Kast eta Boric beren programetan aldaketak egiteko prest, babes truke

Eskuin muturreko hautagaiak irabazi du Txileko presidentetzarako bozen lehen itzulia, ezkerrekoari bi puntu eskasen aldea aterata. Abenduaren 19an egitekoa da hauteskundeen bigarren itzulia

Jose Antonio Kast eskuin muturreko hautagaia, herenegun, hauteskundeen lehen itzulian lortutako garaipena bere zaleen aurrean ospatzen. ELVIS GONZALEZ / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Herenegun gauean, Txileko presidentetzarako hauteskundeen emaitzen beroan, beren jarraitzaileen aurrean, beste alderdietako bozkatzaileei keinuak egin zizkieten Jose Antonio Kast eskuin muturreko presidentegaiak eta Gabriel Boric ezkerrekoak, jakinik haien babesa ezinbestekoa izango dela Moneda jauregira iristeko ahaleginean. Kastek lortu ditu boto gehien bozen aurreneko itzulian (%27,9), baina Borici 146.000 boto pasaren aldea aterata bakarrik (%25,8). Biak igaro dira abenduaren 19an egitekoa den bigarren itzulira —lehen itzulian irabazteko, botoen erdiak baino gehiago bereganatu behar dira— eta atzo, behin emaitzak aztertuta, keinuetatik haratago jo zuten, eta adierazi beren programetan aldaketak egiteko prest daudela, presidente izateko beharrezko babesaren truke.

«Gure programa ez dago harrian idatzia, eta badaude aldatu, hobetu daitezkeen gauzak», nabarmendu zuen Kastek atzo, Santiagoko auzo batera egindako bisitaren ondoren hedabideen aurrean mintzatu zenean. Laburbilduz, haren programa ekonomikoki neoliberala da, eta sozialki, ultrakontserbadorea. Hori aintzat hartuz, herrialdeko eskuin tradizionalaren bozkatzaileak Boricengandik baino gertuago leudeke Kastengandik. Sebastian Sichel zen familia politiko hori ordezkatzen duen Chile Vamos koalizioaren hautagaia herenegun, eta boto gehien jaso duten presidentegaietan laugarrena izan zen (%12,79). Koalizioko bi alderdi nagusietako buruek Kast zoriondu zuten, eta horietako bateko presidenteak, Berrikuntza Nazionaleko Francisco Chahuanek, azpimarratu zuen —beste indarra Batasun Demokratiko Independentea da, Kasten alderdi ohia— irrati batean Kasten bueltan «gobernu programa berri bat» osatzeko «akordio handi bat» espero duela. «Horri buruz hitz egin nuen harekin, eta adostuta geratu zen». Sichelek ere aldaketak eskatu dizkio Kasti. Eskuin muturreko hautagaiak 2017an adierazi zuenez, Augusto Pinochetek bere alde bozkatuko zukeen. Familia eredu tradizionala goresten du —abortuaren kontra dago, esate baterako—, eta gutxiengoak alboratuta dauzka.

Boricen programa, berriz, ezkerrekoa da, aurrerakoia, baina badaki aldaketa batzuk egin beharko dizkiola 2022ko martxoan presidente inbestitua izan nahi baldin badu. «Behar bestetan berrikusiko dugu programa», aitortu zuen atzo, telebista kate batean egin zioten elkarrizketa batean. Herrialdearen hamasei eskualdeetatik hamarretan Kast nagusitu da, eta lautan, Boric. Horri buruz galdetu zioten. «Borrokatuko gara pentsioak, osasun sistema eta hezkuntzarako sarbidea hobetzeko, eta uste dut horrek modua emango digula buelta emateko eskualde batzuetan lortutako emaitzei».

Ezkerreko alderdi berriak, Alderdi Komunista eta gizarte zibileko mugimenduak biltzen dituen Apruebo Dignidad koalizioaren presidentegaiak badaki jada Alderdi Sozialistaren militanteak haren alde egiteko deituak izan direla. «Txiletar guztiak deitu nahi ditugu bigarren itzulian Boricen alde bozkatzera, anbiguotasunik gabe», esan zuen herenegun gauean Alderdi Sozialistako presidente Alvaro Elizaldek. Sozialistak Apruebo Dignidadeko kide bihurtzekotan egon ziren duela hilabete batzuk, baina, azkenean, historikoki zentro-ezkerra ordezkatu duen koalizioaren barruan aurkeztu da bozetara. Yasna Provoste presidentegaia boto gehien bildurikoen artean bosgarrena izan zen herenegun (%11,6). Haren arabera, bigarren itzulia edonork irabazita ere, «oposizioan» egongo dira aurrerantzean. Koalizioaren zutarri Demokrazia Kristauko kidea da, eta alderdiaren presidente Carmen Freik erantsi zuen erabakia batzar nazionalean hartuko dutela. «Ez gaude prest eskuineko sektoreak babesteko, baina txeke zuri bat ere ez dugu eman nahi», ohartarazi zuen, aipatu gabe Borici erreferentzia eginez.

Senatuan, eskuina nagusi

Baina batez ere Franco Parisiren alde (%12,80) bozkatu dutenek desorekatu dezakete balantza alde batera edo bestera, bigarren itzulian. Boto gehien izan dituzten presidentegaietan hirugarrena izan da. AEBetan bizi da, ekonomialaria da, eta handik egin du kanpaina, besteak beste Facebook eta Youtube baliatuta —hedabideetan interpretatu dute ez dela bere Txilera joan, han hainbat auzibide dauzkalako irekita—, eta ez du debateetan parte hartu, ez behintzat aukera telematikoa ematen ez zutenetan. Haren diskurtsoa sistemaren kontrakoa da, kritikoa politikagintza tradizionalarekiko, meritokrazia lehenesten duena. Aitortu izan du 2009ko bozetan Sebastian Piñera eskuineko presidentearen alde bozkatu zuela.

Nolanahi ere, ikusteko dago parte hartzea zenbatekoa izango den. Lehen itzulian, ohi bezala, abstentzioa oso handia izan da: %53koa. Eta ikusteko dago, gainera, Boric joera bat hausteko gai ote den, 1999az geroztik bigarren itzulia ere irabazi baitu lehen itzulian boto gehien irabazitakoak.

Kongresurako hauteskundeak ere egin zituzten. Diputatuen Ganbera berritu zuten, eta Chile Vamos eskuineko koalizioa izango da aurrerantzean ere behe ganberako lehen indarra, diputatuak galdu dituen arren. Kasten alderdia indarrez sartu da, baina eskuinaren eta eskuin muturraren baturak ez luke gehiengorik lortuko. Senatuko 50 jarlekuetatik 27 berritu dituzte, eta hor bai, eskuinaren eta eskuin muturraren baturak goi ganberaren %50 ordezkatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.