Diru gehiago sartuko du EBZk ekonomian, 2021 gogorra espero baitu

Hiruhileko honetan atzeraldia espero du, baita 2021 hasiera motela ere, bigarren oldearen aurkako neurrien ondorioz. Zorra erosteko programa bilioi erdi handitu du, eta 2022ko martxora arte luzatu

Christine Lagarde EBZko lehendakaria, urriko agerraldian. SANZIJANA PERJU / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Bere diru zorro zabala gehiago zabalduko du EBZ Europako Banku Zentralak, 2021. urte osoan zehar ere euroguneko ekonomiak bultzada bat beharko duela uste duelako. Beste 500.000 milioi euro jarriko ditu zor publikoa eta pribatua erosteko PEPP programa berezian, eta bankuei interesak ordaintzen jarraituko du, maileguen zirkulazioa eten ez dezaten, eta, bidenabar, interes tasa txikien ondorioz porrot egin ez dezaten.

Iragarri bezala, urteko azken bilera neurri gehigarriekin amaitu du EBZk. Urrian iragarri zuen bide horretatik joko zuela, koronabirusaren pandemiaren bigarren olatua euroguneko ekonomiaren suspertzea eteten ari zelaabisatuta. Bere usteak bete direla uste du Christine Lagarde EBZko presidenteak, eta urtearen azken hiruhilekoan BPG barne produktu gordina %2,2 txikitzea espero duela iragarri zuen. Motelaldi horrek 2021eko lehen hiruhilekoan jarraituko duelakoan dago banku zentrala, herrialde askok iragarriko dutelako mugikortasuna eta harreman sozialak gutxitzeko neurriekin jarraituko dutela; batzuek, Alemaniak bezalaxe, gogortzeko asmotan dabiltza.

Gauzak horrela, bere iragarpen ekonomikoak aldatu ditu EBZk. Orain dio aurten euroa partekatzen duten hemeretzi herrialdeetan %7,3 txikituko dela BPGa: %8 iragarri zuen irailean, baina Lagardek onartu du udako hilabeteetan uste baino suspertze handiagoa izan zuela ekonomiak—%12,5, Eurostaten arabera; %15etik gora Euskal Herrian—. 2021era begira, ordea, ezkorragoa da banku zentrala: %5 handitzea espero zuen, eta %3,9an geratuko dela iragarri du orain. Hau da, galdutakoaren erdia baino pixka bat gehiago baizik ez duela berreskuratuko.

2022rako datu hobeak espero ditu —puntu bat igo du hazkunde aurreikuspena, %4,2 arte—, ordurako espero baitu bizitza soziala gutxitzeko neurriak guztiz desagertuko direla eta horiei lotutako zerbitzuak —ostalaritza, garraioak, aisialdia...— pandemiaren aurreko egoera batera itzul daitezkeela. Berez, 2021eko udazkenerako iragarri du egoera norma- lago baten hasiera, «zientzielariek diotelako ordurako egon daitekeela taldeko immunitatea».

«Krisia amaitu arte»

Une hori iritsi bitartean, ekonomiari bultzada eman beharko zaiola uste dute banku zentraleko arduradunek. Horretarako, pandemiaren hasieran indarrean jarritako neurriak sakontzea hobetsi dute, nahiz eta analista batzuren iritziz dagoeneko ez duten eragin handirik ekonomiaren bilakaeran.

Neurri horien artean nagusia da PEPP pandemiari lotutako zorra erosteko programa: bilioi erdi gehiago jarriko du, 1,85 bilioi euro guztira. Ekainean zuen bukatzekoa, baina 2022ko martxo arte luzatu du. Lagardek onartu du, ordea, beharrezkoa ez bada ez duela diru hori guztia gastatuko, eta beharrezkoa bada, gehiago gasta dezakeela. «Krisia amaitu arte» iraungo du programa horrek.

Programa horren bidez, EBZk diru gehiago sortzen du eta zorra erosten du, publikoa batez ere, baina baita pribatua ere. Helburua da bankuek dirua libre izatea enpresei eta herritarrei maileguak emateko. Baina ondorio onugarri nagusia honakohau da: estatuek eta beste erakunde publikoek erraz eta merke saldu ahal dutela beren zorra, beti baitago azken erosle bat, EBZ bera. Horren ondorioetako bat da estatukide gehienek interes negatiboetan finantzatu ahal dutela beren burua, hau da, bonuak erosi dituztenei interesa kobratu beharrean, interesa haiek jasotzen dutela. Zorpetzeagatik kobratzen duen azken estatukidea Espainia da, lehen aldiz interes negatiboa jaso duelako hamar urteko zorran.

Finantzaketa mota horrek arindu egiten du orain pandemiaren kalteei aurre egiteko hartzen ari diren zor publiko handiaren zama. Zorpetzeak jarraitu behar duela eta gerrikoa estutzeko unea ez dela iritsi nabarmendu du Lagardek azken agerraldi publikoetan.

EBZk atzoko bileran hartu zuen beste neurria izan da bankuei diru enkante berezi gehiago egitea, TLTRO eta PELTRO izenekoak. Enkante horietan %1eko interesa ordaintzen die banku zentralak, betiere jasotako dirua maileguetarako bideratzen badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.