Ukrainako zerealak esportatzeko ituna lau hilabetez luzatuko dute

Kievek gutxienez urtebetez luzatu nahi zuen. Errusiak nabarmendu du akordioa onartu duela NBEk konpromisoa hartu duelako haren laboreen eta ongarrien esportazioari trabak kentzeko

Aurtengo udazkenean aurrenekoz, elurra egin zuen atzo Kieven. ROMAN PILIPEY / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Moskuk eta Kievek atzo jakinarazi zuten ados jarri direla Ukrainako zerealak esportatzeko akordioa lau hilabetez luzatzeko. Horren bidez, jarraitu ahal izango dute, Ukrainako hiru portutatik abiatuta, Itsaso Beltzetik barrena laboreak esportatzen. NBE Nazio Batuen Erakundeak babestuta eta Turkiaren bitartekaritzarekin sinatu zuten ituna, uztailaren 22an, inbasioaren ondorioz zerealen irteerari ezarritako blokeoa kentzeko. Bihar amaitzen zen akordioa.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak berak Twitterren jakinarazi zuen ados jarri direla berriro, eta itunaren balioa aldarrikatu: «Ukrainak, Antonio Guterresekin batera [NBEko idazkari nagusia], ezinbesteko erabaki bat hartu zuen elikadura krisiaren aurkako borrokan». Inbasioaren lehen hilabeteetan, Errusiaren blokeoaren ondorioz aterabiderik ez zuten 22 milioi tona zereal pilatu ziren Ukrainako portuetan: artoa, garia eta beste. Labore horiek ez merkaturatzeak elikagai krisia handitu zuen, besteak beste.

Eta Guterresek berak akordioari eustea txalotu zuen, NBEren webgunean kaleratutako ohar baten bidez. «Diplomazia diskretuaren eta alde askotariko irtenbideen garrantzia erakusten du ekinbideak». Idazkari nagusiak nabarmendu zuen, bide batez, NBEk konpromisoa duela Errusiako elikagaien eta ongarrien esportazioari jarritako trabak kentzeko. Izan ere, aintzat hartu behar da hori blokeatuta dagoela; ez zuzenean inbasioaren harira Mendebaldeak Moskuri jarritako zigorrengatik, baizik eta horiek aseguruei, portuetarako sarrerei eta logistikoki ezinbestekoak diren alderdiei eragiten dietelako.

Hain zuzen, duela bi aste Kremlinek adierazi zuen konpromisoa hartuko zuela Ukrainako zerealak esportatzeko akordioa luzatzeko, baldin eta AEBek eta EBEuropako Batasunak trabak kentzen bazizkieten beren esportazioei. Halakorik ez da gertatu oraingoz, baina Kremlin prest agertu da Ukrainaren laboreei bide emateko akordioa luzatzeko. Dmitri Peskov Kremlineko buruak azpimarratu zuen, atzo, NBEk«bermeak» eman dizkiela atzera martxan jartzeko beren ongarriak, elikagaiak eta laboreak esportatzeko «prozesua».

Urri amaieran akordioa eten zuen Moskuk, argudiatuta Ukrainak bere itsasontzi militar batzuei eraso egin ziela Sebastopolen (Krimea). Egun batzuk geroago, berriz, Vladimir Putin Errusiako presidenteak bermeak eskatu zituen, frogatzeko Ukrainak ez duela «helburu militarrekin» erabiltzen.

Yuzhnitik, Txornomorsketik eta Odesatik ateratzen dira ontziak, eta, Oleksandr Kubrakov Ukrainako Azpiegitura ministroak atzo zehaztu zuenez, 11 bat milioi tona esportatu dituzte 38 herrialdetara —kantitate bera eman du Erdoganek—. «Kantitatea esanguratsua da, baina ez da nahikoa». Jakinarazi zuen, bide batez, Kievek gutxienez urtebetez luzatu nahi zuela akordioa, eta proposatu duela ontziak Mikolaiveko portutik ere abiatzea.

Turkiak begirale rola jokatzen du. Ituna koordinatzeko zentroak Istanbulen du egoitza, handik igarotzen baitira, Bosforoko itsasartetik, Ukrainara doazen ontziak eta handik ateratakoak. Zentroan zama ikuskatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.