Contek konfiantza mozio batera deitu du parlamentua, babes bila

Diputatuen Ganberan agerraldia egingo du Italiako lehen ministroak astelehenean, eta ondoren izango da bozketa. Gobernua kolokan dago, bi diputatuk herenegun dimisioa eman zutenetik

Giuseppe Conte Italiako lehen ministroa oinez, asteartean, Erroma erdigunean. MASSIMO PERCOSSI / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Koalizio gobernua desegin izanak krisi politikoa eragin du Italian, eta parlamentuan duen babesa neurtzera behartu du Giuseppe Conte lehen ministroa. Parlamentuko iturriek atzo iluntzean ohar bidez jakinarazi zutenez, lehen ministroak agerraldi bat egingo du Diputatuen Ganberan, astelehenean, eta, horren ostean, konfiantza mozio bat bozkatuko dute. Goi ganberan, Senatuan, izango da azken bozketa, asteartean.

Asteazkenean piztu zen krisi politikoa Italian, gobernua sostengatzen duen alderdi bateko bi diputatuk dimisioa eman zutenean. Lehen ministro izandako Matteo Renziren Italia Viva alderdiko bi ministrok eman zuten, Teresa Bellanova Nekazaritza ministroak eta Elena Bonetti Familia ministroak. Kolokan da ordutik Conteren gobernua, eta eskuineko alderdiek dimititzeko eskatu diote lehen ministroari.

Renziren babesa galdu du Contek, behin-behinean, baina ikusteko dago lehen ministro ohia zertarako prest dagoen, lehen ministroarekin oso kritiko agertu arren ez baitio betorik jarri. Conte 2018an heldu zen agintera, eta Renziren zentro-ezkerreko Alderdi Demokratikoak babestu egin zuen 2019an. Baina Renzik laster utzi zuen Alderdi Demokratikoa, eta Italia Viva taldea sortu. Geroztik, oso gogor jo du gobernuaren aurka, eta diskurtsoa gogortu egin du pandemia hasi zenetik. Askok espero zutenaren kontra, azken asteetan gobernuari eginiko mehatxuak gauzatu zituen asteazkenean.

Lehen ministroak pandemia kudeatzeko izan duen modua argudio gisa emanda egin zuen mugimendu hori Renzik. Bruselaren berreskuratze funtsetik Italiari dagozkion 209.000 milioi euroak ondo bideratu ez izanaeta MEDE gastu sanitarioetarako funtsak eskatu ez izana leporatu zion, eta bere jokabidearengatik ere kritikatu izan du. Aurkakotasun hori legebiltzarrean irudikatu zuen Italia Vivako buruak asteazkenean, bere alderdikideen dimisioaren berri eman ondoren. «Arrazoiren bat egon behar du Italia izan dadin koronabirusak jende gehien kutsatu eta hil duen herrialdea, bai eta BPG barne produktu gordinaren beheraldirik handiena izan duena ere», salatu zuen. Herrialdea osasun egoera larrian izanik gobernua krisira eraman izana kritikatzen diotenei ere erantzun zien Renzik: «Arau demokratikoak errespetatu behar dira, hain justu, pandemia baten gaudelako. Demokrazia ez da reality show bat».

Dena den, Italia Viva gehiengoan mantentzeko prest dagoela aitortu zuen Renzik, eta COVID-19ari aurre egiteko neurriak, aurrekontuei egindako moldaketak eta pandemiaren ondorioz itxi egin behar izan duten sektoreei laguntzeko diru sailak onartzeko prest ere azaldu zen. Ikusteko dago astelehenean zer bozkatuko duen, eta Conteren alde egitekotan zer baldintzatan egingo duen; baita lehen ministroa prest dagoen ere gobernu krisia eragin duen alderdiaren eskariak betetzeko.

Galdutakoa nola ordezkatu

Koalizioa apurtzear zela jakinda, Mattarella Italiako presidentearekin bildu zen Conte, eta baimena eskatu zion beste gobernu koalizio bat osatzen ahalegintzeko. Atzo berriz bildu ziren biak, eta handik gutxira Contek parlamentuan agerraldia egingo zuela zabaldu zuen Errepublikako Presidentetzak. Geroxeago iritsi zen lehen ministroak bere burua konfiantza mozio batera aurkeztuko zuela zioen zehaztapena..

Italia Viva alderdiak konfiantza mozioaren aurka bozkatuko balu, hamahiru diputaturen babesa galduko luke Contek, eta zail izango luke galdutako boto horiek ordezkatzea. Eskuineko alderdiek ukatua diote babesa, baina baliteke zentroko eta ezkerreko alderdietan babesak izatea. Alderdi txikiagoko diputatuengan du jarria begia lehen ministroak, hedabideek arduratsuak izendatu dituztenengan. Alderdi txikietan bila ditzake halakoak, eta baita alderdi handien babespetik alde egindakoen artean ere, hala nola M5S Bost Izar Mugimenduan eta Silvio Berlusconiren Forza Italia alderdi kontserbadorean.

Alta, baliteke aurkituko balitu ere korapiloa ez askatzea. Izan ere, Mattarella presidenteak guztiak talde parlamentario berberean biltzea eska lezake, eta desadostasunak agerikoak dira horien artean.

Zenbait hedabidek atzo zabaldu zuten Contek dimisioa erabil zezakeela denbora irabazteko eta bitarte horretan babesak lortzeko. Aukera hori ezerezean utzi zuen konfiantza mozioaren iragarpenak, iluntzean.

Bozak saihestea xede

Contek nahikoa babes lortuko ez balu, litekeena da Mattarellak beste norbaiti eskatzea gobernua osatzeko; besteak beste, hauteskundeak egin behar izatea saihesteko. Italian soilik presidenteak du bozetara deitzeko eskumena, baina herrialdea pandemia betean egonik, bere esku dagoen guztia egingo du hark pauso hori eman behar ez izateko.

Eskuineko alderdiek soilik eskatu dute hauteskundeetara deitzeko, indartuta aterako bailirateke, herrialdean egindako azken zundaketen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.