Ekonomian Frantziaren autonomia «handitzeko» gobernu bat eratu du Macronek

Gerald Darmanin eta Bruno Le Maire ministro izango dira aurrerantzean ere. Catherin Colonna Atzerri ministro izango da; Sebastian Lecornu, Defentsa ministro

Elisabeth Borne Frantziako lehen ministro berria eta Jean Castex lehen ministro ohia, atzo, Parisko hotel batean egindako agerraldian. CHRISTIAN HARTMANN / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Aldaketa esanguratsurik ez. Duela bi aste, Frantziako presidente karguaz bigarrenez jabetu zen Emmanuel Macron, etajarraipenerako gobernu bat eratu zuen atzo, Alexis Kohler Presidentetzako idazkari nagusiak atzo Parisko Eliseoan egindako agerraldian iragarri zuenez. Hamazazpi ministro izendatu zituen: bederatzi gizonezko eta zortzi emakumezko, Elisabeth Borne lehen ministro sozialdemokrataren gidaritzapean. Azken gobernuan, Macroni leial izan zaizkion bi ministro garrantzitsu euren karguetan mantendu ditu: Gerald Darmanin, Barne ministroa, eta Bruno Le Maire, Ekonomia eta Finantza ministroa. Gobernu berriaren lehentasun nagusia izango da industria eta elikagai ekoizpenean herrialdearen «autonomia eta independentzia handitzea».

Macronek alderdi tradizionalak eraisten eta zentro-ezkerretik eskuinera doan eremu politiko osoa metatzen jarraitzen du. Bere lehen agintaldiaren gisan, barne orekak bermatzeari eman dio garrantzia oraingoan ere, «ez ezkerrekoa, ez eskuinekoa», presidentearen hitzetan. Eta, oreka hori helduleku hartuta, ekainaren 12ko eta 19ko Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan gehiengoa berresteko balio izatea espero du.

Gobernuaren berrikuntzen artean, Catherine Colonna kontserbadoreak Atzerri ministroaren kargua hartuko du. Jacques Chirac presidente ohiaren bozeramailea izan zen Colonna, eta, geroago, Europako Gaietarako ministroa. Ondoren, Frantziak Italian zuen enbaxadorea izan zen 2014tik 2017ra, eta, 2019tik, Erresuma Batuan izan da, atzo arte. Denbora zeraman lehen lerroko politikatik urrun, eta Jean-Yves Le Drian ordezkatuko du.

Beste aldaketa garrantzitsu bat Defentsakoa izan da; Sebastian Lecornuk, orain arte Itsasoz Haraindiko ministro izandakoak, Florence Parly ordezkatuko du. Bestalde, aipagarria da Pap Ndiaye historialari eta etorkin senegaldar baten semearen izendapena; Hezkuntza Nazionaleko eta Gazteriako ministro izango da. «Hezkuntza-komunitate osoarekin hitz egitea printzipio garrantzitsua izango da, noski», esan zuen. Olivia Gregoire, Estatu idazkari ohia, gobernuko bozeramailea izango da.

Horrez gain, Rima Abdul Malak Kultura Ministerioaren buru izango da, Roselyne Bachelot kontserbadorea ordezkatuta, eta Stanislas Guerini, orain arte Macronen alderdiaren ordezkari nagusia izan dena, Eraldaketaz eta Funtzio Publikoaz arduratuko da. Politikoki, gainera, esanguratsua izan da Damien Abad, Elkartasunaren, Autonomiaren eta Desgaitasunen bat dutenen ministro gisa hautatzea. Abad, ostegunera arte, LR Errepublikanoak alderdiko talde parlamentarioko burua zen, oposizioko lehen alderdia Asanblean.

Amelie de Montchalinek, gobernu berriko kide gazteenetako batek, Trantsizio Ekologikoaren eta Lurraldearen Kohesioaren funtsezko ardura izango du, eta Agnes Pannier-Runacher Trantsizio Energetikoko ministroarekin batera lan egin beharko du. «Politika publiko guztietan trantsizio ekologikoa islatu behar da», esan zuen lehen ministroak.

Justizia ministroa, aulkian

Jarraituko dutenen artean, nabarmenetako bat Eric Dupond-Morettirena da, Justizia ministro gisa; auzipetuen aulkian esertzekoa baita. Frantziako Fiskaltzak maiatzaren 10ean formalki eskatu zuen Dupond-Moretti epaitzeko, ustez iraganean ika-mikak izan zituen epaileei buruzko ikerketak egiteko bere kargua baliatzea egotzita.

Deigarriak dira, halaber, ministerio batzuen izen berriak; besteak beste, Ekonomia, Finantza eta Industria eta Subiranotasun Digitalarena (Le Maire); Nekazaritza eta Elikadura Subiranotasunarena (Marc Fesneau); eta Transformazio eta Administrazio Publikoena (Stanislas Guerini). Kirol Ministerioaren izena ere luzatu dute: Kirola eta 2024ko Parisko Olinpiar Jokoak. Frantziako Tenis Federazioko zuzendari Amelie Oudea-Castera izendatu dute ministro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.