Espainia datorren astean hasiko da preso katalanen indultuak tramitatzen

Juan Carlos Campo Justizia ministroak eman du berria, gobernuaren Kongresuko kontrol saioan. Independentistek amnistia aldarrikatu dute

Juan Carlos Campo Espainiako Justizia ministroa, atzo, gobernuaren Kongresuko kontrol saioan. EMILIO NARANJO / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Espainiak atzo iragarri zuen datorren astean hasiko dela preso dauden politikari katalanen indultuak tramitatzen. Juan Carlos Campo Justizia ministroak eman zuen berria, gobernuaren Kongresuko kontrol saioan, Laura Borras JxCat Junts Per Catalunyaren bozeramaileak eginiko galdera bati erantzunez: «Hori da tokatzen dena», argitu zuen; gobernuak derrigorrean egin beharreko gestioa da.

Francisco Jufresa abokatuak iazko abenduan hamabi buruzagi independentistentzat aurkeztutako indultu eskaera du mahai gainean Pedro Sanchezen gobernuak. Halaber, beste bi eskaera ere badaude erregistratuta:UGTrena Dolors Bassarentzat, eta parlamentuko hiru presidente ohiena Carme Forcadellentzat.

Horrez gainera,Zigor Kodea erreformatzeko asmoa dutela ere adierazi zuen Camposek, egungo errealitate sozialera eta beste herrialde batzuetako araudira egokitzeko; tartean, matxinada eta sedizio delituak. Aldaketa urte amaierarako onartzea dute xede, eta presoei aplikatu ahalko zaie atzerako eraginez.

Borrasek hedabideei egindako adierazpenetan ohartarazi zuen indultuak «banakako irtenbidea» direla, eta haien apustua amnistia dela. Lege horrek gatazkari politikatik heltzea ekarriko lukeela esan zuen, baina, hain justu, konponbide politikoa bilatzeko orduan ez dutela ikusten «gobernuaren inplikazioa».

Indultuaren tramitazioa prozesu luzea da. Justizia Ministerioaren arabera, baliteke sei hilabete baino gehiago irautea. Lehenik, auzitegi epai-emaileari bidaliko zaio eskaera, kasu honetan Auzitegi Gorenari, txosten bat egin dezan. Ondoren, alde guztiak entzun behar dira, fiskaltza barne. Gogorarazi dute, gainera, 2018an eta 2019an ministerioak eskatutako indultuen % 1 baino gutxiago onartu zituela. Guztira, 4.162 espediente ebatzi ziren iaz; horietatik 4.123 ukatu ziren, eta 39 baino ez ziren onartu.

Amnistia da soluzioa

Independentismoak argi utzi du indultua ez dela preso politikoen askatasuna lortzeko biderik aproposena, eta irtenbide orokor gisa amnistia eskatzen eta aldarrikatzen jarraitzen dute. Indultua edo sedizio delituaren erreforma bezalako neurriek presoen bidean eragina izan dezaketela uste dute, baina ez doala gatazkaren konponbide «partzial» batetik harago.

Testuinguru horretan, Marta Vilalta ERCko bozeramaileak azpimarratu zuen presoen amnistian eta autodeterminazioan oinarritzen dela gatazkaren irtenbidea, eta gaineratu indultuak aztertzeko tramitea ez dela gobernuaren keinu bat,«legeak ezartzen duen izapide bat baizik». Albert Batet JxCko diputatua ere argi mintzatu zen: «Indultuak ez dira gatazka politikoaren konponbidea». Bide beretik jo zuten ANC Kataluniako Asanblea Nazionalak eta Omnium Culturalek, baita CUP koalizioak ere. PDeCATAlderdi Demokrata Europar Katalanak, berriz, ohartarazi zuen indultuak onartzea «adabaki» bat soilik izango litzatekeela, nahiz eta estatuarekin «elkarrizketak izatea erraztu» dezakeen. Horiek horrela, bat egin zuen independentismoak:konponbide bakarra autodeterminazioan eta amnistian oinarritzen da.

Bestalde, Espainiako eskuineko alderdiek argi utzi zuten neurriak hartuko dituztela preso dauden buruzagi independentista katalanen inguruko indultuak onartzen badira. PPren ustez, gobernuari «maskara erori zaio»indultu eskaeren tramitazioarekin: «Pedro Sanchezek inbestiduragatik eta aurrekontuengatik ordaintzen duen prezioaren zati bat da». Pablo Casado PPko presidenteak iragarri zuenez, indultuak onartzen badira, Auzitegi Gorenera joko du haren alderdiak. Voxek ere errekurtsoa aurkeztuko lukeela adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.