Gazako setioa gogortu du Israelek, inbasioa hastekotan den honetan

Tel Avivek orain arteko erasorik luzeena egin du, eta tropak lurrez inbaditzeko zain dauzka. Istiluak izan dira Zisjordanian ere, eta hamar palestinar hil dituzte han dagoeneko. Gazan hildakoak 126 dira

Bi lagun Israelen bonbek suntsitutako eraikin baten hondakinen artean, atzo, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Saminak, haserreak eta beldurrak oroimina ordezkatuko dute gaur, bonbapeko Gazan. Nakba—hondamendia, euskaraz— oroitzeko eguna da gaurkoa palestinarrentzat, hots, 1948an arabiarren eta juduen arteko gerrak eragindako palestinarren exodoa, eta edozein momentutan gerta daitekeen inbasio baten mehatxupean egingo dute aurten.

Israelek lurraldearen aurka orain arteko erasorik bortitzena eginez hasi zuen atzoko eguna. Gazako mugaren beste aldean pilatutako artilleria unitateek 550 jaurtiketa baino gehiago egin zituzten lehen orduetan, eta, bitartean, gerra hegazkinek 450 misil bota zituzten gutxienez Gazako milizien kontrolpeko guneen kontra. Armadaren bozeramaile batek esan zuenez, lurralde okupatuko tunel sistema suntsitzea zen helburua, argudiatuta Hamaseko milizianoek sistema hori erabiltzen dutela euren postuetara iristeko. Egun guztian jarraitu zuten bonbardaketek, argudio berberean oinarrituta, baina askotariko eraikinak suntsituz. Save The Children gobernuz kanpoko erakundearen arabera, Israelen bonbardaketek kalteak eragin dituzte 31 ikastetxetan. Gazako Osasun Ministerioak etengabe berritzen ditu hildakoen datuak; azken eguneraketan, 126 hildako zenbatu zituen.

Israelek hasieratik uko egin die ofentsiba gelditzeko eskariei, eta modu berean amaitu da orain arteko azken ahalegina. Egiptok egin zion azken proposamena. Herrialde horretako bi funtzionariok herenegun anonomikoki jakinarazi zuten Tel Avivera joanak zirela, Israelekin su-eten bat negoziatzera, aurrez Hamasekin bildu ondoren. Bada, ordezkaritza horrek alde egin zuen atzo Tel Avivetik, Egiptoren iturriek Efe berri agentziari adierazi ziotenez. Jakinarazi zuten sustatutako «ekinaldi eta mediazio saiakera» orori eman ziela ezezkoa Tel Avivek eta Hamasen aurkako operazioarekin jarraitzeko asmoa berretsi zuela. «Erresistentzia palestinarraren eta, bereziki, Hamasen gaitasun militarrak suntsitzea eta haien buruzagien kontra egitea. Horiek lortu nahi ditu su-etena eman aurretik», azaldu zuten.

Horrekin batera, Efek kontsultatutako iturriek azaldu zuten Israelek garrantzi handia eman diola Gazan abiatu asmo duen lurreko operazioari, eta bart gauean has zitekeela iradoki.

Gobernuaren oniritzia behar du operazio horrek, baina, Gaza inbaditzeak lurralde horretan eragin dezakeen beldurrak bainoago, Israelen mugen barruan sortu dezakeen egoerak kezkatzen du Tel Aviv. Izan ere, komunitate arabiarraren eta juduaren arteko liskarrak hiri askotara zabaldu dira azken egunetan, eta gerra zibil bat lehertzeko aukera nahikoa arrazoi izan daiteke gobernuarentzat atzera egiteko.

Gazako mugan ez ezik, tentsioa handitzen ari da Libanoren eta Israelen artekoan ere. Dozenaka lagun saiatu ziren atzo bi herrialdeen arteko hesia zeharkatzen, palestinarrei laguntza emateko, eta Israelgo soldaduek sakabanatu egin zituzten; ordea, manifestarietako bat hilzuten, eta Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi zuen ikerketa bat abiatu duela horretaz.

Zenbait hedabideren arabera, Hezbollah mugimendu xiitako miliziak ere hurbildu ziren inguru hartara. Herenegun, hiru suziri bota zituzten Libano hegoaldetik Israelera. Beti da puntu beroa inguru hori, bi herrialdeen arteko etsaitasunagatik; Beirutek, eta, batez ere, Hezbollahk esku hartzeak beste dimentsio bat eman diezaioke gatazka militarrari.

Tel Aviven arabera, Siriatik ere hiru suziri bota zizkieten, baina ez zen zauriturik izan; horietako bat, gainera, Sirian bertan erori zen.

Bestalde, egunotan protestak izan dira Zisjordaniako hainbat hiritan, Gazaren aurkako erasoaldia salatu eta palestinarren aurkako jazarpena gaitzesteko. Atzokoen ostean, istiluak izan ziren protestarien eta Israelgo segurtasun indarren artean. Palestinako Ilargi Gorriaren arabera, hamar palestinar hil dituzte Zisjordanian azken egunetan, eta 366 zauritu.

Netanyahuri mesede

Nazioartearen gehiegizko presiorik gabe eta AEBen erabateko sostenguarekin, ez dirudi gatazka militarra Israelgo Gobernuari kostu handia eragiten ari zaionik. Aitzitik, zenbait analistaren arabera, egoerak mesede egin diezaioke Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroari, kontrolpetik ihes egiten ez dion bitartean. Horren adibide, eskuin muturreko Yamina alderdiko buru Naftali Bennettek herenegun adierazi zuen ez duela babestuko Yesh Atid alderdiko Yair Lapidek bultzatu nahi duen gobernu aldaketa, aldi berean, Netanyahu gobernutik kentzeko saiakera da.

Reuven Rivlin presidenteak Lapidi eman zion gobernua osatzeko ardura, Netanyahuk eginbehar horretan porrot egin ostean, eta Bennett hasia zen harekin negoziatzen. Gatazka gogortu izanak harengandik urrundu duela azaldu zuen, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.