Myanmarko junta militarrak ministroak ordezkatu ditu, eta aireko trafikoa eten du

Militarrek agintea sendotu dute estatu kolpea eman ostean. NLD alderdiko kideak atxilotuta daude oraindik. EBk eta AEBek zigorrekin mehatxatu dute

Lau soldadu Myanmarko parlamentariak dauden gobernuaren egoitza batean sartzen, atzo, Naypyidawn. MAUNG LONLAN / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Normaltasunaren irudikapena zen atzo Myanmar. Herritarrek beren ohiko martxari berrekin zioten, militarrek herrialdearen agintea hartu eta ordu gutxira. Bankuek berriz zabaldu zuten, eta Internet eta telefono sareak itzuli ziren, astelehenean etenak izan eta gero. Normaltasuna hausten zuten elementuak ere baziren, ordea. Yangongo kaleetan ohikoak diren NLD Demokraziarako Liga Nazionala alderdiaren ikurrak falta ziren, eta Naypyidawn, herrialdeko hiriburuan, militarren tankeek inguratua zuten parlamentua.

Urteetan armadaren kontrolpean egon den herrialdeak egun bakarra behar izan zuen duela hamar urte zuenaren antzeko egoerara itzultzeko. Militarrek estatu kolpea eman zuten herenegun, parlamentuak legealdi berriari ekin behar zion egun berean, eta atxilotu egin zituzten Aung San Suu Kyi Estatu kontseilaria eta haren gobernuko hainbat kide. Azaroaren 8an egindako hauteskundeetan iruzurra egin izana leporatzen dio armadak Aung San Suu Kyiri —346 parlamentari eskuratu zituen NLD haren alderdiak; ganbera osoaren %83—, eta argudio horrekin jo zuen kolpea. Larrialdi egoera ezarri zuen armadak, eta hauteskundeak berriz egin arte agintean izango dela jakinarazi, urtebeteren buruan. Myint Swe jeneral ohia behin-behineko presidente da astelehenetik, eta Min Aung Hlain komandanteburua, agintari nagusia.

Kontrol politikoa bereganatzen jarraitu zuen junta militarrak atzo. NLDko 24 ministro kargutik kendu zituzten, eta horiek 11 laguneko talde batekin ordezkatu. Halaber, herrialdeko aireko trafikoa eten egin zuten. Myanmarrekin lotura duten hegaldi guztiak bertan behera uzteko agindu zuten militarrek, eta neurri hori maiatzaren 31ra arte indarrean izango dela iragarri.

Herenegunera arte agintean zen alderdiak, NLDk, atxilotuak aske uzteko eta azaroan izandako hauteskundeen emaitzak aitortzeko eskatu zuen. Aung San Suu Kyi liderraren egoeraren berri eman zuten alderdiko iturriek, eta jakinarazi zuten etxeko atxiloaldian dagoela. Gainerakoen inguruko informazio askorik ez zen zabaldu, baina Efe berri agentziak zabaldu zuen atzo karguaren zina egin behar zuten ehunka parlamentari gobernuaren egoitzetan dituztela, Poliziaren eta armadaren kontrolpean.

Mendebaldetik gaitzespen mezuak iritsi zaizkio Myanmarko armadari, eta, mezuetatik harago, zigorrekin mehatxatu dute herrialdea. EB Europako Batasunak demokrazia bermatzeko «aukera guztiak» mahai gainean dituela adierazi zuen, eta AEBek ohartarazi zuten zigor ekonomikoak ezar ditzaketela.

Ez zuten halako neurririk defendatu Errusiak eta Txinak, eta, aldiz, elkarrizketaren alde egin zuten. Txinako Gobernuak adierazi zuen nazioarteko komunitateak ez lukeela Myanmar ezegonkortasun egoeran jarri behar.

Hain justu, estatu kolpearen aurrean hartu beharreko neurriak eztabaidatzeko bilkurara deitua zuen NBEko Segurtasun Kontseiluak, atzo arratsalderako.

Berririk ez rohingyentzat

Aurretik, rohingyen inguruan hitz egin zuen NBEk, eta ohartarazi zuen errefuxiatuen itzulera zaildu dezakeela egoera politiko berriak.

Myanmarren gutxiengoa denetnia musulman horretako kideen artean, ordea, sentimendu kontrajarriak eragin ditu estatu kolpeak, aurrez agintean zegoen Aung San Suu Kyi ere ez baitzuten oso begiko. Aitzitik, 2017an gobernuak beren aurkako jazarpena gogortzearen erantzuletzat jotzen dute haietako batzuek. Urte hartan milaka rohingyak ihes egin behar izan zuten, eta Bangladeshko errefuxiatu kanpamentuetan daude horietako asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.