Aljerian konstituzioa erreformatzea onartu dute, parte hartze urriarekin

Boto emaileen %66,8k aldaketaren alde egin dute. Parte hartzea %23,7koa izan da, herrialdearen historian izandako txikiena. Hirak mugimendua eta oposizioa proposamenaren aurka agertu dira

Abdelmadjid Tebbune Aljeriako presidentea. STR/ EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Aljerian konstituzioa erreformatzeko erreferenduma egin zuten igandean, eta atzo jakinarazi zituzten galdeketaren emaitzak: herritarrek baiezkoa eman diote. Mohamed Xarfi hauteskunde batzordeko presidenteak prentsaurreko batean adierazi zuenez, boto emaileen %66,8k egin dute proiektuaren alde. Bada nabarmentzeko beste kontu bat, ordea: izandako parte hartze txikia, %23,7k baino ez baitute eman botoa. Herrialdearen historian inoiz izandako tasarik txikiena da, eta horrek kolokan jartzen du herritarren benetako nahia eta erreferendumaren zilegitasuna.

Prozesua gatazkatsua izan da hasieratik. Abdelmadjid Tebbune herrialdeko presidenteak abenduan boterera heldutakoan zehaztu zuen bere lehentasuna konstituzio berri bat onartzea izango zela, eta abuztu amaieran iragarri zuen erreferenduma egiteko data. Eguna ez zuen ausaz aukeratu: hain justu, azaroaren 1ean hasi zuen Aljeriak Independentziaren Gerra Frantziako Estatuaren aurka, duela 66 urte. Tebbunek sustatutako «errepublika berriaren» esparruan abiatu zuen konstituzioa aldatzeko egitasmoa, teorian, Hirak mugimenduaren eskaerei erantzuteko eta, bide batez, protestak amaitzeko. Kontsulta, hauteskunde legegileen aurretik, trantsizio prozesuaren azken-aurreko urratsa da.

Erreferendumak, baina, kritika ugari jaso ditu, eta Hirak bera proposamenaren kontra agertu da, argudiatuta ez dituela jasotzen herritarren nahiak; oposizioak, berriz, boikoterako deia egin zuen. Galdeketarekin, presidenteak bere boterea sendotu asmo du. Egun, Alemaniako ospitale batean dago Tebbune, ustez koronabirusak jota, eta ez dago haren egoerari buruzko informazio argirik; ostegunean eraman zuten erietxera.

Aipatzekoa da, halaber, Tebbune nagusitu zen abenduko hauteskundeek herrialdeak independentzia eskuratu zuenetik izandako inoizko parte hartze txikiena izan zutela: %39,83 baino ez. Gainera, bozek ez zituzten isilarazi iazko otsailean Abdelaziz Buteflika orduko presidentearen aurka hasi zituzten protestak. Buteflikak kargua utzi osteko lehen hauteskundeak izan ziren —joan den urteko apirilaren 2an eman zuen dimisioa—, baina, herritar askorentzat, sistema zaharra legitimatzeko maniobra bat baino ez ziren izan, eta ez benetako trantsizio demokratikoa bideratzeko modu bat.

Protestak

Herritarren mugimenduak indar handia hartu zuen Aljerian, baina martxotik baretu egin dira protestak, pandemiak sortutako egoerak behartuta. Izan ere, COVID-19arenkontra hartutako neurri zorrotzek eragina izan dute. Aldarriek, ordea, bere horretan jarraitu dute, eta «erregimen militarra amaitzeko» eskatzen dute mugimenduko kideek.

Galdeketaren egunean, Abdelaziz Djerad lehen ministroak parte hartzeko deia egin zien herritarrei: «Gure seme-alaba eta bilobentzat denok nahi dugun Aljeria berriaren etorkizunerako eguna da gaurkoa. Herritarrek dute ahotsa, eta guztiak libre dira beren herriarentzat nahi duten bidea aukeratzeko», esan zuen. Erreferendumeko parte hartze urriak, baina, agerian utzi du herritarren mesfidantza eta ilusio eta interes falta.

Konstituzio berriaren proposamenak hainbat eskubide eta askatasun jasotzen baditu ere, erregimena bere horretan mantentzen du, eta ez dio erantzuten mugimenduak eskatzen duen Aljeriako sistemaren aldaketa sakon bati. Manifestariek kritikatu dutenez, agintariek eutsi egin diete ekintzaileen kontrako atxiloketei eta disidentziaren aurkako jazarpenari, eta salatu dute presidenteak proposatutako aldaketak ez direla nahikoak.

Aditu konstituzionalisten eta oposizioko arduradunen ohartarazpenen arabera, «ezer ez aldatzeko aldaketarako eszena berri bat» da; hots, «fatxada aldaketa» bat. Horrez gainera, armadari pisua aitortzen dio erreformak, eta, besteak beste, atzerriko gatazketako bake misioetan esku hartzea ahalbidetzen du.Egungo konstituzioak jasotzen duenez, Aljeriak «ez du gerrara joko subiranotasun legitimoaren eta beste herri batzuen askatasunaren aurka egiteko, eta atzerriko esku hartzearen aurka dago».

Hirak mugimenduak sustatutako protestetan, «gobernu zibila bai, militarra ez» da gehien entzuten diren aldarrietako bat. «Non da justizia, non da eskubidea» ere askotan entzuten zaie herritarrei. Protesta giro hau ez da berria Aljerian, 2011n ere kalean baitziren herritarrak, Udaberri Arabiarrean. Adituen ustez, ordea, ezberdina da oraingo oldarraldia, eta ezaugarri honetan oinarritzen dira hori baieztatzeko: ez du nazioarteko beste inolako eragileren esku hartzerik, ezta islamistena ere. Hainbat pankartatan propio eskatu zaie Frantziari, AEBei, Arabiar Emirerri Batuei eta Saudi Arabiari ez esku sartzeko Aljeriako protesta olatu honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.