Elkarrizketarako borondatea duela nabarmendu du Cebekeko presidente berriak

Carolina Perez Toledok bere aurrekoen norabideari eutsiko diola aurreratu du aurkezpen hitzaldian. Elkartea zuzentzen duen lehendabiziko emakumea da

Carolina Perez Toledo Cebekeko presidente berria eta Iñaki Garcinuño aurrekoa, hizketan, enpresarien elkarteak atzo Bilbon eginiko bileran. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Carolina Perez Toledo da ofizialki Cebekeko presidente berria. Atzo egin zuen lehen bilera kargu berrian, eta esan zuen bere lehentasuna «Bizkaiko enpresen pizkundea» dela. Erakunde eta elkarteekin biltzeko asmoa eta «elkarrizketarako borondatea» duela nabarmendu zuen, eta Iñaki Garcinuño bere aurrekoak markaturiko norabidea jarraitu asmo duela. Lurraldeko patronal bateko buru izendatzen duten lehen emakumea da, eta aitortu zuen izendapena «mugarri bat dela», eta, era berean, tristea dela hori albiste izatea.

Bizkaiko enpresarien konfederazioak Euskalduna Bilboko jauregian egin zuen karguaren eskualdatze ekitaldia. Bertan, Perez Toledok aitortza publikoa egin zien bere aurrekoei: «Jarraitu beharreko norabide egokia markatu dute». Elkarteko zuzendaritzan talde ona dutela azaldu zuen, eta aurki egingo dituzten bileretan ezarriko dituztela irizpideak. Hitzaldi kontinuista egin zuen, eta ez da espero iraultzarik egingo duenik luze gabe.

Aurkezpenean nabarmendu zuen «elkarrizketarako borondatea» duela, erakunde eta eragile guztiekin: «Nire aurrekoak izan dituen modu on berdinekin. Gauzak hitz eginda konpontzen direla uste dut, eta horrela izango da». Deigarria da hori esatea, Iñaki Garcinuño eta sindikatuen arteko harremana ez delako bereziki ona izan, eta Perez Toledok hartuko du orain lekukoa. Nahi izanez gero, badu zeri buruz hitz egina: Bizkaiko sektore mailako 49 lan hitzarmenetatik lau bakarrik daude berrituta, eta beste 45 horietatik hogeik ez dute aurrerako eraginaren babesik.

Azaldu zuen Bizkaiko enpresak garai oso zailak pasatzen ari direla, COVID-19aren «ziurgabetasunak» baldintzaturikoak. Gainera, esan zuen Euskadiko enpresa eta langileak «eredu» izaten ari direla, eta hala jarraitu behar duela. Perez Toledoren hitzetan, garai hauetan Cebeken lana enpresei «irauten» laguntzea da, «pizkundea ahalik eta goizen hasteko». BPGak %0,2ko igoera apala izan du lehen hiruhilekoan, eta Cebeken, itxaropen handia jarria dute txertaketak zerbitzu sektorean izango duen eraginean.

Perez Toledo da Euskal Herrian patronal bateko buru izendatu duten lehen emakumea. «Mugarri» bat dela nabarmendu zuen: «Ez luke albiste izan beharko. Erabaki postuetara iritsi gaitezen borroka egin duten emakume askori zor diet. Elkarte eta enpresa askorentzat eredu izatea espero dut, baina ni honaino iritsi ahal izateko, berdintasunean sinesten duten Cebek bezalako elkarteak behar dira». Egun, Cebekek 139 bazkide konpromisario ditu, eta 39 dira emakumeak; zuzendaritza batzordean, berriz, 32 kideetatik zazpi dira andrazkoak.

«Madril ez da eredu»

Perez Toledok ez zuen fiskalitatea aipatu, bai ordea Iñaki Garcinuñok asteartean, bere azken prentsaurrekoan. Madrilek duen zerga politika goratu zuen, eta horrek hautsak harrotu ditu. Horren harira, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko buruak erantzun argia eman zion atzo Bizkaia Irratian: «Madril ez da eredu guretzat, eta ez dugu horrantz joko. OCDEk berak salatu du Madril paradisu fiskal bat dela, eta ez da gure helburua. Hemen enpresariek beste seriotasun bat dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.