Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Zalantzak uxatu ditu

Primoz Roglicek irabazi du Espainiako Vueltako laugarren etapa, Guardian. Txirrindulariak Irundik abiatuko dira gaur, eta Bilbon izango da helmuga

Zalantzak uxatu ditu.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Uztailaren 6an erori zen Primoz Roglic (Jumbo-Visma), Frantziako Tourreko bosgarren etapan. Erretiratu egin behar izan zuen, eta Tourra ahaztu eta Espainiako Vueltan jarri zuen denboraldiko helburua. Bazekien zaila izango zela hara iristea, baina buru-belarri aritu da lanean hilabete eta erdian. Atzo, lan horren fruituak jaso zituen esloveniarrak, eta, lehenengo aukeran, etapa irabaztea lortu. Askotan erori da Roglic, gehienetan Tourrean, baina han gaizki ateratzen zaion guztia ondo ateratzen zaio Vueltan. Aurretik gainerako faboritoekin zeukan aldea handitu ere egin du.

Tropela Gasteiztik abiatu zen, lehenengo atseden egunaren ostean. Lasterketa hasi eta berehala sortu zen eguneko ihesaldia, eta zazpi txirrindularik lortu zuten aurrera egitea. Euskaltelek Joan Bou sartu zuen ihesaldian, eta Ander Okamika (Burgos-BH) ere han izan zen. Tropelean, Borak eta batez ere Jumbo-Vismak hartu zuten aginte makila, eta erritmo bizia ezarri. Kontrolpean izan zuten une oro aurreko taldetxoa, eta hiru minutu inguruko tartea izan zuten gehienez.

Okamika izan zen atzean geratzen lehenengoa. Aldapa batean atzean geratu zen, eta tropelak harrapatu egin zuen. Aldapa horretan bertan, bi taldetan zatitu zen tropela, baina faborito guztiek aurreneko talde nagusian eutsi zioten. Bou ere atzean gelditu zen geroago, eta hiru txirrindulari bakarrik gelditu ziren aurrean: Aleksei Lutsenko (Astana), James Shaw (Education First) eta Alessandro De Marchi (Israel). Hala ere, Bouk mendiko maillota jantzi zuen, eta Guardiako podiumera igotzea lortu.

Quick-Step jarri zen buruan tropel nagusian, eta Remi Cavagnak astindu latza eman zion taldeari. Ezerezean utzi zuten hirukotearen saiakera, eta helmugarako bidea elkarrekin egin zuen tropelak. 22 kilometro gelditzen zirenean iritsi ziren Herrerara (7,3 km luze, eta %4,8ko pendiza). Lehenengo aldapara iritsi bezain pronto, Trek jarri zen aurrean, Mads Pedersenen mesedetan lan egiten, baina berehala ezarri zuten haien erritmoa Jumbo-Vismako ziklistek. Ziztu bizian igo zuten mendatea, eta Julian Alaphilippe (Quick-Step) bakarrik saiatu zen erritmoa aldatzen, azken aldapan. Hala ere, ez zuen biderik egin. Roglicek esprinta abiatu zuen aldapa horretan bertan, eta hiru segundoko gainsaria hartu zuen esloveniarrak.

Jaitsiera ere oso bizkorra izan zen, eta talde nagusia asko murriztu zen. Azkeneko 600 metroek goranzko joera zeukaten, eta hor hasi zen festa. Ederki bideratu zioten esprinta Pederseni, baina Roglicek atzean utzi zuen munduko txapeldun izandakoa, erritmoa aldatuta. Esloveniarrak irabazi zuen etapa, eta, lider jartzeaz gain, Vueltako gainerako faboritoekin zuen aldea handitu zituen.

Hamargarren etapa garaipena du Rogicek Espainiako Vueltan, eta hori lortzea «zorakeria hutsa» dela esan zuen helmugan. «Helburua maillot gorria janztea zen», gaineratu zuen. Orain arte, lau lider izan ditu Vueltak lau egunean, eta laurak Jumbo-Vismakoak.

Irundik (Gipuzkoa) abiatuko da gaurko etapa, eta Donostiatik pasatu ondoren, Bilbon izango du helmuga. Aste Nagusian murgilduta dago Bilbo, eta Espainiako Itzuliak ere festaren parte izan nahi du. Ibilbideari dagokionez, bost mendate igo beharko dituzte txirrindulariek. Lehenbizi, hirugarren mailako hiru mendate igoko dituzte, eta, ondoren, Ganguren bi aldiz (%4,6 eta %8). Ikusiko da zer estrategia erabiliko duten faboritoen taldeek, baina ibilbide aproposa da Roglicek daukan aldea murrizten saiatzeko.

Ikurrinak Gangurenen

Gangurendik bi aldiz igaroko da Espainiako Vuelta gaurko etapan, eta euskal zaleek deialdia egin dute errepide bazterretara ikurrina eta guzti joateko (14:15, Gangurengo aparkalekua). Ospe handia daukate euskal zaleek txirrindularitza munduan, eta mendiak kolorez beteko dituzte gaur ere, txirrindulariei adorea emateko.

Atzo gauetik hasi, eta ostegun arratsaldeko lehen ordura arte,murrizketa ugari izango dira Bilbon. Erdiguneko hainbat kale itxi egingo dituzte, eta garraio publikoa erabiltzeko deia egin du udalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.