Txapeldunaren lehen eguna

TD Systems Baskoniak denboraldi-aurreko lehen entrenamendua egin du. Gasteizko taldeak lau jokalari fitxatu ditu: Carrington, Giedraitis, Peters eta Jekiri. Luca Vildozak joko oso bizia iragarri du

IIlimane Diop baloia eskuetan duela, atzo goizeko entrenamenduan, TD Systems Baskoniaren denboraldi-aurreko lehendabiziko lan saioan. SASKI BASKONIA.
ainara arratibel gascon
2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Amaitu zaizkie oporrak TD Systems Baskoniako jokalariei. Inoiz baino atseden gozoagoa izan da aurtengoa, ekainaren 30ean ACB ligako titulua lortu eta gero. Baina kirolean loriak gutxi irauten du. Ez dago lo hartzerik. Zer esanik ez Dusko Ivanovicen aginduetara egonda. Liga irabazi eta gero argi utzi zuen: «Sufrimenduari zentzua emanez gero, motibazioa da, plazera. Irabazteko sufritu egin behar da, eta gogor lan egin». Atzotik, jokalariak denboraldi-aurrearen gogortasuna sufritzen ari dira, Ivanovicen begiradapean. Izan ere, beste talde txapeldun bat eratu nahi du, iazko Gabonetan bueltatu zenetik berreskuratutako izaera lehiakorrari eta amore ez emateko jarrerari eutsita.

Horretarako, taldea eraberritu du Baskoniak. Sei jokalarik baino ez dute segitzen: Pierria Henryk, Luca Vildozak, Achille Polonarak, Youssoupha Fallek, Ilimane Diopek eta Zoran Dragicek. Jokalari berriak lau dira: Khadeen Carrington eskolta, Rokas Giedraitis hegalekoa, Alec Peters hegal-pibota eta Tonye Jekiri pibota. Artur Kurucs, Sander Raieste eta Tadas Sedekerskis gazteak ere taldean izango dira, aurreko sasoian utzita aritu eta gero, jokalari gisa hazten segitzeko. Pavel Savkov, Ondrej Hanzlik eta Pape Sow harrobiko gazteek lehen taldeari lagunduko diote denboraldi-aurrean.

Carringtonek izan ezik, gainerako fitxatu berriek ere eskarmentua dute Euroligan, eta kalitate handiko jokalariak direla erakutsi dute. Joko antolatzaile zeineskolta moduan joka dezake Carringtonek, eta badu berezitasun bat: ezkerra da. Horretaz gain, fisikoki indartsua da, eta eskumutur fina du. Giedraitrisek puntuak emango dizkio taldeari. Aurreko sasoian, Alba Berlinen, saskiratzaile nagusia izan zen Euroligan: 13,8 puntu sartu zituen norgehiagokako.

Aurkezpen gutxi behar du Petersek. 25 urte besterik ez ditu, baina esperientzia du NBAn eta Euroligan. Phoenix Sunsen, CSKA Moskun eta Anadolu Efesen jokatu du. Azken horrekin lider zen Euroligan, COVID-19ak lehia eten zuenean. 2,06 metro neurtu arren, eraginkorra da kanpotik jaurtitzen: aurreko sasoian, jaurtitako hirukoen %41 sartu zituen.

Jekirik indarra eta errebotea emango dizkio barruko jokoan. Estreinako aldiz aritu zen iragan sasoian Euroligan, eta errebote gehien jaso zituen jokalaria izan zen: 7,5 partidako. 8,7 puntu sartu zituen neurketako.

Lau fitxatu berriek ez dute lan erraza izango, Gasteizen arrasto luzea utzi duten jokalariak ordezkatu beharko baitituzte: Tornike Xengelia, Shavon Shields, Patricio Garino, Matt Janning eta Jayson Granger. Xengeliarena izan zen agurrik hunkigarriena. Kapitainak erronka berriei heltzea erabaki zuen, CSKArekin fitxatuta, sei urtez Baskonian egon eta gero.

Zuten izaera lehiakorragatik zaleen kutun ziren Garinok eta Grangerrek ere ez dute jarraituko. Lesioen zama izan dute biek, eta Ivanovicek nahiago izan du beste jokalari batzuen alde egin. Janningek, berriz, amaitutzat eman zuen bere aroa Gasteizen, azken sasoian ohi baino apalago aritu ostean, lesioek erasanda—ebakuntza egin berri diote oinean—, eta Ajdin Penavak, Michael Ericek eta Sergi Garciak ere talde utzi dute.

Bai Josean Kerejeta presidentea, baita Felix Fernandez kirol zuzendaria ere pozik agertu dira osatutako taldearekin. «Egoera ekonomikoa kontuan hartuta, ahalik eta talderik onena osatu dugu. Ilusioz gaude».

Hilabete eskas du Ivanovicek taldea sasoi betean jartzeko, irailaren 12-13ko asteburuan izango baitu jokoan denboraldiko lehen titulua: Espainiako Superkopa, Tenerifen (Espainia). Bartzelona izango du aurkari Baskoniak finalerdietan. Astebete geroago ekingo zaio ligari, baina oraindik ez da egutegia zozkatu. Euroligari ekiteko, aldiz, urriaren 1 arte itxaron beharko du Baskoniak. Real Madril izango du lehen arerioa.

Lehiari ekin aurretik, jokalariek badakite ondo prestatu beharko dutela, eta Luca Vildozak atzo bertan klubeko komunikazio sareetan egindako adierazpenetan, denboraldi honetan nolako Baskonia ikusiko ahal izango den aurreratu zuen joko-antolatzaile argentinarrak: «Oso bizi jokatuko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.