

Horrez gain, anexioak mezu arriskutsua bidaliko lukeela ohartarazi zuen: «Negoziazioek ezin dutela bake justu bat lortu». Egoerak eskualdearen ezegonkortasuna areagotuko luke, eta indarkeria elikatuko, NBEko ordezkariaren esanetan.

Dena den, egoera zuzentzeko eta «kaosa saihesteko» tartea badela nabarmendu zuen. Horretarako lehenengo urratsa anexio plana bertan behera uztea litzateke, Mladenoven arabera. Eta, segidan, Israelen eta Palestinaren arteko elkarrizketak berriz abiatu beharko lirateke.

Irtenbide «errealista»

Israelek AEBetan duen enbaxadore Danny Danonek NBEren Segutasun Kontseiluari adierazi zionez, estatu juduak «bere subiranotasuna hedatzea erabakitzen badu, aldarrikapen zilegi, historiko eta legezkoa mantendu duen lurren gainean» egingo du. Bibliaren arabera, Jainkoak lur horiek juduei hitzeman zizkiela ziurtatu zuen. Palestinarrei irtenbide «errealistak» behin eta berriz baztertzea egotzi zien, bestalde. Danonen esanetan, PAN Palestinako Aginte Nazionalak ez du bideragarria den proposamenik nahi, eta «erredukzionismoan» dago gotortuta.

Ekialde Hurbilerako azken bake proposamena AEBek aurkeztu zuten, joan den urtarrilean. Donald Trumpek bakerako baldintza gisa ezarri zuen Israelek Zisjordanian legez kanpo eraiki zituen kokaguneak legeztatzea. Palestinak baztertu egin zuen proposamena. Israelen anexio plana ikusita, berriz, eten egin du estatu juduarekin aurretik sinatutako akordio oro, eta ohartarazi du Tel Avivek Zisjordania bereganatuz gero Palestinak independentzia deklaratuko duela. Mahmud Abbas PANeko presidenteak nabarmendu zuen aurreko akordioak eten izanak ez diola atea ixten elkarrizketari, eta Palestina prest dagoela nazioarteko bake konferentzia batean Israelekin negoziazioak berriz hasteko.

AEBek, berriz,babesa agertu zioten Netanyahuri. Mike Pompeo Estatu idazkariak atzo adierazi zuenez, «subiranotasuna beste lurralde batzuetara hedatzeko erabakia israeldarrei dagokie». Pompeoren iritziz, beraz, Israelek ez luke nazioarteko legedia urratuko gisa horretako erabaki batekin. Estatu idazkariak PANi zuzendu zizkion kritikak, AEBen bake proposamenari ezezkoa emateagatik.

Europako Batasunak eta estatu kide gehienek anexio plana gaitzetsi duten arren, herrialde europarrek ez dute argitu nola erantzungo duten Israelek iragarritakoa betetzen badu. Herenegun, 1.000 parlamentari europarrek anexio plana salazeko idatzi bat sinatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.