Israelek dozenaka lagun hilez hasi du erasoaldiaren bigarren astea

Dagoeneko 200 lagun baino gehiago hil ditu Tel Avivek Gazan. Jihad Islamikoaren komandante bat hil du. Etxe Zuriak azalpenak eskatu ditu nazioarteko hedabideen egoitzaren kontrako erasoaz

Pertsona bat Israelen bonbardaketek eragindako sua itzaltzen saiatzen, atzo, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Astebete igaro da Israelek Gazako setioa hasi zuenetik, eta oraingoz ez dago berehalakoan amaituko dela iradoki dezakeen inolako zantzurik. Halakorik izatekotan, ez dauka zerikusirik Israelgo Gobernuak sarraskiarekin izan dezakeen enpatiarekin, zerrendatu dituen helburu militarren lorpenekin baizik. Bitartean, etengabe ari da handitzen lurraldean hildakoen kopurua: Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 201 dira dagoeneko, eta 1.253 zauritu. Datu horrek eman dezake erasoaren neurria, 2014an izandako erasoaldian 184 palestinar hil baitzituen Israelek Gazan lehen astean, eta dagoeneko gainditu baitu zenbaki hori.

Orain arteko egunik odoltsuena atzean utzi zuen atzoko goizak. 43 lagun hil ziren bonbardaketetan igandean; besteak beste, hamar haur. Israelgo armadaren arabera, eraildakoen artean dago Hasam Abu Hardib Jihad Islamikoarekin lotutako Al-Quds brigadaren komandantea. Tankeen aurkako misilen arduradunetako bat zen, Tel Aviven arabera. Palestinako Maan berri agentziak ere baieztatu zuen Abu Hardiben heriotza: esan zuen goizeko lehen orduetan egindako bonbardaketa batek haren etxea suntsitu zuela. Berehala erantzun zuen milizia palestinarrak, eta jakinarazi zuen suziriak jaurti zituela Ashdod hirira. Israelgo Poliziak jakinarazi zuen hiru lagun zauritu zituztela.

Jopuntuan dituen buruzagi islamisten aurkako operazioekin jarraitzeko asmoa duela berretsi du Israelek asteburuan, eta argudio horrekin erasoak egiten jarraitzen du. Armadak ez du adierazpenik egin hildako eta zauritutako zibilen inguruan, baina etengabe ematen du milizien aurkako operazioen berri: atzo adierazi zuen 820 «helburu terrorista» jo eta 130 «terrorista» baino gehiago «neutralizatu» dituela. Gainera, armadak jakinarazi zuen Hamasek Gazan eraikitako tunel baten hamabost kilometro eta erakundeko komandanteen bizileku ziren bederatzi etxe suntsitu zituela.

Hamasek, aldiz, zibilen aurkako erasoetan jarri zuen arreta, eta mehatxua berretsi zion Israeli: «Israel etxebizitzen eta erresidentzien aurkako erasoaldia handitzen ari da azken orduetan, eta, beraz, ohartarazten diogu berehala geratu ezean berriz ere Tel Aviv erasoko dugula», adierazi zuen Abu Ubaidah bozeramaile militarrak.

Palestinako Atzerri ministro Riyad al-Maliki, berriz, nazioarteko komunitateari zuzendu zitzaion, eta, Israelen «agresioa» gelditzeko, ekiteko eskatu zuen. Deitoratu egin zuen Nazio Batuen Erakundea egoeraren inguruko erabakirik hartzeko gai ez izana, Segurtasun Kontseilua herenegun bildu zen arren, ez baitzen gauza izan adierazpen bateratu bat plazaratzeko, Ameriketako Estatu Batuek galarazi egin zutelako. Halaber, Israelekiko akordio komertzialak etetea eta laguntza humanitarioa bidaltzea eskatu zien, bereziki, AEBei eta EBri.

Hitzok haizeak eramango dituela dirudi, ordea. Errealitatearen gordina azaleratu zen ondoren, jakin baitzen Etxe Zuriak arma kargamentu handi bat saldu ziola Israeli, 735 milioi dolarreko prezioan —600 milioi euro baino gehiago—.

Bizitzea, zailago

Zuzeneko erasoen ugaritzeak ez ezik, horiek utzitako ondorioek ere larriagotu dute Gazako egoera. Ospitaleak eta osasun etxeak suntsitu ditu Israelek, eta ukitu ez dituenak gainezka egitear daude. Hala adierazi zion Youmna al-Sayed Gazako kazetariak Al-Jazeera telebista kateari: «Ospitaleak baliabiderik gabe geratzen ari dira; korridoreak ohez eta koltxoiz beteta daude».

Lurralde okupatuan zirrara eta nahigabea eragin du, halaber, bi mediku entzutetsuren erailketak. Igande goizean, Al-Xipa ospitaleko barne medikuntzako zuzendari Ayman Abu al-Ouf hil zuten, bere senideekin batera, misilekin egindako eraso batean. Geroago jakin zen Mooein Ahmad al-Aloul neurologoa ere hilda zegoela, bere etxea bonbardatu ostean.

Gainera, oraindik ere zeresana ematen ari da Al-Jalaa dorrearen aurkako erasoa. Nazioarteko dozenaka komunikabideren egoitza den eraikina bonbardatu, eta erabat suntsitu zuen Israelek larunbatean. Dorrea Hamaseko kideek erabiltzen zutela argudiatu zuen armadak bonbardaketa egiteko, baina ez zuen inolako frogarik eman horren inguruan. Bada, badirudi gertakari horren oihartzuna AEBak orain arte Israelen egiteko moduetatik gehien urrundu dituena izan dela. Etxe Zuriak inongo aitzakiarik gabeko babesa agertu dio momentuoro Tel Avivi, baina Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak atzo aitortu zuen ez zutela ikusi «Hamasen inteligentzia unitateen» presentziaren frogarik, eta horren inguruko «informazio osagarria» eskatu ziotela Israelgo Gobernuari.

Tel Avivek hedabideen kontakizuna isilarazteko eta iritzi publikoan eragiteko izan dezakeen asmoaren inguruko kezka ere eragin du Al-Jalaa dorrearen bonbardaketak. «Hedabideen egoitzen suntsiketak eramaten gaitu galdetzera ea Israel prentsa askatasuna oztopatzen saiatzen ari den», adierazi zuen FPA Atzerriko Prentsa Federazioak, ohar batean.

Areago, Israelek bere mugimendu militarrei buruzko informazioa manipulatu duen ustea ere zabaldu dute azken gertakariek, eta, bereziki, lurreko operazio militarraren inguruan armadak egindako adierazpen kontrajarriek. Izan ere, armadak «aireko eta lurreko operazio» baten berri eman zien nazioarteko berriemaileei joan den ostegunetik ostiralerako gauean, eta Jonathan Conricus bozeramaileak adierazi zuen «Gazako lurretan barneratu» zirela tropak. Geroago, baina, armadak atzera egin, eta argitu zuen tropak ez zirela Gazara sartu, baizik eta mugaren beste aldetik eraso egin zutela. Zenbait hedabidek armadaren jokalditzat hartu zuten, Palestinako milizianoak euren gotorlekuetatik atera eta haien aurkako erasoa gogortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.