Konstituzionala berritzeko legea onartu du Espainiako Kongresuak

Astelehenean bilduko da berriz Auzitegi Konstituzionala, PPren helegitea onartu ala ez erabakitzeko. Sedizioa kentzea eta diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua egokitzea ere onartu dute

Alderdi Popularreko diputatuek ez zuten bozketetan parte hartu atzo, protesta moduan. Ez ziren Kongresutik irten, ordea. KIKO HUESCA / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Diputatuen Kongresuak onartu egin zuen atzo Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko epaileak berritzeko eginkizunaren derrigortasuna arautzen duen legea. Gehiengo osoaren babesa lortu zuen lege proposamenak; besteak beste, PSOEk, UP Unidas Podemosek eta ERC Esquerra Republicanak eman zuten baiezko botoa.

Hala ere, legea bozkatu ahal izatea bera zalantzan izan zen. Izan ere, PP Alderdi Popularrak helegite bat aurkeztu zuen Konstituzionalean, erreformaren bozketa eteteko eskatzeko. Atzo, osoko bilkura egin zuen Auzitegi Konstituzionalak, eta helegitea «urgentziaz» onartu ala ez erabakitzekoak ziren. Hau da, erabaki behar zuten kongresuan lege proiektua bozkatzea baimentzea edo debekatzea. Hala ere, astelehenera atzeratu zuten bilera, eta, ondorioz, honako hauek bozkatu eta onartu zituzten: Konstituzionalaren berritzea desblokeatzeko legea, eta sedizio delitua ezabatzeko eta diru publikoaren erabilera bidegabearena egokitzeko lege proposamenak.

Dena den, erreformak oraindik ez dira indarrean sartuko. Batetik, Senatutik igaro behar dute, nahiz eta printzipioz gehiengoaren babesa eskuratuko luketen. Bestetik, ikusteko dago asteleheneko Konstituzionalaren bilerak zer emaitza emango duen.

Konstituzionaleko epaileak berritzeko eginkizunaren derrigortasuna argi eta garbi jasotzen du legeak, eta zigor penalak aurreikusten ditu betebehar hori urratzen dutenentzat. Bestalde, Auzitegi Konstituzionala berritzeko ardura duten bi organoetako batek epaile berriak proposatzea, CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak nahiz Espainiako Gobernuak,ez da arrazoi nahikoa izango beste aldeak proposatutakoen izendapena eragozteko. Hau da, CGPJk, berriki egin bezala, epaileak proposatzeari uko eginez gero, gobernuak bereak izendatzeko aukera izango du.

Gainera, CGPJk ez ditu bere kideen hiru bostenak ados jarri beharko bere bi izendapenak proposatzeko. Boto gehien biltzen dituzten hautagaiak izango dira organo judizial gorenak proposatuko dituenak. Asteartean da biltzekoa CGPJ, Konstituzionalerako bere bi izendapenak adosteko, magistratu kontserbadoreek eskatuta. Haien asmoa da erreforma indarrean sartu baino lehenerabakitzea izendapenak, kideen hiru bosten ados jartzeko beharrik egon ez dadin. Izan ere, kide kontserbadore eta progresisten arteko adostasun handirik gabe egingo dute bilera. Horrez gain, organo judizial goreneko gehiengo kontserbadorea bere kideen berritzea blokeatzen ere ari da. Duela lau urte berritu behar zen legez.

Auzitegi Konstituzionalaren bilera atzeratu izanaren arrazoia «aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzeko behar den denbora» da, auzitegiak azaldu zuenez. Aztertu behar dituzten gaietako bat da UPk aurkeztu dien helegitea. Koalizioaren arabera, Pedro Gonzalez-Trevijano Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak eta Antonio Narvaez magistratuak ez lukete parte hartu beharko erabakia hartzeko prozesuan, «interes pertsonalak dituztelako». Hain zuzen, auzitegiaren berritzea azkartzeko proposamena indarrean sartuz gero, bi kideek Konstituzionaletik alde egin beharko lukete, eta hori gertatuko ez balitz, karguei eutsiko liekete. Gainera, PPk proposatutako bi kide horien agintaldiak ekainean iraungi ziren.

Tentsio handiko bilkura izan zuten atzo Kongresuan. «Eskuin politiko eta judizialak bahituta dauzkate Botere Judiziala eta Konstituzionala», esan zuen Felipe Sicilia PSOEko diputatuak; Patxi Lopez PSOEk kongresuan duen eledunaren arabera, «demokraziaren aurkakoa» da PPren mugimendua. Popularrek ez zuten bozketetan parte hartu, protesta moduan, eta «gehiegikeria parlamentariotzat» jo zuten PSOEk proposatutako erreforma.

Zigor kodearen erreforma

Auzitegi Konstituzionala berritzeko neurriez gain, zigor kodearen erreforma ere onartu zuten atzo. Batetik, sedizio delitua ezabatuko dute, Kataluniako «gatazkaren desjudizializazioa» bultzatzeko, Generalitatearekin adostutakoaren ildotik. Bestetik, diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua ere moldatuko du kode berriak. Delitu horretan, zigorrak bereiziko dituzte, diru publikoarekin aberastu direnen eta irabazi asmorik gabe jokatu dutenen artean, 2015ean PPk zigor kodea erreformatu aurretik delituak zuen esanahi antzeko batera itzulita.

Espainiako Gobernuak zigor kodearen erreforman bultzatu dituen beste aldaketetako bat dakargudun publikoen ondasunei buruzkoa. PSOEk eta UPk proposatu dute aberaste bidegabearen delitua sortzea. Egun, kargudun publikoak derrigortuta daude beren ondarearen aitorpen publikoa egitera, baina legea indarrean sartzean, derrigorrez eman beharko dute ondarearen handitzearen eta zor barkatzeen berri, kargua utzi eta bost urtera arteko epean.

Kargudun publiko batek ardura publikoan izan denetik bost urtera bere ondarea 250.000 eurotik gora handitu badu, edo zorra kopuru horretatik gora murriztu badu, azaldu egin beharko du nola egin duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.