Gerrak ebatsitakoen bila

El Salvadorko gerra zibilean desagerrarazitako familia bat aurkitzeko agindu du Auzitegi Gorenak. 1980tik 1992ra bitartean, 75.000 pertsona hil eta 8.000 inguru desagerrarazi zituzten

Blanca Panameño, desagertuen senideek sortutako Comadres erakundeko kidea, hainbat desagerturen irudien ondoan, San Salvadorren. RODRIGO SURA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Gerra zibilean desagerrarazitako familia baten auzia ikertzeko agindu zion atzo Auzitegi Goreneko Konstituzionalerako Aretoak El Salvadorko Fiskaltzari. Erabakia 2017an herritar batek jarritako salaketaren ondorioa da.

Salaketaren arabera, 1982ko maiatzaren 15ean, zibilez jantzitako hainbat gizonezkok beste bat atxilotu zuten San Salvador hegoaldean. Gizona kamioi batera igo zuten, eta, ustez, Polizia Nazionalaren egoitzara eraman. Hala kontatu zien lekuko batek senideei. Salaketa jarri zuen herritarraren anaia zen atxilotua. Handik bi egunera, maiatzaren 17an, gurasoak atxilotu zituzten, eta lekukoa ere desagerrarazi egin zuten egun gutxiren buruan, baita haren gurasoak ere.

Gorenak ebatzi du salatzailearen familia desagerrarazi egin zutela, eta Fiskaltzari agindu dio iker dezala kasua, «erantzuleak aurkitu eta zigortzeko». Auzitegiaren arabera, atxilotu zutenean «ekintza politiko iraultzaileak» prestatzen ari zen salatzailearen anaia; haren gurasoak, berriz, komunitateko kide ziren, baina ezkertiartzat zituzten agintariek. Desagerrarazi egin zituztela ondorioztatu du auzitegiak.

1980tik 1992ra bitartean, FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronteko miliziak diktaduraren aurka borrokatu ziren. Diktadurak AEBetako Gobernuaren eta eskuin muturreko heriotzaren eskuadroien laguntza izan zuen. Gatazkak 75.000 hildako eta 8.000 desagertutik gora utzi zituen.

Amnistia legea

FMLN gerrillaren eta gobernuaren arteko bake akordioen ostean heldu zen amnistia legea, 1993an. Orduko presidente Alfredo Cristianik bultzatu zuen lege proposamena, eta Arena Aliantza Errepublikano Nazionalistak, PCN Kontziliazio Nazionalerako Alderdiak eta MAC Benetako Kristau Mugimenduak babestu zuten. Legeak amnistia eman zien delituak egin zituzten armadako kideei eta milizietakoei. 2016an, baina, Auzitegi Konstituzionalak indargabetu egin zuen, gerra krimenak ez ikertzeak «biktimen erreparaziorako eskubidea» urratzen zuela eta, beraz, konstituzioaren aurkakoa zela iritzita. Ebazpenak zehazten zuen amnistia mantenduko zitzaiela gizateriaren aurkako krimenetan eta gerra krimenetan parte hartu ez zutenei. Konstituzionalak legebiltzarrari agindu zion har zitzala neurriak erreparaziorako eskubidea bete zedin.

Iazko otsailean heldu zen bigarren kolpea, legebiltzarrak Justizia Trantsizionalaren, Erreparazioaren eta Adiskidetzearen Legea onartu zuenean. Bigarren lege horrek, aurrekoak bezala, aurreratzen zuen amnistia emango zietela gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak egin ez zituztenei, eta zehazten zuen krimen horien egileei ezarriko zieten gehienezko zigorra komunitatearentzat lan egitea izango zela. Horrez gain, aurreratzen zuen Egiaren Batzordearen txostenak ez zirela baliagarriak izango auzitegietan, eta ezin izango zirela estraditatu ustezko krimenen egileak, haiek nazioarteko epaitegi batean auzipetzeko bideak itxiz. 1993ko amnistia legearen kasuan bezala, honakoak ere eskuineko Arena eta PCN alderdien babesa jaso zuen; aurka bozkatu zuten FMLNk eta Nayib Bukele presidentearen GANA alderdiak.

Azkenean, presidentea bera izan zen legeari betoa jarri ziona. «Ez dut berretsiko ondorengo hiru oinarrizko elementuak onartzen ez dituen legerik: egia, justizia eta ordaina», esan zuen Bukelek. Geroztik, eskuinak ahalegin ugari egin ditu estatuburuaren blokeoa gainditzeko; azkena, joan den apirilean, baina alferrik —COVID-19aren pandemia zela eta, 27 legebiltzarkide falta ziren aretoan, eta eskuinak ez zuen behar adina boto bildu—.

«Orain arte, amnistia legearekin edo gabe, gobernuak blokeatu egin ditu armadaren txostenak ikusteko eskari guztiak», azaldu du Leonor Arteagak, Giza Eskubideen Urraketa Larrien eta Zigorgabetasun Programako arduradunak. Arteagaren esanetan, dokumentu horietan ez da jasotzen inor atxilotu edo desagerrarazteko agindu zehatzik, baina bai desagertzeak eta atxiloketak egin ziren datak eta biktimen izenak. «Dokumentu horiek beharrezkoak dira biktimek egia jakin eta armadak barkamena eskatuko badu; hori gabe ez dago erreparaziorik. Egiaren Batzordearen arabera, militarrek eta armadaburuek egindakoak dira krimenen %85».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.