Gerra Ukrainan

Galdeketen harira, Errusiari presioa handitzeko eskatu du Ukrainak

Kieven arabera, Errusiaren inbasioko «beste krimen bat» dira egindako bozketak. Donetsk, Luhansk, Zaporizhia eta Khersoneko lider errusiazaleek anexioak gauzatzeko galdegin diote Putini

Pertsona batzuk beren senideak agurtzen, atzo, Moskun, errekrutazio zentro batera sartu aurretik. ANATOLY MALTSEV / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Egin dituzte NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Mendebaldeak zilegitasunik ematen ez dizkien galdeketak Errusiak Ukrainan partzialki okupatutako eremuetan, eta bozketa horietan Errusiako Federazioarekin bat egitearen alde bozkatu dute, nabarmen. Orduan, lurralde horiek anexionatzeko pronto da Kremlin, 2014an Krimeako penintsularekin egin bezala. Errusiaren inbasioko «beste krimen bat» dira Donetsken, Luhansken, Zaporizhian eta Khersonen joan den ostiraletik herenegun arte egindako galdeketak, Kieven arabera. «Eskatzen diegu Europako Batasunari,NATOri eta G7koei nabarmen handitzeko Errusiarenganako presioa», azpimarratu zuen Ukrainako Atzerri Ministerioak atzo, ohar batean. Zigor gehiago nahi ditu, baita laguntza militar handiagoa ere gerran jarraitzeko.

Errusiak Ukrainako lurralde okupatuetan dituen liderrek Vladimir Putin Errusiako presidenteari atzo eskatu zioten anexioak gauzatzeko. Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublika errusiazaleetako buru Denis Puxilin eta Leonid Pasetxnik, hurrenez hurren, Moskura bidean ziren. Putin parlamentuko bi ganberetan mintzatzekoa da bihar, eta Kremlinek esan du prest dituela anexioak onartzeko«botere legegilea, exekutiboa eta juridikoa».

NBEk ez ditu emaitzak aitortuko, argudiatuta Ukrainan okupatutako lurraldeetan egindako galdeketak ezin direla hartu, erakundearen idazkariorde nagusi Rosemary DiCarloren esanetan, «herri borondatearen benetako adierazpen gisa», eta ezin direla legezkotzat jo nazioarteko zuzenbideari erreparatuta. NBEren Segurtasun Kontseiluak auziari buruzko ezohiko saio bat egin zuen herenegun New Yorken, eta DiCarlok esan zuen de facto-ko agintariak soldaduz lagunduta «atez ate» joan zirela hautetsontziekin. Errusiak segurtasun kontseiluan duen ordezkari Vasili Nebenziak adierazi zuen, ordea, bozketak «modu gardenean» egin dituztela.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ere parte hartu zuen saioan, bideokonferentzia bidez, eta azpimarratu zuen ez dela egongo «zer negoziatu» Errusiak lurralde horien anexioa formalizatzen duenean. Horrekin lotuta, AEBak ebazpen bat aurkeztekoak dira NBEren Segurtasun Kontseiluan, eskatuz kontseiluko kideei ez aitortzeko anexioak. Errusiak, kide iraunkor den neurrian, beto eskubidea du organo horretan.

Galdeketen hauteskunde batzordeak Interfax Errusiako berri agentziari emandako datuen arabera, Donetskeko bozkatzaileen %99k Errusiarekin bat egitearen alde bozkatu zuten; Luhansken, %98k; Zaporizhian, %93k; eta Khersonen, %87k. Parte hartzea %97koa eta %98koa izan da Donetsken eta Luhansken. Ez dute jakinarazi zenbatekoa izan den beste bi eskualdeetan.

Meloni, Ukrainari «leial»

Georgia Meloni FdI Italiako Anaiak alderdi ultraeskuindarraren buruzagiak atzo adierazi zuen,Twitterreko mezu batean, Ukrainari «leial» izango zaiola. Italiako bozetako garaileak, gobernua osatzeko ardura edukiko duen politikariak, Zelenskiri erantzun zion modu horretan. Ukrainako presidenteak mezu bat idatzi zuen sare sozial berean Meloni zorionduz, eta Italiako gobernu berriari «lankidetza» eskatuz. Bide batez, Mario Draghi Italiako lehen ministro ohia neofaxisten liderraren aholkularia izango da Europako Batasunarekin negoziatu beharreko auzietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.