Jaurlaritzak «anbizio handiko inbertsioak» agindu ditu aurrekontuetan

Gastua mugatzeko eta zorra txikitzeko arauak etenda daudela baliatu nahi du inbertsio publikoak bizkortzeko. Madrilekin %2,2ko defizita du hitzartua

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua, atzo, Gasteizen. JON RODRIGUEZ BILBAO / IREKIA.
Iker Aranburu.
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Europak atea irekia duen bitartean, muga handirik gabe gastatzeko aukera erabili nahi du Eusko Jaurlaritzak. 2022. urterako aurrekontu proiektuan «anbizio handiko inbertsio plan» bat izango duela agindu du Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasunsailburuak. «Inbertsio publikoa izango da aurrekontuaren ezaugarri nagusia», jakinarazi du.

Koronabirusaren krisiaren ondoren, ekonomia «suspertzeko eta eraldatzeko» garaia iritsi dela uste du Gasteizko gobernuak, eta, horretarako, «inbertsio plan handia diseinatuko eta abiaraziko» du. Hiru multzo handitan banatu ditu inbertsio horiek: trantsizio teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa, eta osasun arlokoa. Gainera, Azpiazuk ziurtatu du genero ikuspegiarekin landuko dutela aurrekontua.

Jaurlaritzak urrian du aurkeztekoa aurrekontu proiektua, eta orduan jakingo du zehatzago zenbat diru gehiago izan dezakeen gastatzeko, ordurako Finantzen Euskal Kontseiluak egina izango baitu 2022rako iragarpena. Zerga bilketak ongi hasi du 2021. urtea, urtarriletik apirilera iaz baino %9,9 gehiago jaso baitute foru ogasunek, 375 milioi euro gehiago. Maiatzeko datuak ziur aski hurrengo astean jakinaraziko dituzte.

Baina zerga bilketaren kopuruak ez du guztiz baldintzatuko Jaurlaritzaren gastua. Inbertsioak egin eta gastu publikoari aurre egiteko zorpetzeko prest dagoela argi utzi du Azpiazuk. Mugarik gabe halakorik egin dezakeen azken urtea izan daiteke. Izan ere, pandemiari eta hari aurre egiteko gastuei aurre egitearren, Europako Batzordeak eten egin du estatu kideek —eta haien menpeko erakundeek— zorra eta defizita kontrolpean izateko agindua. 2020an eta 2021ean ez ezik, arintze hori indarrean izango da 2022an ere, Bruselak uste baitu estatu kideek beren ekonomia diru publikoarekin suspertzeko unea dela. «Inoiz izan ez den aukera leiho bat da, eta eskatzen du ahalik eta inbertsio publiko gehien egitea, baimendutako mugak azken muturreraino erabili eta eskura ditugun baliabide guztiak erabilita», azaldu du Azpiazuk.

Bruselak baimendutako malgutasuna aplikatu zien Madrilek bere menpeko erakundeei ere, neurri batean bada ere. Defizit mugak jarri beharrean, «erreferentziazko defizitak» finkatu zituen erkidegoekin, BPGaren %2,6koak. Jaurlaritza ez zen kopuru horretara iritsi, eta %1,12ko zuloarekin itxi zuen 2020a. 2022an, berriz, %2,2koa izango da erreferentziazko defizita. 1.600 milioi euroa, gutxi gorabehera.

«Ikusiko dugu 2023an»

Baina zer gertatuko da 2023an? Aurrekontuetako diziplina lehenesten duten arauak berriro indarrean izango al dira, iparraldeko kide batzuek nahi duten moduan? Ala garai bateko arauak lurperatuko ditu Batasunak, hegoaldeko batzuek nahi duten bezala? Europako Batzordeak ez du erabakirik hartu, baina gerrikoa berriro estutu eta zor publikoa jaisten hasteko agindua espero du Azpiazuk. «Ikusiko dugu zer gertatzen den 2023an, baina espero dut iraganera itzultzea ez dela gogorregia izango, eta mailakatzea izango dela, edo, are hobeto, ez dela izango egonkortasun araurik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.