Epaileek kanpaina betean argituko dute Kataluniako bozetarako data

Kataluniako Auzitegi Nagusiak otsailaren 8a baino lehen emango du hauteskundeak atzeratzeari buruzko epaia. Horrez gain, Generalitateko Atzerri kontseilaria inhabilitatu du, desobedientziagatik

Meritxell Budo Generalitateko bozeramailea eta Pere Aragones presidenteordea, asteartean, Bartzelonan. R. MORENO / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Baliteke Katalunia oso egoera bitxian egotea hurrengo asteburuan. Posible da alderdiak hauteskunde kanpaina betean murgilduta egotea jakin gabe ea kanpaina horren amaieran bozak egingo diren ala ez. Izan ere, Kataluniako Auzitegi Nagusiak atzo adierazi zuen otsailaren 8ra arteko epea emango diola bere buruari Generalitateak hauteskundeak atzeratzeko onartu zuen dekretua legezkoa den ala ez argitzeko. Bitartean, indarrean jarraituko du hauteskundeak egiteko hasierako datak, otsailaren 14ak, eta gobernuak bozetarako prozesuarekin segitu beharko du egun horretan herritarrek parlamenturako ordezkariak bozkatu ahal izateko.

Kataluniako Gobernuak hauteskundeak maiatzaren 30era atzeratzeko dekretua onartu zuen joan den ostiralean, pandemiaren eraginez osasun egoerak okerrera egingo duela argudiatuta. Osasun Kontseilaritzaren txosten baten arabera, otsailaren 14an 100.000 eta 200.000 herritar artean egon daitezke kutsatuta edo konfinatuta, eta COVID-19ak kutsatutakoen kopuruak eta ZIU zainketa intentsiboetako unitateen okupazioak goia joko dute egun gutxi batzuk lehenago. Eguneko 3.000-4.000 positibo izango direla iragarri zuen, eta 620-750 paziente ZIUetan.

Egun aldaketak alderdi guztien babesa jaso zuen, PSCrena salbu, eta adostasun politiko zabal bat lortu izanari balioa aitortu dio Generalitateak. Bestalde, atzeratzea defendatzeko gogora ekarri du Eusko Legebiltzarrerako eta Galiziako Parlamenturako bozen aurrekaria ere. Bi kasuetan, hauteskundeak atzeratu egin ziren, pandemiarengatik. Baina Auzitegi Nagusiak dekretu hori indargabetu zuen behin-behinean, joan den asteartean, herritar batek neurriaren kontra aurkeztu zuen helegitea aintzat hartuta.

Auzitegiak kautela neurriak justifikatu zituen, esanez hala egin ezean «ziurgabetasun juridiko larria» sortuko litzatekeela. Izan ere, azkenean bozak otsailaren 14an egin behar direla ebatziz gero, ez legoke nahikoa tarterik hauteskunde prozesurako legedian jasotzen diren epeak betetzeko. Arrazoi horiekin bat dator fiskaltza. Generalitateak, berriz, behin-behineko neurrien kontrako alegazioak aurkeztu zituen atzo goizean.

Auzitegiak horiek jaso ondoren berretsi zuen bozei otsailaren 14an eusteko erabakia, auzia argitu artean, eta lau eguneko epea eman zien aldeei atzeratzearen aldeko ala kontrako argudioak aurkezteko. Beraz, datorren astearen erdian izango ditu eskuan erabaki bat hartzeko elementu guztiak. Epaia otsailaren 8a baino lehen emango duela adierazi zuen.

Egoera «ziurgabeak»

Auzitegiak kautela neurrien bidez egoera «ziurgabe bat» saihestu nahi izan badu, paradoxikoki, beste bat sortu du. Izan ere, epaileek auziaren muinari buruzko erabakia hartzeko otsailaren 8ra arteko epea amaitzen badute, eta hauteskundeen atzerapena ontzat ematen bada, Katalunia kanpainako 11. egunean izango da. Egoera aldatzen ez bada, urtarrilaren 29an hasi beharko du kanpainak, eta hilaren 27ra edo 28ra arte itxaron beharko du alegazioak aztertzen hasteko.

Bozak atzeratzearen kontrako beste sei salatzaileren helegiteak ditu zain Kataluniako Auzitegi Nagusiak. Helegiteak aurkeztu dituztenen artean dira Liga Demokratikoa, Ezkerreko Federalistak, Ezkerra Positiboan eta Bultzada Herritarra elkarteak. Auzitegiak tramiterako onartu duen lehena, bozen atzerapena indargabetu duena, Josep Asensio abokatuak aurkeztu du: aurretik mossoa izan zen, 21 urtez.

Hauteskundeak atzeratzeko dekretua behin-behinean indargabetu izanari «arduragabekeria» deritzo Pere Aragones Kataluniako jarduneko presidenteordeak, «ziurgabetasunera» bultzatuko duelako bozen prozesua eta «bozkatzeko eskubidearen eta osasunerako eskubidearen artean erabakitzera» behartuko dituelako herritarrak.

Hauteskunde egunaren auziarekin bakarrik ez, Kataluniako Auzitegi Nagusiak jokaleku politikoa aztoratu zuen atzo beste erabaki batekin ere. Bernat Sole Generalitateko Atzerri kontseilaria zigortu zuen, desobedientziagatik. Urtebeteko inhabilitazioa eta 16.800 euroko isuna ezarri zizkion, 2017ko urriaren 1eko independentzia erreferenduma antolatzen laguntzea egotzita. Erreferenduma egin zenean, Agramunt herriko alkate zen Sole.

Kataluniako Gobernuak Auzitegi Nagusiaren epai hori ere salatu du. Aragonesen esanetan, Espainiako justizia «politika baldintzatzeko» ahaleginetan ari da «beste behin ere». ERCko ordezkaria izan da urriaren 1a babestu zuten ehunka alkateen artean galdeketa antolatzen laguntzeagatik zigor epaia jaso duen lehena.

Epaiak dio Solek baimendu egin zuela Agramunteko udal areto batean erreferendumean parte hartzera deitzeko hitzaldi bat egitea, eta bera hizlari aritu zela. Urriaren 1eko erreferenduma antolatzeko «ardura logistikoak» bete zituela gaineratu du, eta «babesa eta laguntza» eman ziela antolatzaileei, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak beste herri batzuetan egin zituzten esku hartzeei buruzko informazioa helarazi zielako, besteak beste.

Solek karguan jarraituko du, epaia ez baita irmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.