Trenasaren itxiera hiru hilabetez geldiarazi dute, kontratu berrien zain

Aldi baterako enplegu erregulazioan jarraituko dute langileek. CAFeko zuzendaritza Renferen adjudikazio handi batzuen zain dago

Trenasako langile batzuk, aurreko asteazkenean CAFen Beasaingo egoitzan eginiko protestan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
CAFek hiru hilabeteko epea jarri du lan kontratu handi bat lortzeko, eta horrekin loturik Castejongo (Nafarroa) Trenasako fabrika irekita mantentzeko. Zuzendaritzak sindikatuetako ordezkariei jakinarazi dienez, denbora hori jarri du ixteko erabakia behin betikoa den ala ez erabakitzeko. Argitu du datozen hilabeteetan «Espainiako trenbide merkatuan» kontratu batzuk ixteko aukeraren zain dagoela: besteak beste, eta BERRIAk aurreko igandean aurreratu zuen bezala, Renfek luze gabe adjudikatu behar duen 2.726 milioi euroko kontratu erraldoiaren zati bat lortzea, edo distantzia ertaineko trenekin eta hiriguneetakoekin loturiko kontraturen bat. Alegia, CAFek Renferen eta Espainiako Gobernuaren zelaian jarri du pilota. Hori argitu bitartean, langileek ekainean negoziatu zuten aldi baterako erregulazioan jarraituko dute, eta gutxienez beste hiru hilabetez eutsiko diete lanpostuei.

Aurreko ostiralean Manu Aierdi Nafarroako Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariak parlamentuan eman zituen azalpenak, eta gobernua eragile ugarirekin hitz egiten ari dela azpimarratu zuen: bereziki, enpresarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Espainiako Industria Ministeriorekin eta Renferekin.

Ixtea eteteko erabakiarekin denbora irabazi dute alde guztiek. Larunbatean amaitzen zen itxiera espedienteari buruzko kontsulta garaia. CCOOk azpimarratu du «mobilizazio eta presio prozesuaren» emaitza dela neurria, eta instituzioei ere mintzatu zaie. Nafarroarentzat Trenasako 110 lanpostuak mantentzea «estrategikoa» izan behar dela adierazi du, eta gobernuari eta eragile politikoei oro har eskatu die gogoeta egin dezatela enpresei emandako diru laguntza publikoei eta bestelako pizgarriei buruz.

Aierdik agerraldian azaldu zuen Trenasak 2,5 milioi euroko diru laguntza publikoak jaso dituela: 2,2 milioi 2011ren aurretik, eta gainerako 300.000 euroak hurrengo urteetan. Dena den, hor ez da amaitzen administrazioak enpresa horretan izan duen esku hartzea. 2016an Sodena Nafarroako Gobernuaren elkarte publikoa Vectia egitasmoan sartu zen, Castejonen autobus elektrikoak egiteko: enpresaren %30 hartu zuen, eta beste guztia Beasaingo (Gipuzkoa) multinazionalaren esku utzi zuen. Proiektuak, ordea, ez zuen aurrera egin, 2018ko udan CAFek Solaris autobus ekoizle poloniarra erosi zuelako, eta horretan jarri duelako indarra. Horren ondoren, eta Vectian jarritako diruaren truke, Sodenak Solarisen %2,8 jaso zuen.

Egitasmo horrek ez zuen aurrera egiterik izan, eta kolpe gogorra izan zen Castejongo plantako langileentzat. Hala ere, 2007tik, Trenasa ireki zutenetik, etengabeko lan gatazkan izan dira. Hamahiru urtean zazpi erregulazio espediente onartu dituzte. Ekainetik, aldi baterako erregulazioan daude langileak, eta hala jarraituko dute, gutxienez, beste hiru hilabetez.

«Partida jokatzen ari da»

Komunikabideetara bidalitako ohar batean, Ekonomia Garapanerako kontseilariak «oso positibotzat» jo du Castejongo lantegiaren itxiera hiru hilabetez geldiarazteko erabakia, eta azken asteetan «hainbat eragilerekin eta batez ere enpresarekin» egindako «lan handiaren» emaitza izan dela adierazi du.

Hala ere, berretsi du gobernuak lanean jarraituko duela «ixteko erabakia iraultzeko». «Bidea konplexua da, baina oraindik partida jokatzen ari da, eta bukaerara arte jokatuko dugu». Aierdik nabarmendu du enpresak Castejongo lantegirako hartzen dituen erabakiak «proportzionalak» izan behar direla beste fabrika batzuetan hartzen dituenekin; alegia, CAFek Trenasarako hartutako neurriak eta bereziki eskariekin loturikoak bere planta guztien artean banatu beharko lituzkeela. «Lan karga murrizteko testuinguru egiaztatua badago, enpresak erabakiak hartuko dituela uler daiteke, baina ezin dugu onartu erabaki hori CAFek [Espainiako] estatuan dituen lantegi guztien artean ez hartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.