Gerra Ukrainan

Errusiak esan du Ukrainako bi portu irekita daudela garia esportatzeko

Kremlinek ziurtatu du «heldu» direla lehen kargaontziak Mariupolgo portura. Turkiak adierazi du Kievekin eta Moskurekin «aurrerapen handiak» egin dituztela gariaren esportazioei bidea irekitzeko

Kargaontzi bat, Ukraina hegoaldeko Berdiansk hiriko portuan amarratuta, Errusiaren erasoaldia hasi aurretik. IRINA GORBASYOVA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Ukraina hegoaldeko Berdiansk eta Mariupol hirietako portuak «normal» ari dira lanean, eta Ukrainako garia esportatzeko irekita daude, otsailaren 24tik Ukrainako portuetan hogei milioi tona zereal baino gehiago blokeatuta egon ostean. Hala ziurtatu zuen atzo Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak. «Prest gaude Berdianskeko eta Mariupolgo portuetan dauden zerealak garraiatuko dituzten ontziak kargatzeko», adierazi zuen Xoiguk, Interfax berri agentziak jasotako informazioen arabera.

Horiek horrela, Errusiako Defentsa ministroak baieztatu zuen Mariupolgo portutik minak kendu dituztela. «Heldu dira lehen kargaontziak», gehitu zuen. Alde horretatik, Errusiak Donbassen «askatutako zenbait hiritan bizitza baketsua itzultzen» ari dela zehaztu zuen Xoiguk. Bi portu horiek Azoveko itsasora dute irteera —Errusiaren kontrolpean dago, Mariupol hiria okupatu ondoren—. Gisa horretara, Moskuk lehorreko korridore bat osatu du Donbass eskualdetik Errusiak 2014an anexionatutako Krimeako penintsularaino.

Bien bitartean, Nazio Batuen Erakundeak bultzatuta, Turkia, Ukraina eta Errusia elkarrekin negoziatzen ari dira garia esportatzeko korridore humanitario seguruak irekitzeko; Ankarak atzo esan zuenez, «aurrerapen handiak» egin dituzte. Litekeena da Turkiako armadak Itsaso Beltzean kargaontziak babestea. Horrez gain, Odesako (hego-mendebaldea) portuaren ingurutik minak nola kenduko dituzten zehazten ari dira lau aldeetako ordezkariak.

Gerra frontean, Kremlinen arabera, Errusiako soldaduek Donbass eskualdeko Luhansk oblastaren «%97» okupatua dute. Sievierodonetsk hirian, bestalde, bi aldeak kalez kale borrokatzen ari dira, eta Ukrainako soldadu «asko» Azot lantegian eta hiriko aireportuan gotortu dira. Halere, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik atzo argi esan zuen ez duela su etena onartuko: «Ukrainak bere lurralde osoa berreskuratu behar du».

Khersonen, erreferenduma

Kherson eskualdeko (hegoaldea) agintari errusiazaleek Errusiara batzeko erreferendum bat egin nahi dute «aurki», Kiril Stremousov Khersongo Administrazio Zibileko presidenteorde eta militarrak atzo adierazi zuenez. «Noski, plebiszitu izaera izango du galdeketak. Herriaren erabakia errespetatuko dugu».

Donetskeko Herri Errepublikako Gobernuak, berriz, enbaxada jartzeko asmoa du Errusian, ekain amaiera aldera. Hala jakinarazi zuen atzo gobernuko Atzerri ministro Natalia Nikanorovak, TASS Errusiako berri agentziak jasotakoaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.